Eskualdeko premietara egokitutako ospitalea aurreikusten du planak: ospitalizazio medikurako 50 ohe eta beste 20 oheko ospitalizazio-unitate bat susperraldirako eta egonaldi ertainerako, Tolosaldeko beharrizanak gaindituz, Donostia ESIko ohe-mota horien beharrei ere irteera emateko, kirurgia txikia eta kirurgia handi anbulatorioa, 24 orduko larrialdi zerbitzua eta 18 espezialitate, ospitale berriko zerbitzu-zorrora txertatuz zerbitzu berriak: Osasun Mentala eta Tokoginekologia.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak atzo erregistratu zuen ofizialki Tolosako Udalean eskualdeko ospitale berrirako egindako Plan Funtzionala, Udalak proiektuan izandako parte-hartze aktiboa eta inplikazioa dela-eta. Eusko Legebiltzarrean ere erregistratu da dokumentua eta datozen egunetan aurkeztu eta azalduko da plana bere osotasunean Osasun Batzordean.
Azken urteotan, Tolosako Udalak ospitalearen proiektuaren inguruan eman den urrats bakoitzaren berri eman du:
Jaurlaritzak bere aldetik, gaur egun eskualdean eskaintzen diren zerbitzuen, espezialitate eta beharren inguruko azterketa egin du. Eta hortik abiatuta garatu du Tolosaldeko eskualdeko ospitale berrirako Plan Funtzionala, ospitale berriak eskualdeko egungo beharrei erantzun diezaion.
Ospitale berriaren ezaugarri nagusiak, Plan Funtzionalaren arabera
Eskualdeko ospitale berriak ospitalizazio medikurako eta kirurgia handi anbulatorioko 50 ohe izango ditu, hau da, kirurgia sinpleak, baita 20 oheko unitate bat ere egonaldi ertainerako eta susperraldirako, Tolosaldeko beharrak gaindituz, Donostia Ospitaleari babes eta laguntza emateko. Ospitale berrian egingo diren ebakuntza kirurgikoak, egun Asuncion klinikan egiten diren ebakuntza kirurgiko gehienak izango dira. Beraz, kirurgiagatiko ospitaleratzeak eta kirurgia konplexuak Donostian egingo dira, orain arte bezala.
Azpiegiturak honako zerbitzuak eskainiko ditu: 18 espezialitate, 24 orduko larrialdi zerbitzua, etxeko ospitalizazioa, errehabilitazioa eta fisioterapia, eta zenbait laguntza-zerbitzu.
Kanpo kontsultetako arreta espezializatua eta ondorengo espezialitate mediku eta kirurgikoetako Eguneko Ospitalea:
Kardiologia
Pneumologia
Dermatologia
Neurologia
Endokrinologia
Erreumatologia
Barne Medikuntza
Errehabilitazioa
Hematologia
Osasun Mentala
Tokoginekologia
Traumatologia
Oftalmologia
Otorrinolaringologia
Urologia
Kirurgia Orokorra
Anestesiologia (minaren arreta barne)
Digestio-aparatua
Kirurgia handi anbulatorioa
Errehabilitazioa y fisioterapia
Ospitalizazio medikua
Etxeko ospitalizazioa
24 orduko larrialdi zerbitzua
MIR irakaskuntza Familia Medikuntza
Laguntza zerbitzuak
Erradiodiagnostikoa erradiologia konbentzionalarekin, Ekografia, OTA eta EMN
Oinarrizko Laborategia. Farmazia.
Prebentzio Medikuntza.
Lan Osasuna.
Zerbitzu Orokorrak
Administrazioa eta Kudeaketa
Kudeaketa Sanitarioko Unitatea
Informatika Unitatea
Biltegia eta hornidurak
Elikadura eta sukaldea
Mantentzea
Ospitale berriak, halaber, jada Tolosaldean eskaintzen diren Osasun Mentala eta Tokoginekologia zerbitzuak ere hartuko ditu, -osasun mentala erakunde independente gisa eskaintzen da egun eta tokoginekologia Donostialdea ESIren menpe.
Ohe-kopuruari dagokionez, Asuntzionek 79 logela eta 132 ohe ditu guztira, baina guztiak ez dira hitzarmenaren baitakoak. Gaur egun Asuntzionen egiten diren ospitaleratze gehienak arlo medikuko ospitaleratzeei dagozkie. Ospitaleratzeko oheen erabileraren batez bestekoa urteko sasoiaren araberakoa da, baina gutxi gora behera 60 ohe ingurukoa izan ohi da. Horregatik, eskualdeko ospitale publiko berriak ospitalizazioko 50 ohe izango ditu, eta egonaldi ertainerako edota susperraldirako 20 ohe gehiago izango ditu. Plan Funtzionalak jasotzen duen Kirurgia Handi Anbulatorioaren atalean, Asuntzion Klinikan egiten diren ebakuntza kirurgiko gehienak jasotzen dira, eta ebakuntza konplexuak, orain arte bezala, Donostiako Unibertsitate Ospitalean egingo dira.
Bestalde, kirurgiarako eta endoskopietarako eguneko ospitale kirurgikoak bi endoskopia gela eta kirurgia handi anbulatoriorako bi ebakuntza-gela izango ditu. Era berean, kirurgia txikirako hirugarren ebakuntza-gela bat ere egongo da, klinikan urteko egiten diren bataz besteko 800 ebakuntzei erantzuteko.
Larrialdiei dagokienez, osasun zentroetan artatuko dira ohiko ordutegian eta gainerako orduetan Tolosaldeko ospitalean. Hau da, EAG ospitale berrira eramango da.