EAJk Pasaiako biziberritzea gidatu nahi duen Loreto Osaren taldea aurkeztu du

Lau barrutietatik datozen eta udal kudeaketan zein sektore ekonomiko ezberdinetan esperientzia haundia duten 20 lagunek osatzen dute zerrenda

Loreto Osa: “Biziberritzeak ez du atzera bueltarik eta indarra, gogoa eta ilusioa ditugu udalerriko Alkatetzatik behin betiko bultzada emateko”

EAJk Pasaiako biziberritzea gidatu nahi duen Loreto Osaren taldea aurkeztu du 23Apirilak
2023
2023 ApirilaK 23 |
Berria

PARTEKATU

Loreto Osa Ocon Pasaiako alkategai jeltzaleak gaur aurkeztu du bere alderdiak herritarren gehiengoaren babesa lortzeko osatu duen lagunen zerrenda. “Gure herria maite dugun pasaitar euskaldunen belaunaldi berri bat gara, eta bertako bizilagunen alde eta haientzat lan egiteko konpromisoa hartu dugu”, adierazi du Osak San Pedroko lonjako plaza berrian egindako ekitaldian.


Hauteskunde zerrenda osatzen duten hogei pertsonek lagunduta, Osak ziurtatu du Alkatetzara lehen aldiz gogotsu, indarrez eta ilusioz aurkezteko erronka hartu duela, “datozen urteak benetan garrantzitsuak izango direlako pasaitarren bizitzan”. Ziurtatu duenez, hainbat urtez bete gabeko promesak egin ondoren, azken urteotan EAJ-PNVren udal-taldeak Udalean egindako kudeaketa “fruituak ematen” hasi da; izan ere, jeltzaleek sustatutako erakundeen arteko lankidetzari esker, hainbeste desiratutako biziberritzeari ekin ahal izan zaio, 162 milioi euro baino gehiago lortzen dituzten dozena bat proiekturekin. “Dagoeneko ez dago atzera bueltarik, eta giza talderik onena dugu eraldaketa horren buru izateko”, ziurtatu du.


Osaren taldea Pasaiako lau barrutietako 20 gizon eta emakumek osatzen dute. Bertan jaio eta bizi dira gehienak eta ondorioz, “ondo ezagutzen dute herria eta ederki dakite zein diren bizilagunen beharrak eta nahiak”. Honako hauek osatzen dute zerrenda: Enara Mecerreyes, Koldo Errondosoro, Aitor Intxausti, Nahikari Otermin, Oihana Gay, Yago Martínez, Arantxa Larrea, Urko Iturbe, Josu Urtizberea, Jorge Lizarreta, Belen Prieto, Urko Bidegain, Miriam Cano, Jon Samaniego, Isabel Arrillaga, Jaime Tejedor, Sergio Ekiza, Elene Arrazola eta Jon Ander Eceiza.


“Izen berriak eta ez hain berriak; administrazio publikoan, hainbat sektore ekonomikotan eta Pasaiako hainbat elkartetan esperientzia handia duten pertsonak dira”, nabarmendu du hautagaiak. Osak taldearen konpromisoa adierazi du Pasaiako bizilagunen, elkarteen eta enpresen lankidetza, aktibazioa eta inplikazioa bilatzen jarraitzeko.


Izan ere, uste du benetan garrantzitsua izango dela Pasaiako kolektiboak aktibatzea  Topoa, Adinberri, lonja, Herrerako pabilioiak eta San Juango saneamendua egiteko obrekin hasi den berroneratze-prozesua aberasteko. “Proiektu horiek Pasaian bizi diren pertsonen bizi-kalitatea hobetuko dute enplegua sortuko delako, zerbitzuak hobetuko direlako eta espazio publikoak berreskuratuko direlako. Beraz, funtsezkoa izango da herritarrak inplikatzea prozesua aberasteko”, argudiatu du.

 

Osak gizarte politiken inguruan ere hitz egin du bere hitzaldian, azken urteetan EAJ udaletik abiatu duen zaintza eredu berriari garrantzia emateko. Azaldu du erakunde ezberdinak eta arlo sozial eta sanitarioa elkarlanean aritu direla, pertsonak erdigunean jarrita, zerbitzu hobeak eskaintzeko. “Harro egon behar gara aitzindariak garelako gizarte politiketan eta bide horretan sakontzeko konpromisoa hartzen dugu”, jakinarazi du.

 

Hautagai jeltzaleak berdintasunean eta euskararen erabileran urratsak ematen jarraitzeko bere taldearen asmoa ere azaldu du ekitaldian. “Pasaia berdinzalego eta euskaldunago baten alde lan egingo dugu, azken hau gure nortasunaren elementu garrantzitsua delako eta bere lekua eman behar diogulako”, ondorioztatu du. 


Aurkezpen ekitaldian Maria Eugenia Arrizabalaga burukide jeltzalea eta Deba-Urola barrutiko EAJ-PNVko zerrendaburua ere izan da, eta, bertan, Osarekin batera, Pasaiako zerrenda osatu duten lagunen konpromisoa azpimarratu du. 

 

Burukide jeltzaleak maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeen garrantzia nabarmendu du jarraian, “EAJren helburu politikoa, euskal nazioa eraikitzea delako eta nazioa behetik gora indartzen delako; udaletatik hasita”. 

Hori esanda, azpimarratu du EAJk “asmatu egin duela azken hamarkadetan hartutako erabaki estrategikoetan”, eta adibide bezala aipatu ditu “bide politiko eta demokratikoen aldeko apustua egin izana, justizia sozialaren aldeko politikak eraiki izana, industria gure ekonomiaren ardatz nagusi modura ezartzea eta euskararen aldeko ahalegina etengabe lantzen aritu izana”.

“Denek ezin dezakete hori esan: Non egon ziren Osakidetza sortu genuenean, RGIa martxan jarri genuenean eta euskararen legea onartu eta garatu genuenean? Guk, memoria badugu. Beste batzuk, parentesi handi bat duen memoria klase bitxi bat erabiltzen dute. Eta ez dute ezertan asmatu”, ohartarazi du.

Amaitzeko, ondorioztatu du bi ereduren aurrean aukeratu beharko dutela hautesleek datozen hauteskundeetan. “EAJrena: Herria errespetatuz eta herriaren eskutik denontzat ongizatea eta aurrerabidea eraikitzen saiatuko dena eta, beste aldean, ezker abertzalearena”. “Ezkortasunean murgilduta ibiltzen diren hondamendiaren profetei” zuzendurik ziurtatu du “Gipuzkoa lurralde aurreratua, orekatua eta aurrerakoia” dela. Hau da, “industria eta ekonomia indartsua duena; kalitatezko zerbitzu publikoak eta gizarte babes sistema sendoa duena eta Europan, desberdintasun sozial txikienetakoa duena”. 

Ezker abertzalearen estrategia aldaketa salatzen amaitu du hitzaldia: “Kamuflajean ari dira, baina ez gaituzte engainatuko: pankartak, ezkortasuna, demagogia eta gezurrekin ari dira”. Horren aurrean, ziurtatu du “EAJk gipuzkoarrek dituzten erronka eta arazoei aurre egiten jarraituko duela, Gipuzkoako herritarrek behar eta merezi duten konfiantza eta esperantzatik”. 

Interesatu Zaitez