Ramiro Gonzálezek eta Beatriz Artozabalek Araba eta Gasteiz etorkizunera proiektatzeko bakoitzaren hauteskunde-programaren edukia azaldu dute, Jose Antonio Suso ABBko presidentearekin batera
Jose Antonio Suso ABBko presidenteak adierazi duenez, EAJ-PNVren helburua da “pertsona guztientzako hiria eta lurraldea izatea, aberastasuna eta kalitatezko enpleguak sortuko dituen ekonomia berritzaile batekin. Giza garapena eta garapen ekonomikoa. EAJ-PNV eredua”. Horrela mintzatu da Arabako jeltzaleen presidentea datorren legegintzaldirako Arabako hiribururako eta lurralderako ekimen-proposamenen aurkezpenean.
Maiatzaren 28ko hauteskundeetarako kanpainaren hasierako astean, EAJ-PNVren Arabako presidenteak Ramiro González eta Beatriz Artolazabal lagundu ditu EAJ-PNVk Gasteiz eta Araba ilusioz eta aukeraz beteriko etorkizun baterantz gidatu nahi dituen konpromiso, proiektu eta ekintzen aurkezpenean.
Jose Antonio Susok Lurraldean eta Gasteizen orain arte EAJ-PNVko taldeek erakunde nagusien buru bezala egindako lana goraipatu du. “Gobernu bezala 8 urte jarraian izan dira, eta Arabak eta Gasteizek aurrera egin dute, ezohiko pandemiak eta nazioarteko egoerak ekarritako ondorengo krisi ekonomikoak eragindako zailtasunei aurre eginez. EAJ-PNV bermea da. Eta espero dut gizarteak hori hautestontzietan ikustea”, esan du.
Ramiro Gonzalez diputatu nagusi izateko berrautaketarako hautagaiak hauteskunde programaren aurkezpenean azaldu duenez, EAJ-PNVren Arabarako proiektuak etorkizuna errotuko duten “erronka eta eraldaketa berriei” erantzuten die. Ildo horretan, “5 helburu, 50 konpromiso eta 370 ekintza zehazten dituen gobernu-ekintzaren ardatz nagusiak zehaztu ditu, Araba bizi-maila handia eta guztiontzako aukerak dituen Lurraldea izan dadin. Pertsonen bizitza hobetu eta kalitatezko enplegu gehiago sortu nahi dugu. Ekonomia bultzatzen jarraitu nahi dugu, benetako berdintasuna, gure adinekoen zaintza eta gazteei ematen zaien laguntza bultzatzen jarraitu; gure ingurumena babesten jarraitu; euskara eta gure kultura babesten jarraitu, gure herriak hobetuz beren ongizatea bermatzeko”.
Horretarako, hautagai jeltzaleak proiektuan jasotako jarduera-proposamenetako batzuk aurreratu ditu: “Egoitza-plaza gehiago ituntzea eta Salburuan adinekoentzako 120 plazako zaintzeko zentro berria martxan jartzea; hondakinen kudeaketa eta tratamendua optimizatzeko azpiegitura berriak eraikitzea; autobus-linea berriak martxan jartzea, bai bide-azpiegiturak bai konexio digitalak hobetuz, edo ekimenak sortzea, teknologian oinarrituz nekazaritza- eta abeltzaintza-ekoizpena hobetzen laguntzeko”.
“Hau da gobernatzen jarraitzeko, Lurraldea gidatzen jarraitzeko eta gehiengo zabalagoarekin eta babes handiagoarekin egiteko asmoa duenaren konpromisoa. Izan ere, eraldaketa-une honetan, Arabak inoiz baino gehiago behar du gobernu indartsu bat, eta gobernu hori Araban EAJk baino ezin du gidatu. Ez dago beste alderdi politikorik gehiengo argia lortzeko moduan dagoenik Arabari ziurgabetasun uneotan baina batez ere aukerak dauden uneotan aurrera egiteko aukera emango dionik”.
Amaitzeko, Ramiro Gonzálezek bere gobernuaren lau urte hauetako lana aldarrikatu du; izan ere, “Arabaren etorkizunerako oso garrantzitsuak diren proiektu eta inbertsioak lortu ditugu, ekonomia berritzaileago eta dibertsifikatuago baterantz aurrerapauso kualitatiboa izango direnak. Eta horrek esan nahi du enplegu gehiago eta bizi-kalitate handiagoa”.
