Eider Mendoza: “Gure ongizatea ziurtatzen duten ekonomia eta industria-politika sendoaren bermea ordezkatzen du EAJ-PNVk”

Eider Mendozak jeltzaleek industriaren alde egindako apustua aldarrikatu du, Arantxa Tapia, Rikardo Gatzagaetxebarria, Jon Azua, Eneko Goia eta Jabier Larrañagarekin egindako lan bileran, non bere programa ekonomikoaren lan ildoak aurreratu dituen

Eider Mendoza: “Gure ongizatea ziurtatzen duten ekonomia eta industria-politika sendoaren bermea ordezkatzen du EAJ-PNVk” 12Maiatzak
2023
2023 MaiatzaK 12 |
GBB
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusigaiak Gipuzkoako EAJ-PNVren programa ekonomikoaren lan ildoak ezagutzera eman ditu gaur, egungo ongizatea eta hurrengo belaunaldiena bermatuko duen ekonomia aurreratu eta industria indartsu baten abiapuntuarekin. “Gure alderdiak ekonomia bultzatzeko politiken berme instituzionala ordezkatzen du, gizarte osoarentzat etorkizun oparoa ziurtatuko duen politika industrial sendo batena. Bai bere ibilbideagatik, hamarkadetan zehar gure garapen ekonomiko eta soziala markatu duten erabakien protagonista izan delako. Eta baita ere, garai berri honen erronkei aurre egiteko beharrezkoak diren eskarmentua, sinesgarritasuna eta kudeaketa gaitasuna uztartzen dituelako”, nabarmendu du.

Mendozak ekonomiarekin zerikusia duten hainbat herri-ordezkarirekin egindako lan-topaketa batean egin ditu adierazpenok. Bertan izan dira Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapia, Ekonomia Sustapen eta Proiektu Estrategikoetako Gipuzkoako diputatu Jabier Larrañaga, Donostiako alkate Eneko Goia, Eusko Jaurlaritzako Industria eta Energia sailburu ohi eta aholkulari Jon Azua, eta Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantzetako sailburu ohi Rikardo Gatzagaetxebarria. “Kudeaketa publikoaren erreferente diren pertsonak dira, politika ekonomiko eta fiskalen ibilbide eredugarri bat ordezkatzen dutenak, eta horien gainean etorkizuna eraikitzen jarraitu nahi dugu. Besteak beste, haiei zor diegu gaur egun daukagun sendotasun ekonomikoa. Izan ere, duela hamarkada batzuk, beste batzuk beste zerbaitetan zeudenean eta mendebaldeko munduaren zati handi batean industria desegiten ari zen testuinguruan, sektore hori etorkizuneko klabe bihurtzeko apustu sendoa egin zuten”, azpimarratu du.

Hautagai jeltzaleak kontrajarri egin ditu EAJ-PNVren “ideia argiak” eta “uste sendoa”, ezker abertzalearen “alternatibarik ezaren aurrean”. “Ekonomia indartsu batean sendo sinesten dugu, aberastasuna eta gizarte orekatua sortzeko giltzarri gisa. Kalitatezko enplegua sortu, eta behar handiena duten pertsona eta kolektiboak babesteko behar diren politika publikoak bermatuko duena. Horren aurrean, ezker abertzale bat dugu, kontraesanetan kateatua, gure errealitate ekonomikoaren irudi estereotipatua duena, eta oraindik ere enpresa-mundua errezeloz eta mesfidantzaz ikusten duena, eta ez aktibo kolektibo bat bezala. Horrek sinesgarritasunik eta proiekturik eza dakar. Orain hasi dira enpresaz hitz egiten, eta egin duten lehenengo gauza enpresa-ehuna deslegitimatzea izan da. Hori oso negatiboa da gurea bezalako lurralde txiki batean, lankidetza behar-beharrezkoa dugulako, hain zuzen ere”, sakondu du.

Gaineratu duenez, ekonomia lehiakor eta berritzaile batek ezaugarri horiek dituzten enpresak, pertsonak eta erakundeak behar ditu. “Gipuzkoan eta Euskadin eredu propioa dugu, ondo egindako lana eta ekonomia konpromiso partekatu gisa ikustea bezalako balioetan oinarritua. Banakako ahalegina, lanerako eta lankidetzarako gaitasuna eta enpresa-proiektuarekiko inplikazioa baloratzen dituen gizartea gara. Langileen garapen profesional eta pertsonalaren, parte-hartzearen, sustraitzearen eta lurraldearekiko konpromisoaren aldeko apustua egiten duen enpresa-eredua dugu, epe luzerako ikuspegiarekin eta etekinak proiektuan berrinbertitzeko kulturarekin. Eta erakunde hurbilak ditugu, etorkizuneko ikuspegia dutenak, aurrea hartzeko eta apustu estrategiko garrantzitsuak egiteko proaktiboak direnak, lurraldearen eta eta gure herriaren mesedetan”, zerrendatu du.

