EAJ-PNVk Gipuzkoako 250 hautagai inguru elkartu ditu gaur goizean Hernanin, eta herrigintzan aritzeko hartu duten konpromisoa eskertu die alderdi jeltzaleak, “herrigintza delako populismoen kontrako sendagairik onena”.
Joseba Egibar Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak ezker abertzaleari egotzi dio gaur EAJ-PNVrekin debatitu nahi ez izatea eta, bitartean, lurraldeko “pankartero” guztiak patrozinatzen aritzea. “Pankartaz josita dago Gipuzkoa, eta garbi dago patrozinadorea zein den”, esan du. GBBko presidentearen ustetan, estrategia honen atzean dagoena “zenbat eta okerrago, hobe norberarentzat” pentsaera da. “Eta guk esaten dugu zenbat eta okerrago, okerrago guztiontzat. Hori da erantzunkidetasuna, eta batzuek ez dute erantzunkidetasunik nahi. Nahi dutena da populismoa, erasotzea, nolabait ere gure irudia zikintzea”, ohartarazi du Egibarrek.
EAJ-PNVren Gipuzkoako 250 hautagai inguru elkartu dira gaur goizean Oronan, Hernani, maiatzak 28ko hauteskundeetako aurre-kanpainaren testuinguruan. Topaketan parte hartu dute, Egibarrekin batera, Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusi izateko hautagaiak; Maria Eugenia Arrizabalaga, Xabier Ezeizabarrena eta Olatz Peon, Gipuzkoako hauteskunde barrutietako zerrendaburuak; Eneko Goia, Donostiako alkateak eta alkategaiak; eta beste hainbat alkategai eta zerrendak osatzen dituzten pertsonek. Jeltzaleak “indartsu, ilusionatuta eta konfiantzaz” beteta aurkezten dira hauteskundetara, eta hautagai izateko ardura hartu duten guztiek “herriarekiko duten konpromisoa” eskertu dute.
Egibarrek esan du alderdia osatzen duten eta hauteskunde zerrendatan aurkezten diren pertsonak direla EAJ-PNVren “altxorrik” handiena. “Herrigintzan jarduteko pausoa eman duzuen guztioi, eta ikusten gaituzten guztiek, jakin dezatela zuek zuen herrietan lan egiteko konpromisoa hartu duzuela. Horregatik nire aldetik, alderdiaren izenean, guztioi eskerrik asko”, esan du. Honekin batera, azpimarratu du herrigintza dela populismoaren aurrean eduki daiteken “antidotorik” eta “sendagairik” eraginkorrena. “Populismoak aurrera egiteko bi baldintza eman behar dira: batetik arazoak pilatzea, eta bestetik erakunde ahulak izatea”, ohartarazi du.
Egibarren esaten, hemen instituzio sendoak daude, “nahiz eta bakarren batzuk urte askotan, hamarkada askotan, ez erakundea bakarrik, autogobernu markoa bera ere erasotu duten”. “Hala ere, erakunde sendoak dauzkagu. Eta arazoak izan ditugunean, eta badauzkagu, ez dugu uzten arazoak pilatzen. Arazoak konpontzen saiatzen gara. Eta hori EAJ-PNVk egin du”, esan du. Honekin batera, ezker abertzaleari egotzi dio ez duela alderdi jeltzalearekin debatitu nahi, eta bere indar guztia “Gipuzkoan dauden pankartero guztiak patrozinatzera” bideratzen dutela. “Berdin da osasungintzan, hezkuntzan, kirolean, segurtasun gaietan… Pankartaz josita dago Gipuzkoa, eta garbi dago patrozinadorea zein den. Gurekin debatitu nahi ez eta hori patrozinatzen ari dira”, azaldu du.
GBBko presidentearen ustetan, estrategia honen atzean da “zenbat eta okerrago, hobe” pentsaera. “Eta guk esaten dugu zenbat eta okerrago, okerrago guztiontzat. Hori da erantzunkidetasuna, ez dute erantzunkidetasunik nahi. Nahi dutena da populismoa, erasotzea, nolabait ere gure irudia zikindu”, ohartarazi du. Honen aurrean, EAJ-PNVk hauteskundeei begira egiten duen proposamena batetik “zintzo eta apala dela” esan du, “itxurakeriaren aurrean apaltasuna” proposatzen duena; eta bestetik, “tuneatua den proiektuaren aurrean, edo kopiatua den proiektu horretan, guk aurrez aurre jartzen dugu originala”.
“Dana ez genuen ondo egingo, baina herri honekin lotuta ikusi dugu gure egitekoa hamarkadaz hamarkada, eta belaunaldi berria dator orain, badator jende berria, eta herriz herri ikusiko dituzue gipuzkoarrak zeintzuk diren gure erreferentziak”, aldeztu du. “Horregatik, aurrera egiteko oinak lurrean behar diren bezala, eta burua argi behar da, proiektuak eduki behar dira, besoak zabalik elkarlanerako, eskuak lanean, euskara ahoan eta herria bihotzean. Horiek dira gure klabeak”, borobildu du.
Eider Mendoza
Eider Mendoza diputatu nagusi izateko hautagaiak, bere aldetik, konpromisoan jarri du azpimarra. “Askoz errazago litzateke kritika hutsean geratzea edo etxean sofan geratzea. Hala eta guztiz ere, herria maite dugulako, abertzaleak garelako, guk hartu eta talde ona osatu, oinarri sendoei heldu, helburua ondo finkatuta, eta elkarlanean arituta, aurre egiten diegu dauzkagun arazoei, konponbideak bilatzen dizkiegu”, azaldu du. “Guk talde izaera daukagu, arraunean bezala. Lemazaina daukagu, eta sekulako taldea”, txalotu du.
Honez gain, “hau guztia gutxi balitz”, alderdiak eta alderdi inguruko jendeak ematen dion “energia” nabarmendu du. “Askotan azpimarratzen dut eta gaurkoan ere hori azpimarratu nahi nuke: gure ingurua, gure alderdikideak, gure alderdi inguruan daudenak ematen digun energiak ez daukala preziorik. Beraz, badaukagu lemazaina, badaukagu taldea, badaukagu proiektu sendoa, eta sekulako gogoa. Herrietan sentitzen dugun ilusio horri heldu behar diegu aurrera egiteko. Aurrea, batera!”, azaldu du Mendozak.
Eneko Goia
Azkenik, Eneko Goia Donostiako alkate eta hautagaiak esan du EAJ-PNV dela “Gipuzkoako udalen indarra, eta are indar handiagoa izango duela”. “Herri honek eta lurralde honek badakite EAJ-PNV dela erakundeak artikulatzen dituen indarra eta ardatza, eta aurrera egitera bultzatzen gaituena. 1977tik ari gara hori erakusten, herri hau maite dugulako, herri hau ulertzen dugulako eta herri hau sentitzen dugulako”, adierazi du.
“Gobernatzen dugun tokian gauzak funtzionatzen dute. Ez gara eztabaida antzuetan nahasten, eta herritarrek uste dute beren arazoak konpondu egiten direla”, adierazi du. Goiak azpimarratu duenez, “Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundiak eta Udalak elkarlanean aritzen garenean, herri hau eta gure herri eta hiriak aurrera doaz, hobetu egiten dira eta aurrera egiten dute”. Hori dela eta, herritarrei eskatu die konformismotik ateratzeko eta ez begira geratzeko, eta maiatzaren 28an euren botoarekin erabaki dezatela nork nahi duen “gure herri eta hiri guztien zentraltasuna, egonkortasuna eta aurrerapena ordezkatzen jarraitzea”.