Gasteizko alkategai Beatriz Artolazabalek bere hauteskunde-programa osatzeko egindako entzuketa eta parte-hartze ariketa goraipatu du, eta baieztatu du ariketa programa horrek jasotzen dituen proiektu eta ekintzekin Gasteizek arrakastaz aurre egingo diela etorkizuneko erronkei. “Programa honek gure bidea markatuko du helmugara iritsi arte, eta gure helmuga pertsonak dira. Beren bizi-kalitatea hobetzea, auzoak, enpresak, dendak eta zerbitzu publikoak hobetzea. Dekalogo hau entzutearen emaitza da, ekarpen askoren batasunetik sortua. Partekatua eta pertsonengan eta auzoetan inspiratua”. Horrela, bere ekintza politikoaren zutabeak duintasunaren, giza eskubideen defentsaren, berdintasunaren, justiziaren edo kohesioaren balioetan kokatu ditu, eta ziurtatu du “soilik hemen bizi garen pertsona guztiok egiten badugu egingo dugula aurrera. Bazterketarik eta desberdintasunik gabe”. Hiru erakunde-mailetan izandako esperientzia dela eta, Artolazabalek politika pertsonen bizitza aldatzeko eta gure ongizate- eta aurrerapen-mailak indartzeko tresna gisa ulertzen du.
Gasteizentzat prestatutako programak 300 ekintza inguru eta 10 proiektu biltzen ditu, hiru printzipiotan oinarritzen direnak: ekonomia berritzailea, zerbitzu publiko onak eta hiri-harrotasuna. “Asmo handiko baina gauzagarriak diren konpromiso hauekin, Arabako hiriburua arlo sozialean eta arlo ekonomikoan sendotuko da”, adierazi du. Hona hemen 10 proiektu estrategikoen xehetasunak:
1. Industriaren hiriburu berdea: hiri honetako industria motorra. “Dagoeneko ditugun inbertsioak sendotuko ditugu, energiarekin, digitalizazioarekin edo biozientziekin lotutako nitxo berriak bultzatuko ditugu, eta eskariari erantzungo dion industria-lurzoruaren eskaintza bermatuko dugu”.
2. Gasteiz Araba Talent: talentua atxikitzeko eta erakartzeko zerbitzua. Enpresek eta gazteek gure hiria aukera-gune gisa ikus dezaten.
3. Gamarra eta Betoño, berrikuntza-poloa. Industria-parkeak berpiztuko ditugu, erabilera berriak emateko.
4. Barrurantz haztea. 25.000 etxebizitza Hiri Antolamenduko Plan berriari esker. “Dagoeneko ditugun lurrak bete behar ditugu, birdentsifikatu eta beharrezkoak ez diren lurrak ez okupatu”.
5. Arintasuna, zorroztasuna eta kudeaketan hurbiltasuna. Administrazioa modernizatzeko, herritarrekiko harremanak hobetzeko eta burokrazia murrizteko urrats gehiago ematea.
6. Auzoen Plana. 125 milioi auzoak biziberritzeko eta haien mantentzea bermatzeko. Auzoek merezi duten lekua izango dute eta horretarako auzo-zinegotzi berri bat sortuko da. “Auzoetako alkatea izango naiz”.
7. 2024-2029 Mugikortasun Plana. Tranbia Zabalganara zabaltzea, Tuvisa berritzea eta elektrifikatzea, bidegorrien sarea hobetzea, oinezkoen segurtasuna eta trafikoaren arintasuna hobetzea.
8. Eraztun urdina. “Ilusioa pizten digun proiektu handi bat da, hiritarrak ilusioz betetzea nahi duguna. Zadorrari begiratu behar diogu, hirian integratu eta aisialdirako, kulturarako, kirolerako eta gastronomiarako aprobetxatu behar dugu. Gure altxor berdea badaukagu eta orain gure altxor urdina nahi dugu”.
9. Bizirik dagoen hirigunea. Erdi Aroko hirigunea eta Zabalgunea berritzea. Kaleetako bizia berreskuratu behar da; ekipamendu onekin, kale erakargarriekin, saltokiekin... Zentro erakargarria egoiliarrentzat eta bisitarientzat.
10. Gasteiz, zero KM. KMO produktuen salmenta eta kontsumoa bultzatzen duten saltoki, merkatu, jatetxe edo hotel guztiak bereizteko zigilu berri bat plazaratzea. Produktu osasungarriak, ekologikoak eta iraunkorrak. “Gure nekazarien eta abeltzainen aldeko apustua da. Lurraren, ekonomiaren eta produktu horien balio erantsiaren aldeko apustua.
Gasteiz etorkizunera proiektatuko duen programa dela aipatu du bukatzeko. Entzutea eta erakundeen arteko lankidetza izango dira bere lan-formulak. “Elkarrekin indartsuagoak gara, eraldaketak lortzen ditugu, inbertsio indartsuak. Elkarrekin, norabide berean arraun egiten dugulako. Proiektu bera partekatzen dugu: gure herria, Euskadi, gure lurraldea, Araba eta gure hiria, Gasteiz. Proiektuak ditugu eta ideiak ditugu. Eta ilusioz beteriko hautagaitza dugu, lanerako gaitasun handia duena”.