Gasteizko alkategai Beatriz Artolazabalek proposatu ditu "klima babesleku”, iturri eta pergola gehiago", klima aldaketaren ondorioak arintzeko, bereziki, pertsona ahulenei dagokienez
“Denok jakin behar dugu klima-aldaketak eremu guztietan izango duela eragina. Eta arlo guztietan egokitu egin behar dugu, konponbide egokiak bilatuz”. Horixe da gaur goizean, Salburua ekialdeko parkean, Gasteizko alkategaiak zabaldu duen mezua. Beatriz Artolazabalek konpromisoa hartu du tenperatura altuen ondorioz osasunaren gaineko eragina murrizten duten ekimen guztiak ezartzen jarraitzeko.
Artolazabalek aitortu du beroaren etorrerak hiriei eragiten diela bereziki, “asfaltoa, berogailuak, autoak edo fabrikak bero-uharteak osatzen dituzten elementu bihurtzen baitira. Horregatik, administrazioek hiri-inguruneak egokitu behar dituzte klimatologian aldaketa sakonak izango dituen etorkizunera”. Hautagai jeltzaleak Gasteizek duen hiri berdea baloratu du: 115.000 zuhaitz, 42 metro karratu berdegune pertsonako eta birika berdeak (Zabalgana, Salburua, Atxa, Arriaga eta Florida). “2012ko Europako Hiriburu Berdea sariak, 2016tik Turismo Helmuga Jasangarria izateak eta NBEk 2019an munduko hiri berde izendatzeak nazioartean ingurumenarekiko konpromiso handiena duen hirietako bat dela” adierazi du. Hala eta guztiz ere, ohartarazi duenez, badakigu gero eta ahulagoak garela bero handiarekiko. Hemen eta mundu osoan. Eta hurbilen ditugun administrazioei egokituko litzaiguke beharrezko bitartekoak jartzea herritarrengan eta, bereziki, pertsona kalteberenengan (adinekoengan eta haurrengan) dituen ondorioak arintzeko.
Arabako hiriburuko Udalerako hautagaiak beroari aurre egiteko hauteskunde-programan eramango dituen proposamenak zehaztu ditu. Proposamen horien artean honako hauek nabarmendu ditu: beroaren aurkako babes klimatikoen sarea handitzea (gaur egun 449 daude); ibilbide itzaltsuak egitea, aldapa txikikoak eta irisgarriak, berotasun handieneko orduetatik babesteko instalazio horietara iristeko; plan bat idaztea, hiriko auzo bakoitzean pergolak eta estalitako eremuak egon daitezen; iturri publiko gehiago, iturri baten eta etxebizitza baten artean 200 metro baino gutxiagoko distantziara; ur zapalgarriko guneak eta hiriko parke nagusietan freskatzeko zurrustak dituztenak; edo App bat eta gomendio-gida bat sortzea, muturreko beroaren ondorioak arintzeko informazio baliagarri guztiarekin.