Ion Gambra alkategaiak proiektu hau lehenbailehen egikaritzeko beharra azpimarratu du eta horretarako erakundeen arteko elkarlana balioan jarri du.
Mutrikuko Mijoa industrialde inguruan izan dira gaur Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen sailburua, Antonio Aiz URA agentziako zuzendaria, eta Ion Gambra EAJ-PNV Mutrikuko alkategaia. Tapiak eta Aizek bertatik bertara ezagutu dituzte alderdi jeltzaleak proposatutako bi apustuak: Mijoako errekaren saneamendua eta Mutriku eta Saturrarango hondartza lotuko dituen bidegorria.
Ion Gambra alkategaiak erakundeen arteko elkarlana balioan jarri du, eta Mijoako proiektua lehenbailehen egikaritzeko beharra azpimarratu du: “Mijoako saneamendua eta bidegorria bideratzea izango da Mutrikuko alderdi jeltzalearen lehentasuna legealdi berrian. Proiektu oso konplexua da, erakunde eta eragile ezberdinen koordinazioa eta inplikazioa eskatzen duena eta ahalegin guztiak egingo ditugu legealdi honetan adostasunak lortu eta bideratzeko”.
Hala, zerrendaburuak azaldu du denon ardura dela Mutriku berdeago eta iraunkorrago baten aldeko pausuak ematea: “Mijoako erreka bere onera itzultzeko pausuak eman behar ditugu, horrekin batera etorriko delako Saturrarango hondartzako uraren kalitatea hobetzea ere. Gure ondare naturalaren zaintza ezinbestekoa da herri bezala eta gizarte bezala aurrera egin nahi badugu. Inguru osasungarriak eta iraunkorrak bideratzeko urratsak eman behar ditugu, eta Mutrikurentzat bi proiektu hauek lehentasuna dute”.
Bidegorriari dagokionean, Ion Gambrak azaldu du honen helburu nagusia Mutriku eta Saturraran hondartza elkartzea dela: “bizikleta bideen presentzia indartu behar dugu. Bidegorri honi esker, kontserbetako langileak oinez joan ahal izango dira lanera segurtasun osoz, eta hondartzara gerturatu nahi duten herritar, gazte eta familiek bide eroso eta segurua izango dute joan-etorria bizikletaz egiteko. EAJ-PNVren apustua argia da, hartzen diren erabakiek mugikortasun jasangarriago batera eraman behar gaituzte, eta honek ahalbidetuko du herri eta ingurune osasuntsuago batean bizitzea, kutsadura gutxiagorekin”.
Bestalde, Arantxa Tapiak azaldu duenez, Mutrikun, Aztirekin batera, Mijoa auzo osoko saneamendu-sarearen proiektua aztertu dute eta horrekin batera, bestek beste, kontserba-enpresak dauden industria-gunea: “orain zuzenean itsasora doazen isurketa horiek araztegira eraman behar dira, eta hori Gipuzkoako Ur Kontsortzioaren batera egin behar dugu. Alde horretatik, araztegia birmoldatzeko proiektuaren laguntza teknikoa kontratatzeko plegu bat idatzita daukagu, baina Partzuergoaren txostenaren zain gaude, lizitaziora ateratzeko”.