Hautagai jeltzaleak berretsi du horiek direla “egungo ziurgabetasun garaiei aurre egiteko landu behar ditugun indarguneak. Ezin gara lokartu, ezta konformismoan erori ere. Guztion lan gogor eta ondo egindakoak ahalbidetu digu oinarri sendoak eraikitzea, eta behar-beharrezkoa da gizarte gisa izaera horri eustea”.

Eraldaketa handietan bidelagun

Ekonomiari esparruan, jeltzaleen programak 100 neurri baino gehiago ditu eta 5 jarduera-ardatzen inguruan egituratzen dira. Programa hori hainbat eragile sektorialekin egindako kontraste zuzenaren eta azken bi legealditan Aldundian metatutako erakunde-ezagutzaren emaitza da. Helburu nagusia hauxe da: “Ekonomia sendo eta lehiakor bat eraikitzea, familien ekonomia babestu eta kalitatezko enpleguaren sorreran eragiteko. Gipuzkoako enpresen lehiakortasuna indartzea, etorkizuneko sektore industrialak garatzeko, ekonomia sareak beharrezko dituen eraldaketak laguntzeko eta lurraldean ekonomiaren aldeko baldintza egokiak sortzeko: fiskalitatea, azpiegiturak, berrikuntza, finantziazioa, talentua eta partaidetza, besteak beste”.

Mendozak gogorarazi duenez, gure enpresak, gehienak txikiak edo ertainak, eraldaketa hirukoitz batean murgilduta daude -teknologikoa/digitala, demografikoa eta ekologikoa-, eta horrek erronkak dakartza sektore ekonomiko guztietan, industrian oro har eta mugikortasunean bereziki, hala nola enpleguaren egituran, langile faltan edo errelebo beharrean. Hori dela eta, “epe laburrera zein luzera begira” lanean jarraitzeko konpromisoa hartu du. “Lehenengo kasuan, zailtasunak dituzten pertsonei eta sektoreei lagunduz, pandemian eta ondorengo krisian egin genuen bezala. Gehien kaltetutako pertsonak eta sektoreak, familiak eta autonomoak babesteko gure eskumen guztiak – fiskala, laguntza ekonomikoak – zukutuz. Eta Elkar-EKIN, bazterkeria arriskuan edo egoeran dauden pertsonei laguntzeko ibilbide-orria indartuz”.

Epe luzeari dagokionez, “etorkizuneko ekonomiaren oinarriak” ezartzen jarraitzeko xedea nabarmendu du. “Ildo horretan, azken bi legealdiak mugarri izan dira Gipuzkoan, ekonomia sustatzeko politikak eraldatu egin baititugu Etorkizuna Eraikiz-en eskutik. Funtsezko esparruetan gure lehiakortasuna indartzen ari diren proiektuak hedatu ditugu, ehun ekonomikoarekin, unibertsitateekin eta ikerketa eta garapen arloko eragileekin lankidetzan: mugikortasuna, zibersegurtasuna, teknologia kuantikoak, adinekoei lotutako ekonomia, biozientziak, eraldaketa digitala…”. Bere ustez, hurrengo legealdia “erabakigarria” izango da ibilbide orri hori sendotzeko: "Jokoan dago erreferentziazko zentroei eta proiektu estrategikoei bultzada ematea, EAJ-PNVren lidergoarekin, edo apustu horiek mantsotu edo geldiarazteko arriskua hartzea. Azken hori oso kaltegarria izango litzateke Gipuzkoaren aurrerabideari begira".

Hautagai jeltzaleak baikortasun mezua helarazi du bere agerraldia amaitzeko. “Desindustrializazioaz hitz egiten duten eta errealitatearen irudi negatiboa aurkezten saiatzen diren alderdi politikoen derrotismoaren aurrean, errealitateak erakusten du gure ehun ekonomikoa konplexutasun eta ziurgabetasun handiko egoera bat saihesten jakiten ari dela. Izan ere, hiru urtean, jarraian iritsi zaizkigu aurrekaririk gabeko pandemia bat, hornidura-krisi bat, Europako lehen gerra hamarkadatan, eta inflazioaren eta interes-tasen igoera, besteak beste”. “Hala eta guztiz ere, eta zuhurtzia galdu gabe, enpleguari buruzko datuak onenak dira 2008ko krisiaz geroztik, afiliazioa zifra errekorretan dago, eta salmentak erregistro bikainak markatzen ari dira. Gure konpromisoa – amaitu du – onena ematen jarraitzea da, pertsona guztiei beren bizi-proiektua ahalik eta baldintza egokienetan garatzeko aukera emango dien ekonomia bat ehuntzeko”.

Interesatu Zaitez