Eric Galvez alkategaiak nabarmendu du Legazpik zutabe sendoak dituela azken bi legegintzaldietan egindako lanari esker, eta datozen erronkei berme osoz aurre egiteko potentziala ikusten du
EAJ-PNVk Legazpiko Udalerako hautagaitza aurkeztu du gaur, maiatzaren 28ko hauteskundeei begira. Eric Galvez Álvarez alkateordea du buru zerrenda honek. “Ziurgabetasun garaian bizi garen arren, ilusioz beteta gaude Legazpiren etorkizunarekin. 2015etik gaur arte, zutabe sendoak eraiki ditugu eta, horiei esker, aurrera egin ahal izan dugu, pandemiaren garairik zailenean ere”, azpimarratu du alkategai jeltzaleak. Galvezek berarekin aurkezte den taldearen potentziala azpimarratu du, gaztetasuna eta esperientzia batzen baititu, eta “etorkizuneko Legazpi eraikitzen jarraitzea nahi duten bi belaunaldi ezberdin ordezkatzen dituelako”.
EAJ-PNVren alkategaiak herri horretako Kultur Etxean gaur arratsaldean egin den ekitaldian parte hartu du, eta bertan izan dira hautagaitzako kideak eta Joseba Egibar Gipuzko Buru Batzarreko presidentea. Galvezek egungo Udal Gobernuak eta Koldobike Olabide alkateak egindako lana goraipatu du, “Legazpi hobea utzi baitigute”. “Atzetik gatozenok erronka handia dugu Koldobikek eta bere taldeak egindako lanera gerturatzeko, eta bere legatuari jarraipena emateko”, azpimarratu du, bihotzez eskertuz alkateari udalerriaren alde egindako lana.
Olabide berak hartu du hitza lehenengo, eta EAJ-PNVk udalean izan den azken bi legegintzaldien errepasoa egin du. Gogorarazi duenez, Udal Gobernura iritsi bezain laster, herritarrei hitza eman zieten hondakinak biltzeko zein sistema nahiago zuten aukeratzeko, eta udal kudeaketa modernizatzeko prozesu bat jarri zuten martxan. Prozesu horretan aurrerapauso nabarmenak eman dira, hala nola LegazpiOn aplikazioa edo egoitza elektronikoaren irekiera. “Horixe da EAJ-PNVren eredua: konformismoari eta erosokeriari bidea itxi, eta ahalik eta ondoen lan egitea”, nabarmendu du.
Gizarte-kohesioa eta ekonomia
Galvezek Legazpiren potentziala goraipatu du, bere ustez, herriak etorkizun oparoa baitu. “Gizarte-kohesioa landu dugu, tokiko kultura-, kirol- eta gizarte-erakundeen ekimenak babestuz. Izan ere, uste dugu erronkei aurre egiteko gizartearekin elkarlana eta erakundeen arteko lankidetza hartu behar direla kontuan”, esan du. Era berean, gogorarazi du udalerria Gipuzkoako zaharrenetakoa dela, eta horregatik Udalak bere aurrekontuaren % 20 inbertitzen duela adinekoen zaintzan eta gehien behar dutenengan, “guk ez baitugu inor atzean uzten”. Arlo honetan, herrian garatzen ari den belaunaldien arteko lankidetza-proiektu aitzindaria ere nabarmendu du. Proiektu horrek Bellotako (Ezkurrenean) pentsio zaharra izango du ardatz.
Gizarte-babeseko sistema horri eusteko, Galvezek herrian ekonomia eta industria bultzatzearen garrantzian jarri du arreta, “horrela sortzen baitira behar ditugun baliabideak”. “Legazpin, industria-sare indartsua dugu, eta zaindu egin dugu, eta zaintzen jarraituko dugu, enpresek hazten jarrai dezaten eta, horrela, lehiakorragoak izan daitezen eta enplegu duina sor dezaten; baita beste enpresa berri batzuk gure herrian koka daitezen ere”, defendatu du. Alor horretan, funtsezkotzat jo du Sidenor eremu zaharraren garapena babesten jarraitzea, eta gainerako administrazioekin zubiak eraikitzen segitzearen alde egin du.
