Grande-Marlaskari adierazi dionez, honek erakusten du, lau hamarkada geroago, “Exekutiboarentzat ez duela inolako garrantzirik”
EAJ-PNVko Almudena Otaola senatariak Mikel Zabalzaren familia berriro biktimizatu izana aurpegiratu dio Barne ministroari, bere torturarekin eta heriotzarekin zerikusia izan zuen agente bat Guardia Zibilaren buruzagitzara igotzeagatik. Gaurko Gobernuaren kontrol-saioan, ordezkari jeltzaleak Fernando Grande-Marlaskari adierazi dio Arturo Espejoren izendapena “iraina da, Espainia demokratikoaren historiako gertakari beltz hura gertatu zenetik ia 38 urte igaro direnean. Ez da bidezkoa eta inmorala da”, jakinarazi du, eta era berean, sekretu ofizialak desklasifikatzeko eskatu du, dagozkion erantzukizunak argitu ahal izateko, eta ESpejoren izendapena atzera bota dezala.
Bere galderan, Otaolak Barne ministroari esan dio Mikel Zabalzaren heriotzan inplikatutako teniente jeneralaren igoera “bere familiari erakusten dio, Espainiako Gobernuarentzat, haren torturak eta heriotzak ez dutela inolako garrantzirik”. Are gehiago, senatari jeltzaleak adierazi du agentearen aitorpenak agerian uzten duela “giza eskubideak urratzen dituztenak saritzen direla; horrela ez da eraikitzen defendatzen duzuen Zuzenbide Estatu Demokratikoa”, ziurtatu du, eta gaineratu du Espainiak Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren hamaika zigor pilatu dituela tortura kasuak ez ikertzeagatik.
Otaolak Grande-Marlaska ministroari gogorarazi dio 2021ean, Imanol Landa senatariaren galderei erantzunez –Zabalza, Intxaurrondoko kuartelean jasandako torturen ondorioz hil izanaren susmoaren egiazkotasuna adierazten zen grabazioak ezagutu zirenean- botereen banaketaren aitzakia erabili zuela, Fiskaltzaren eskumenetara joz, Gobernuaren erantzukizuna ez onartzeko. “Oraingoan, zuk izendatu zenuenez, nola justifikatzen duzu izendapen hori?”, galdegin dio.
Euskal Talde Parlamentarioko senatariak gaineratu duenez, “Robles ministroari eta zuri esker, Arturo Espejok ez du bere gain hartu inolako erantzukizunik Mikel Zabalzaren torturengatik eta heriotzagatik, edo txosten ofizial batean bertsio sinestezin bat emateagatik, baizik eta, etika ororen aurka, mailaz igotzeko karrera bat lortu du. Torturatzaile bat saritu dute”, amaitu du, Zabalzarentzat eta torturen biktimentzat egia, justizia eta erreparazioa eskatuz.