Eider Mendoza diputatu nagusirako hautagaiak alderdi jeltzaleak “herrigintza eraikitzailean eta baiezkoan” dagoela aldeztu du, “ezekoan daudenen edota proposamenak nola gauzatuko dituzten azaltzen ez dutenekin” alderatuz.
Iñigo Urkulluk Euskal Eredua aldarrikatu du, eta herritarren babesa eskatu du, orain arte hain emaitza onak eman dituen eredu sozioekonomikoa garatzen eta bultzatzen jarraitzeko.
Eider Mendoza Larrañaga, Gipuzkoako diputatu nagusia izateko EAJ-PNVren hautagaiak alderdi jeltzalea “herrigintza eraikitzailean” eta “baiezkoan” dagoela adierazi du: “Norabidea argi dugu, badakigu zer nahi dugun eta nola egin Gipuzkoak eta Euskadik aurrera egiteko”. Aldiz, “beti ezezkoan” daudenentzat ere izan ditu hitzak, eta adierazi du orain, Gipuzkoa hauteskundeen ataritan dagoen honetan hasi direla proposamenak egiten. “Baina, hala ere, ez dute esaten ez nola egingo duten, ez nork ordainduko dituen aipatzen dituzten egitasmoak”, gaineratu du.
Mendoza Tolosan izan da gaur goizean, alderdi jeltzaleak Tolosaldeko alkategaiak aurkezteko egin duen ekitaldian parte hartzen. Berekin izan dira eta ekitaldian parte hartu dute Olatz Peon Ormazabal, Tolosako alkateak; Xarles Iturbe Pasaban, EAJ-PNVren Tolosako alkategaiak; eta Iñigo Urkullu Renteria lehendakariak. Hauez gain, bertan izan dira baita ere Rodri Vilar Aranda, Ibarrako EAJ-PNVren alkategaia; Nuria Carbonell Miranda, Anoetako alkategaia; Gorka Sagarna Larrañaga, Irurako alkategaia; Aitziber Egaña Callejo, Asteasuko alkategaia; Anton Elosegi Villanueva, Ikaztegietako alkategaia; Eneko Urdangarin Eizagirre, Villabonako alkategaia; eta Maije Zelaia Egiguren, Zizurkilgo alkategaia.
Mendozak, bere hitzaldian, Gipuzkoak dituen indarguneak aipatu ditu, baina gogoratuz agertokian badirela hainbat zailtasun, eta gipuzkoarrek badituztela zenbait kezka etorkizunaren inguruan. Errealitate honen aurrean, bi aukera daudela esan du: “Pankartak, pintadak eta ez-aren plataformetan gelditu; edota arazoei aurre egin, eta konponbideak bilatu. Eusko Alderdi Jeltzalearen hautua bigarrengoa da, hala izan da gure ibilbide politiko guztian zehar”, adierazi du hautagai jeltzaleak. Mendozaren ustetan, EAJ-PNVk akatsak ere egingo zituen bere ibilbidean zehar, “baina besteak barrikadetan zeuden bitartean, Eusko Alderdi Jeltzalea herria egiten aritu da. Guk etxeari eutsi diogu”.
Mendozak hiru adibide jarri ditu adierazpen hauek babesteko. Batetik, arlo fiskalean, esan du Bildu agintean egon zenean, berdin ordaintzen zuela 10 milioi euro Luxenburgoko funts batean zituen zergadunak, edo kopuru bera lurraldeko enpresa batean zuenak. “Guk hori zuzendu genuen, zerga erreformatuz eta gure ekonomia ehunaren babes lehenetsiz”, esan du. Bestetik, adinekoen egoitzetan, duela 8 urte Bilduk Gipuzkoako hirugarren sektore soziala gizarte politikatik kanporatu nahi izan zuela gogoratu du. “Ez diogu guk: Batzar Nagusietan hori jasotzen zuen Foru Araua aurkeztu zuten. Eta guk, oposiziotik, operazioa gelditu genuen”, nabarmendu du.
Gizarte politikan jarraituz, azpimarratu du EAJ-PNVren eredua dela “aitzindaritza ematen digun elkarlan estu horretan sakontzen”, eta hirugarren sektore sozialarekin batera eredu berri bat sortzea Gipuzkoan: pertsonalizatuagoa, komunitatearekin lotuagoa eta berrikuntzan oinarritua. Hirugarrenik, euskararen arloan, aste honetan bertan, euskararen eta euskal hiztunen eskubideak epaitegien aurrean defendatu dituela gogoratu du. “Badirudi batzuei ahaztu egiten zaiela euskara gure hizkuntza dela, eta gure hizkuntza ofiziala dela. Gipuzkoa euskalduna da, eta zerbitzu publikoak euskaraz jasotzeko eskubidea bermatuko dugu”, nabarmendu du.