Hautagai jeltzaleak politika egiteko modu berrien alde ere egin du, eta herrian egindako Entzunez Eraikiz prozesua nabarmendu du; izan ere, 450 telefono elkarrizketa egin dira herritarrek dituzten kezkak eta arazoak hobeto ezagutzeko. Horren guztiaren ondorioz, hainbat ekintza zehatz aurkeztu ditu, hala nola Aizkorri kaleko ardatz nagusia hobetzea; Urtatzako depositua berreskuratzea; San Inazioko txabolen inguruan aparkaleku bat eta aisialdirako gune bat eraikitzea; Hiri Antolamenduko Plan Orokorra osatzen jarraitzea; bidegorria amaitzea; eta ADIFek geltokiaren obrak amaitzeko presioa egiten jarraitzea. Horrekin batera, industria, merkataritza, kultura, euskara eta kirola bultzatzeko politikak agindu ditu.
Joseba Egibar
Joseba Egibar, Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak, balore komunitarioen garrantzian jarri du arreta. “Legazpi guztion etxea da, eta guztion etxea kudeatzea ez da erraza. Lehentasunak jarri, baliabideak jarri, akordioak lortu… herrigintza alde horretatik oso aberasgarria da”, esan du. Gaineratu duenez, EAJ-PNVren hautetsi guztiek komunean dutena ikuspegi nazionala da, “gure herria aurrera eramateko”. “Abertzaletasunak berezkoa duen altxorra da, herrigintzan bereizten gaituena: balore komunitarioak landu egin behar dira”, adierazi du.
Osatu duenez, herrigintza “guztion onerako ekintza” bezala ulertu behar da: “Indibidualismoa gero eta errotuago dagoen garai honetan, hori gainditzeko balore komunitarioak zaindu behar ditugu, eta elkarren artean lan egin”. “Politika ez da lau urtean behin bozkatu eta listo. Konpromisoa eskatzen du, lagundu, babestu egin behar da. Konpromiso horiek balore komunitarioak dira. Norberaren bizitzaz aparte, beste zerbait antolatzeko gaitasuna eta konpromisoa erakustea. Eta balore horiek kudeatu eta zabaltzea ezinbestekoa da abertzaletasunarentzat. Abertzaletasuna benetakoa bada, solidarioa izan behar duelako”, azpimarratu du.
Aldiz, ohartarazi du populismoak toki guztietan ageri direla, eta “ez dagoela urrutira joan beharrik” hauek aurkitzeko. “Badago pentsatzen duena bere onerako izan daitekeela gauzak okerrago joatea. Guk, berriz, dioguna da zenbat eta okerrago, okerrago dela guztiontzat”. Gaineratu duenez, hori erantzunkidetasun falta da, eta Bildu gaur egun egiten ari dena izango litzateke: “Desagertu egin da, baina marka zuriak kanpora atera ditu, pankarten eskutik. Protesta denak martxan daude. Hori gure herrian etxekalte izatea da. Non daude balore komunitarioak, helburu partekatuak guzti honetan”, kritikatu du.
Amaitzeko, hauteskundeei begira jarrita, bi faktore garrantzitsu aipatu ditu. “Batetik etsaia, eta etsai hori abstentzioa da. Eta gero arerioak egongo dira, baina horiek gainerako alderdi politikoak dira”, esan du. “Horregatik, aurrera egiteko oinak lurrean behar diren bezala, eta burua argi behar da, proiektuak eduki behar dira, besoak zabalik elkarlanerako, eskuak lanean, euskara ahoan eta herria bihotzean. Horiek dira gure klabeak”, borobildu du. “Bide luzeak egin gaitu bidelagun, eta bide horretan aurrera egiteko, aukerarik onena Legazpin zein Gipuzkoan EAJ-PNV da”, amaitu du.
Hautagaitza
Legazpiko EAJ-PNVren hautagaitza honako pertsona hauek osatzen dute:
Eric Galvez Alvarez
Amaia Aizpurua Makatzaga
Miryam Galilea Ibañez
Edurne Matías Gaztañaga
Josu Galilea Ibañez
Mikel Alberdi Larrañaga
Francisco Javier Iraeta Alvarez
Ane Urkiola Alustiza
Aitziber Beldarrain Robles
Maite Lombide Lizarralde
Iñigo Imaz Alcelay
Iñigo Alberdi Larrañaga
Koldobike Olabide Huelga.
Ordezkoak
Maria Gloria Martínez de Guereñu Fernández de Ocariz.
Amaia Zaldua Larrañaga.
Tomas Beloki Iraola.