EAJ-PNVren hautagaitzak, Elixabete Murua alkategaia buru duela, gaztetasuna eta eskarmentua uztartzen ditu. Errenteriarekiko konpromisoa xede, talde anitza eta orekatua, hautagaitzan independenteak ere batzen dituena. Diziplina ezberdinetako eskarmentu handiko lan taldea
Xenpelar Etxean egindako EAJ-PNVren hautagaitzaren aurkezpen ekitaldian, Elixabete Murua alkategaiak eta Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundirako hautagaiak hartu dute parte.
“Errenteriaren aldeko apustua egiten duen hautagaitza sendoa osatu dugu. Herritarrekin hartu dugun konpromisoa helburu, interes orokorraren defentsa eta zerbitzu publikoaren bokazioa izango dira gure udal-ekintzaren ardatz. Politika egiteko modu berri bat indartuko duen proiektua garatu nahi dugu. Gobernantza irekia eta elkarlanekoa bi eremutan: herritar-erakundeak eta erakundeartekoa. Bi eremu horietan talde-lana ezinbestekoa dela uste dugulako, etorkizunerako udalerri integratzaileagoa eta inklusiboagoa eraikitzeko”, adierazi du Elixabete Murua alkategaiak. “EAJ-PNVn ekintza politikoa modu arduratsu eta eraikitzailean gauzatu behar dela sinesten dugulako, herritarren benetako beharrei erantzuten dien programa prestatu dugu – jarraitu du –. Gizarte-zerbitzuak indartzeko, gure auzoak biziberritzeko hirigintza inklusiboa eta prebentiboa garatuz, ekonomia zirkularrerako estrategiak aplikatuz, tokiko merkataritzari eta bertako ETEei laguntzeko. Bestetik, mugikortasun elektrifikatua eta jasangarria aurrera eramateko neurriak proposatzen ditugu, trafikoa eta segurtasuna hobetzea ere gure lehentasuna dira, eta gazteentzako aukerak sortzea emantzipaziorako laguntza-programa eta gazteentzako zuzkidura-etxebizitzak medio”. “Azken finean – gaineratu du Elixabete Muruak – nahi dugun herria, behar dugun herria, herritarrekin bat eraikitzeko”.
“Horretarako, honako hauek osatutako hautagaitza aurkezten dizuegu: Elixabete Murua, Jaione Franco, Luis Mari Oiarbide, Jacqueline Martínez, Imanol Cidoncha, Gemma Roteta, Jaqueline Martínez, Iñaki Olaizola, Zuriñe Alijostes, Josu Ormaetxea, Marta Barea, Ander Oiarbide, Mirari Loinaz, Juan Mari Iñiguez de Heredia, Mari Asun Lopez, Eñaut Otazo, Rocío Sánchez, Begoña Sarasola, Maria Angeles Orbegozo, Josu Mitxelena, Jose Ignacio Irastorza, Maite Peña, Pilartxo Olaskoaga, Josetxo Oliveri eta Nieves Jauregi. Lan talde anitza eta orekatua, hautagaitzan independenteak ere batzen dituena. Diziplina ezberdinetako eskarmentu handiko lan taldea – azpimarratu du –”.
Jarraian, Gipuzkoako Diputatu Nagusirako EAJ-PNVren hautagai, Eider Mendozak hartu du hitza, Gipuzkoak egun bizi duen ziurgabetasun egoerari aurre egiteko dituen oinarri sendoak azpimarratuz. “Konfiantza osoa dugu gure lurraldean, gure ekonomiak eta industriak indartsu jarraitzen dute, eta gizarte dinamikoa, solidarioa eta kohesionatua dugu, Europan desberdintasun-tasa txikienak dituzten lurraldeen artean kokatua”, nabarmendu du. Era berean, azken zortzi urteetan Gipuzkoan egindako lana ere balioan jarri du: "Denok gogoratzen dugu nola geunden 2015ean eta nola gauden orain. Gipuzkoak atzean utzi du iragana eta, orain, konfiantzaz begiratzen diogu etorkizunari”.
Zentzu horretan, Gipuzkoako industria eta enpresen eta kalitatezko enpleguaren defentsan aritzeko konpromisoa hartu du, baita gizarte-babeseko sistema zaindu eta zabaltzekoa ere. Azpimarratu duenez, horiek dira Gipuzkoako ongizate ereduaren funtsezko zutabeak, “eta EAJ-PNVk funtsezko ekarpena egin du eredu horren eraikuntzan”. “Gure aurrekoek lan handia egin dute eta gauden tokiraino ekarri gaituzte. Orain guri dagokigu ardura hori hartzea. Gure belaunaldiari dagokio datozen urteetan Errenteria, Oarsoaldea eta Gipuzkoa bultzatzen jarraitzeko erronkari aurre egitea, eta ilusioz eta indarrez hartzen dugun konpromisoa da”, adierazi du, Elixabete Murua alkategaiaren gaitasunak eta lankidetzarekiko konpromiso irmoa nabarmenduz.