Belaunaldi berri baten bultzadaz, Ordiziak aurrera egiteko hautagaitza sendoa aurkeztu du EAJ-PNVk

“Gertutasuna, lana eta norabide argi bat” eskaini die Joseba Aranburu Ganzarain hautagaiak ordiziarrei, azken lau urte hauetan “geldirik egon diren eta herritarren ongizaterako ezinbestekoak” diren proiektuak gauzatzeko.

Belaunaldi berri baten bultzadaz, Ordiziak aurrera egiteko hautagaitza sendoa aurkeztu du EAJ-PNVk 10Maiatzak
2023
2023 MaiatzaK 10 |
ORDIZIA

PARTEKATU

Ordiziako EAJ-PNVk datozen maiatzaren 28ko udal hauteskundeetarako hautagaitza sendoa aurkeztu du, azken urteotan udalgintzan aritu diren kideak eta aurpegi berriak uztartzen dituna. Joseba Aranburu Ganzarain izango da alkate izateko hautagaia eta azken honek “gertutasuna, lana eta norabide argi bat” eskaini die herritarrei, Gipuzkoako diputatu nagusi izateko hautagai Eider Mendoza Larrañagarekin batera egindako ekitaldi batean.

“Ordizia herri dinamikoa da, parte hartzailea, harro gaude gure herriaz. Baina azken lau urteotan, udal gobernuak ez du jakin bizitasun horri bidea ematen, kudeaketa makala egin du eta herritarren ongizaterako proiektu garrantzitsu asko geldirik egon dira. Horregatik, Ordiziari bultzada berri bat eman nahi diogu, herriko ekonomia piztu eta pertsona guztiak zaindu, guztiok batera aurrera egiteko”, nabarmendu du Aranburu, Nikolas Lekuona plazan egindako aurkezpen ekitaldian.

Alkategaiak gogoratu duenez, “EAJ-PNVk alkatetza izan duen guztietan, Ordiziak eta ordiziarren ongizateak aurrera egin du”, herritarren bizitzan eta egunerokoan “eragin positiboa eta nabarmena” duten hainbat eta hainbat proiektu eta egitasmo gauzatzeko gaitasuna izan dutelako. “Orain, belaunaldi berri baten bultzadarekin, herritarrekin eta gainontzeko euskal erakundeekin elkarlan betean aritu nahi dugu buru-belarri”.

EAJ-PNVren alkategatiak gaineratu du azken lau urteotan, gobernu ardurarik izan gabe ere, Ordiziaren “alde lanean buru-belarri” aritu direla, jarrera eraikitzaile batekin, “herritarren beharretatik gertu, etengabe ordiziarrei entzunez”. Herrian gauzatu diren proiektu gutxien artean, denak aurreko legealdian abiatuta zirela gogorarazi du –anbulategia handitzea, geltokiaren berritzea eta azpiko pasabidea eta eguneko zentroa, esate baterako– eta, orain, Ordiziarako “ezinbestekoak” diren proiektuak gauzatzeko garaia dela esan du: hala nola, zaharren egoitza berria, Altamirako igogailua, Plan Orokorra eta Floreagako alokairu sozialeko etxebizitzak.

Amaitzeko, “bihotz-bihotzez eskerrak” eman dizkie berekin batera EAJ-PNVren zerrenda osatzen duten herritarrei. Ordizia elkarlanean eraikitzeko konpromisoari heldu eta ordizarrentzat lan egiteko erakutsi duten jarreragatik.

Eider Mendoza Larrañaga, diputatu nagusi izateko hautagaiak, datorren maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeen garrantzia azpimarratu du. Eider Mendozak adierazi du “aurrera egiten duen Gipuzkoaren alde lan egingo duela, gaur eta bihar herritar guztiei kalitatezko enplegua, babes soziala eta bizi-proiektu orekatua eskainiko diena”. Aurreratu duenez, lehentasunak ekonomian eta babes sozialean daude, baina “nahi gabeko bakardadea edota buru osasuna bezalako” errealitate sozialei ere arreta eskainiko dizkie.

Horrela, ekonomia indartsu, berritzaile eta lehiakor bat garatzearen alde lan egingo duela azaldu du, kalitatezko enplegua sortuko duena eta familien ekonomia babestuko duena. Era berean, gaurko eta biharko babes soziala herritar guztiei bermatuko diela defendatu du, pertsona erdigunean jarrita, modu berritzaile batean eta komunitatearen parte-hartzearekin.

Era berean, gogorarazi du EAJ-PNVk Gipuzkoarentzat proiektu indartsua duela, eta alderdiaren beraren ibilbideak horren fede ona ematen duela. “Eredu propioa dugu, Gipuzkoa kontinente osoko lurralde aurreratuenen eta desberdinkeria maila txikienen artean kokatzera eraman gaituena. Emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan urrats ausartak emateko gai den lurraldea da gurea, eta lankidetza du tresna nagusia”, nabarmendu du.

Ordiziako EAJ-PNVren hautagaitza:

Joseba Aranburu Ganzarain

Gregorio Iruretagoiena Etxaniz

Agurtzane Antoñana Arizmendi

Leire Bideguren Pujana

Xabier Crespo Ibarrolaburu

Arantxa Arocena Gomez

Carlos Castaño Arias

Juanbi Erauskin Garmendia

Miren Auzmendi Urkiola

Jose Ignacio Iturrioz Gotor

Arantxa Garin Garmendia

Julen Bereciartua Estensoro

Ainhoa Aramendi Samaniego

Maite Arrese Imaz

Jon Txurruka Etxezarreta

Maria Angeles Iturrioz Aldanondo

Miguel Fajardo Ruiz

Mari Carmen Lopez Iruretagoiena

Gregorio Aranburu Oyarzabal

Josemi Santamaria Eceiza

Interesatu Zaitez