EAJ prest dago alkatetzatik Irunek behar duen aldaketa gidatzeko

EAJ, Irunen etorkizuna gidatzeko, indartsu eta babes nahikoarekin agertu da
Xabier Iridoy: Inkestek ondorioztatu dute hirian aldaketa politikoa posible dela, Santanoren PSE-EEren eredu zaharkitu eta agortuaren alternatiba bakarra garelako

EAJ prest dago alkatetzatik Irunek behar duen aldaketa gidatzeko 16Apirilak
2023
2023 ApirilaK 16 |
IRUN

PARTEKATU

EAJren Irungo hauteskunde bulegoaren inaugurazioan, Xabier Iridoy EAJren alkategaiak iragarri du EAJ-PNVilusioz eta konpromisoz dagoela Irungo herritarrek aspalditik eskatzen duten garai berriaren buru izateko. Argitaratu berri diren inkesten emaitzek argi eta garbi ondorioztatzen dute: hirian gobernu-talde berri baten beharra ikusten dela, gauzak egiteko modu berri bat, eta Santanok aspalditik blokeatuta dituen proiektu estrategikoak gauzatzeko bultzada argi bat.

Xabier Iridoyk adierazi duenez, gaur egun Irunen langabezia-tasa Gipuzkoako batez bestekoa baino %33 handiagoa da, tokiko merkataritza beste udalerri batzuetan baino gehiago ixten da, nortasuna galtzen ari gara, eta gizarte ongizatean atzera egiten gabiltza.Baina ez hori bakarrik, Irunen bizi-kalitatea galdu da segurtasunik ezaren sentsazioagatik, aparkatzeko arazoengatik edo hiriko mugikortasun zailtasunengatik. Eta hori ez dugu guk esaten, herritarrek esaten dute gehienbat. Ildo horretan, jeltzaleen buruak esan du Irun atzean geratzen ari dela eta aukerak galtzen ari garela, eta horregatik, EAJtik uste dugu beharrezkoa dela bide berri bat hartu, eta etorkizuneko ibilbide-orria modu kolektiboan definitzearen alde lan egitea. Irunek, gaur inoiz baino gehiago, plan bat behar du. Bultzada berri bat. Aldatzeko, ekiteko, ausartak izateko, aurrera egiteko garaia da. Guztion artean erabakitzekomomentua da: gauden bezala geratu edo etorkizuna taldean kudeatu eta diseinatu. Ideia berriekin eta ilusioarekin.

Hori dela eta, Iridoyk adierazi du “azken hilabeteotan ehun bat lagunekin bildu gara, baita auzoetako, erakundeetako eta era guztietako elkarteetako ordezkariekin ere. Haiekin elkarbanatu ditugu arazo nagusiak eta zehaztu ditugu ere Irunek datozen urteetarako dituen erronkak. Lan handiko egunak izan dira, eta hainbat proposamen mahai gaineratzeaz gain, kexak eta kezkak ere azaleratu dira. Hori izango da gure jarduteko modua: entzutea, elkar banatzea eta lankidetzan aritzea”.

Ilusioa eta aurrera egitea, edo gauden bezala geratzea.

Xabier Iridoyk, ekitaldia amaitzean, adierazi du maiatzaren 28an irundarrok bi aukera izango ditugula: batetik, ilusioz beteriko eredu bat, hiriarentzat aurrerapausoak ematen dituena, lidergo sendoa duena eta EAJk eskaintzen duena bezalako beste erakunde batzuekiko lankidetzan oinarritua; eta, bestetik, Santanoren PSE-EEk eskaintzen duen eredu zaharkitu bat, hiria geldituta, trabatuta eta eztabaida geldiarazleetan murgilduta daukana, Gipuzkoako erreferentziazko bigarren hiria garenean, dagokigun lekua hartzeko anbiziorik gabeko eredua da berea. Edo bata edo bestea aukeratu beharko dute irundarrek. Horrela, Xabier Iridoyk parte hartzeko deia egin die hiritarrei, bai hauteskunde egunera arte geratzen zaizkigun sei aste eskasetan, proposamen, ideia eta proiektuekin, bai maiatzaren 28an gure ordezkariak eta nahi den hiri eredua aukeratzeko bozkatzeko eskubideaz baliatzeko ere. Iridoyk azpimarratu duenez, irundar guzti-guztien botoak garrantzitsuak dira, eta, ildo horretan, inkestek ondorioztatu dute EAJ indartsu dagoela Irunen, eta babes nahikoa duela etorkizuna gidatzeko. Aldaketa posible da, Santanoren PSEren alternatiba bakarra garelako: eredu zaharkitu eta agortu bat.

Xabier Iridoyk ondorioztatu du irundarrok erronka handia dugula: Irun ekonomia indartsua duen hiria izatea, kalitatezko enplegua sortzea eta inor atzean ez uztea da gure helburua. Aldaketa bat behar dugu aurrera egiteko, eta horrela hiri seguru, berde eta berdintasunezkoa bihurtzeko. EAJ-PNVren apustua garbia da, eta Irunen prest eta motibatuta gaude hiriaren etorkizuna arrakastaz bideratzeko.

Interesatu Zaitez