Iñigo Urkullu
Bere aldetik, Iñigo Urkullu lehendakariak bozkatzera joatearen garrantzia azpimarratuz hasi du bere hitzaldiak, botoa ez emateak populismoak indartzen baititu, eta Euskadiren geroa dagoelako jokoan hauteskundetan. Lehendakariak balioan jarri du gainera EAJ-PNVk Euskadirentzat duen eredua, eta Euskal Eredu hori sustatzen eta defendatzen segitzera dei egin du. “Euskal ereduan denon artean eraikitzen dugu, lan gogorraren bidez, gertutasunez eta inor atzean utzi gabe”, azpimarratu du, eredu horren ordezkariak erakunde ezberdinetan Euskadiren alde lanean ari diren pertsonak direla txalotuz.
Egungo agertokira etorrita, gizartean dauden hiru arazori egin die erreferentzia: egoera ekonomikoa eta kalitatezko enplegua, zerbitzu publikoak bermatzea eta gazteei aukerak eskaintzea, eta hauei erantzuteko euskal erakundeek martxan dituzten hainbat neurri mahai gaineratu ditu. “Gaur egun, etxebizitza publikoari buruzko eztabaida interesgarri batean ere bagaude”, esan du, azken 40 urtetan Euskadin esparru honetan egin den lana aldarrikatuz. “Etxebizitza soziala, publikoa, urtetik urtera hazten joan da gure herrian. Euskadin, 26.600 etxebizitza baino gehiago ditugu alokairu modalitatean, Estatuaren buruan gaude etxebizitza sozialaren eraikuntzan. Euskadin, Eusko Jaurlaritzak etxebizitza publikoa sustatzen duelako”, azpimarratu du.
Etorkizunera begiratuta, euskal eredua garaitzen jarraitzeko herritarren babesa behar-beharrezkoa dela ohartarazi du. “Tamalez, krisi gehiegi bizi izan ditugu azken hamarkada honetan: krisi ekonomikoa, finantzieroa, errefuxiatuena, energetikoa, inflazioarena, Brexita, pandemia, Ukrainako inbasioa…”, gogoratu du. Hala eta guztiz ere, denbora tarte horretan gure ekonomia hazi egin dela ere nabarmendu du, langabezia jaitsi, enpresa kopurua igo eta gizarte politikan egindako inbertsioan Europako bataz bestekoaren gainetik dagoela ere azpimarratuz. “Horiek dira euskal ereduaren emaitzak”, adierazi du. Amaitzeko, hizkuntzak, hezkuntzak, kulturak eta gizarte kohesioak euskal ereduan duten garrantzia ere hizpide izan du Urkulluk.
Alkategaiak
EAJ-PNV eskualdez eskualde egiten ari den ekitaldi hauen funtsa Gipuzkoako bailara eta herri bakoitzak bizi duen errealitatea hobeto ezagutzea dela gogoratu du Mendozak. Horretarako, ekitaldian zehar presente egon dira bailarako hautagaietako batzuk. Xarles Iturbe, Tolosako alkategaiak, nabarmendu du herria asko aldatu dela azken urteetan herritarren bizi kalitatea hobetzeko helburuarekin. “Eraldaketa sakon horren atzean apustuak daude, apustu estrategikoak Eusko Alderdi Jeltzaleak egindakoak: Apatta industriagunea, auzo berrien garapena, adineko pertsonen egoitzak, gazteentzako bizitokiak…”, gogoratu du, egungo Tolosa EAJ-PNVk urteetan zehar egindako “lan mardulari” eta hartuko erabakiei zor zaiola nabarmenduz.
Aurrera begira, Tolosak aurrera egiten jarraitzeko apustuak egiten segituko duela adierazi du. “Paralisia inoiz ez delako gure bidea izan. Ez da gure eredua. Pausoz pauso lanean jarraitzea, herritarrekin elkarlanean. Hori da gure konpromisoa. Eta beste behin, hitza beteko dugu”, esan du. Hautagai jeltzalearen esanetan, aurrera begira, ekonomikoki oparoa den Tolosa behar du herriak, “bere nortasunaz harro dagoen komunitatea, abegitsua eta eskuzabala, munduari irekia”. Hauekin batera, “inor atzean utziko ez duen” eta guztien ongizateaz arduratzen den Tolosa marraztu du, euskaltzalea, kulturalki bizia eta XXI. mendeak mahai gaineratzen dituen berdintasunaren, aldaketa klimatikoaren eta jasangarritasunaren erronkei sendotasunez erantzuten asmatuko duena. “Ez dira makalak aurrean ditugun erronkak. Eta horiei sendotasunez erantzuteko gobernu talde sendoa behar du Tolosak, baita Gipuzkoak ere”, aldeztu du.