Zumaiako EAJ-PNVk hurrengo udal hauteskundeetarako hautagaitza aurkeztu du Mollaberrin egindako ekitaldi batean. Josemi Antia Albizu zerrendaburuarekin batera, datozen lau urteetan bere ibilbidean alboan izango duen taldea egon da; ekitaldian Joseba Egibar Gipuzku Buru Batzarreko presidenteak ere parte hartu du.
Josemi Antiak azpimarratu du talde “indartsua, konprometitua eta anitza” duela. “Esperientzia eta freskotasuna batzen dituen taldea da, lanerako gaitasun handikoa, oso inplikatua, ilusioz betea eta Zumaiak etorkizunerantz egin dezan, Zumaiaren eta zumaiarren alde lan egiteko gogo handia duena”. «Oso eskertuta nago guztioi egin dugun proiektuan parte hartzeagatik, irmoa eta ilusioz betea, zumaiarrekin batera aurrera eramateko gogoz gaudelako», gaineratu du Antiak.
“Erronka berri honi gogotsu eta ilusioz ekingo diogu”, udalerriak etorkizunera begiratu dezan, Zumaiak behar duen aldaketa gidatuko dugu. “Gure herriari dagokion lekua eman nahi diogu, gehiago merezi dugula uste baitugu”, defendatu du Antiak
“Zumaiaren alde gure harea-alea jarri nahi dugun taldea gara”, eta EAJ-PNVk egungo eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko prest dagoen herri bat eraikitzeko helburuarekin lan egingo duela gaineratu du. “Zumaia hobea eraiki nahi dugu, umiltasunetik gauzak hobetu daitezkeela uste baitugu”. Ildo horretan, nabarmendu du maiatzaren 28ko hauteskundeei begira EAJ-PNVk programa “osoa, irekia eta integratzailea” prestatu duela, honako arlo hauetan sakontzeko proposamenak biltzen dituena: etxebizitza, kirol-instalazioak berritzea, kiroldegia handitzea lehenetsiz, gure kaleak eta txokoak txukundu eta ondo mantentzea, tokiko ekonomia eta gizarte-kohesioa suspertzea, bai eta bizikidetzaren eta klima-aldaketaren aurkako borrokaren arloan ere.
Zumaian EAJ-PNVren papera balioestea eta eskerrak ematea
Ekitaldian, hautagaitzako kide batzuek ere parte hartu dute, eta EAJ-PNVk Zumaiaren aurrerabidean izan duen papera eta etorkizunari begira ditugun erronkak nabarmendu dituzte. Horrela, gure herriaren garapenaren atzean Euzko Alderdi Jeltzaleak urte guzti hauetan zehar Zumaian egindako apustu estrategikoak daudela adierazi dute. Izan ere, “EAJ-PNVren helburua Zumaia ahalik eta oparoena eta berdintasunezkoena lortzea izan da, da eta izango da. Zumaiarren bizi-baldintzak hobetzeko lan egiten dugu, etorkizunera begira eta errespetu demokratikoarekin. Azken 40 urteetan, Zumaiako garapen ekonomiko, kultural, sozial eta politikoaren burua EAJ-PNV izan da, zumaiarrekin zuzeneko lankidetzan.”
Joseba Egibar Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak, bere aldetik, populismoen aurrean erakunde sendoak izateko beharra aldarrikatu du, eta batez ere Euskadin dugun “tokiko populismoaren” aurrean, EAJ ahultzeko eta bere iragana ezkutatzeko arazoak “sortzen” baititu. Zentzu horretan, ezker abertzaleari leporatu dio jeltzaleekin eztabaidatu nahi ez izatea eta bere indar guztiak “Gipuzkoako pankartero guztiak” babestera bideratzea. “… Gipuzkoa pankartaz josia dago, eta garbi dago zein dagoen atzean. Ez dute gurekin eztabaidatu nahi, euren iragana izkutatu nahi dutelako, eztabaidatzeak iraganari buruz hitz egitea eskatzen du, bakoitzak herri honen alde egin duenari buruz; eta ez dute hori egin nahi, eta hori saihesteko era guztietako gaiak babesten ari dira EAJri eraso egiteko”, azaldu du. Gainera, alderdi jeltzaleak proiektu “abertzale” bat defendatzen duela aldarrikatu du, gure nazioa zaintzeaz gain, “herritar bakoitza zaintzen duena, inor atzean gera ez dadin, eta zentzu horretan, gure filosofia argia izan da”. Bi eredu daudela gogorarazi du, eta maiatzaren 28an herritarrek aukeratu egin beharko dutela eta beraien bozka ematera animatu ditu.
Amaitzeko, Egibarrek gaineratu du proiektu abertzale baten bizkarrezurra balio komunitarioak direla, eta “herriz herri jarduteko, inoiz ez bezala, Estatu baten egiturak behar ditugu, eta hori autogobernuaren alde egitea da”. “Aurrera egiteko oinak lurrean, burua argi, besoak zabalik, eskuak lanean, euskara ezpainetan eta herria bihotzean” izan behar direla defendatu du.
Ekitaldiari amaiera emateko, eskerrak eman dizkiote EAJ-PNVko egungo udal taldeari azken lau urteotan Udalean egindako lanagatik, eta adierazi dute “guztion ongizatearen defentsa horrek gure jarduna gidatu duela oposizioan egotea egokitu zaigunean ere, azken lau urte hauetan bezala, non jarrera eraikitzailea, alternatiboa, aurrerakoia eta elkarlanerako irekia izan dugun. Azken legegintzaldi honetako ekarpenak politika egiteko modu horren adibide garbia dira”.
Antiak eta bere taldeak gogoz eta ilusioz hartu dute lekukoa. “Talde-lanean sendo sinesten dut, eta ziur nago lan bikaina egingo dugula Zumaiaren eta zumaiarren alde, izan ere, izan daitekeen talderik onena dugu.”
Hau da Zumaiako EAJ-PNV taldea hurrengo hauteskundeetarako:
José Miguel Antia Albizu
Iker Mardaras Arrieta
Ainhoa Illarramendi Azkue
Xabier Odriozola Etxaniz
Mireia Aranbarri Ieregi
Ander Olaizola Esnal
Elene Lazkano Aizpurua
Eusebio Larrañaga Sudupe
Edurne Egaña Manterola
Lide Amilibia Bergaretxe
Javier Salvador Villa
Lore Esnal Laskibar
Ramón Gaztañaga Azpiazu
Xabier Urrutia Elorza
Arantzazu Arrizabalaga Olaizola
Asier Esnal Albizu
Arantza Tapia Otaegi
Isidro Fernández Etxabe
Paula Esnal Osa
Arantzazu Florez Tapia