Elgetak aurrera egiteko eta dagoen geldialditik ateratzeko taldea aurkeztu du EAJ-PNVk

Iker Laka zerrendaburuarekin batera, herrigintzan, udalgintzan eta Aldundian esperientzia handia duten pertsonek osatzen dute hautagaitza

Elgetak aurrera egiteko eta dagoen geldialditik ateratzeko taldea aurkeztu du EAJ-PNVk 10Maiatzak
2023
2023 MaiatzaK 10 |
ELGETA

PARTEKATU

Datorren maiatzaren 28ko udal hauteskundeetarako Elgetako zerrenda aurkeztu du EAJ-PNVk, Elgetak aurrera egiteko eta dagoen geldialditik ateratzeko helburu garbiarekin. Iker Laka izango da jeltzaleen Elgetako alkategaia. 28 urte ditu eta gaztea bada ere, ondo baino hobeto ezagutzen ditu erakunde arteko harremanak eta lurraldeko herri txikien errealitatea. Baita gazteriak egun dituen beharrizanak ere. Politologoa da ikasketaz eta masterra dauka Gobernantzan. Horrez gain, bost urte daramatza Gipuzkoako Foru Aldundian aholkulari; lehenengo Gobernantza Departamentuan, eta Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Ingurunekoan ondoren.

Lakaz gain, zinegotzi aritu diren pertsonek, bi alkate ohiek eta Aldundiaren gobernantzan esperientzia duen jendeak osatzen dute zerrenda jeltzalea. “Elgetak merezi duen luxuzko hautagaitza. Anitza genero, adin eta profil aldetik, ondo prestatua, herria ondo ezagutzen duena, abertzalea eta euskalduna”, dio Lakak:

  1. Mikel Larrea (Antzuolako Udalean teknikaria eta bertako alkate ohia)
  2. Josu Leturia (langilea)
  3. Idoia Ubera (HABEko irakaslea)
  4. Ana Gillegi (gizarte langilea)
  5. Beñat Laskurain (unibertsitateko ikaslea)
  6. Aintzane Oiarbide (filologoa eta Bide Azpiegituretako foru diputatua)
  7. Maria Jesus Lete (Elgetako zinegotzi ohia eta boluntarioa gizarte laguntza talde desberdinetan)
  8. Patxi Basauri (Elgetako alkate ohia)

EAJ-PNVren Elgetako hautagaitzak bi helburu nagusi ditu: batetik, ikuspegi estrategikoa landuz Elgeta azken urteotako geldialditik ateratzea. “Hau da, egunerokotasunaz haratago, epe ertain eta luzean begirada jarriko duen kudeaketa eredua gauzatzea, etorkizunerako nahi dugun Elgeta modu partekatuan marraztea ahalbidetuko diguna. Aspalditik diogun moduan, Udalak ezin du urtez urte agindutakoa ez bete eta mantentze-enpresa bat izatera mugatu. Etorkizuneko proiektua eta ilusioa behar ditu herriak”, baieztatu du Lakak. Bestetik, elkarlanean oinarritutako gobernantza eredu ireki, zintzo eta eraikitzailea jorratu nahi dute jeltzaleek: “Gainerako alderdiekin batera, herriko eragile sozial eta ekonomikoen eskutik eta herritarren ekarpenak aintzat hartuta egingo dugu. Aldebakartasuna eta sektarismoak atzaen laga behar dira, eta guztiontzako gobernatu”.

Aurrekoarekin lotuta, ekonomia sustapena eta gizarte babesa izango dira hautagaitzaren ardatz. Jeltzaleen ustetan, Udalak ia ez du harremanik Elgetako enpresekin: “Patxi Basauri alkateak Pagatzako industrialdea sortu zuen garaitik, ez da ezelako ekimenik egon udal gobernuen aldetik. Horren adibide da pandemia bat pasa dugula eta oraindik ez dakigula enpresek zelan bizi zuten garai hura eta zelan atera diren”. Egoera hori “ulertezina” da Lakaren berbetan, izan ere, “industriak sortzen ditu aberastasuna eta kalitatezko enpleguak nagusiki, zerbitzu hobeak eskaini ahal izateko eta biztanleria finkatzeko funtsezkoa dena”.

Gizarte arloari dagokionez, pertsona guztiak hartuko dituztela kontuan dio eta, bereziki, behar gehien dituztenak: adinekoak eta gazteak. Zentzu horretan Aldundiarekin eta Jaurlaritzarekin batera gizarte zerbitzuak indartu, hirugarren adin aktiborako zerbitzuak martxan jarri eta herriko hirigintza atseginagoa egingo dute: “San Roke kalean adibidez, ezin da gurpildun aulkiarekin eta makuluekin segurtasunez ibili. Behar den moduan konponduko dugu”. Gazteriaren kasuan, bestalde, “gero eta nabariagoa da gazteak Elgetatik kanpo doazela, eta horrek epe ertainean udalerria husteko arriskua dakar. Nire adinekoek, neure burua barne, gure beharretara egokitutako etxebizitza eza jasaten ari gara. Gazteekin lan egingo dut herrian dituzten beharrak aztertzeko eta Elgeta leku erakargarriagoa egiteko. Gazteek Elgetan bizi eta lan egin dezaten. Nire konpromisoa da”, gaineratu du zerrendaburuak.

Herria Debagoiena eta Gipuzkoa osoan erreferentziazko udalerria izateko gogotik lan egingo duela azaldu du, izan ere, “Elgetak badu potentzialtasuna kulturan, energia berriztagarrietan edo industria arloetan puntakoa izateko. Asko dago egiteko, baina ilusioz beteriko taldea gara eta lan egitera ohituta gaude”, amaitu du hautagai gazteak.

Interesatu Zaitez