Justifikatu ezin denaren aurrean, EH Bildu gezurretan eta herritarrak nahasten

Gaur egungo Aita Mari futbol zelaian 165 etxebizitza eraikitzeari buruz dugun iritziaren aurrean, EH Bilduk izan duen erreakzioa oso argigarria da eta agerian utzi du politika egiteko duten estiloa.

Justifikatu ezin denaren aurrean, EH Bildu gezurretan eta herritarrak nahasten 07Apirilak
2023
2023 ApirilaK 07 |
Zumaia

PARTEKATU

EH Bildu gezurretan ari da. “Zerbait egiten ari gara” esatea, ez da oposizioa informatzea. 

Albistea plazaratu baino bi egun lehenago bildu zen Hirigintza Batzordean galde erantzun atalean eginiko iruzkin laburraz gain, etxebizitzaren arloan zerbait egiten ari zirela dion aipamen bakarra, Iñaki Ostolaza alkateak, 2022ko urtarrilaren 24ko Hirigintza Batzordean (berriro ere galde erantzun atalean) egin zuen. Eusko Jaurlaritzarekin hizketan ari zirela eta HAPOaren irizpide eta helburuekin bat zetorren arauen aldaketa bat prestatzen ari zirela komentatu zuen.

Ondorengo aipamena, 2022ko abenduaren 1eko osoko bilkuran egindakoa izan zen. Bertan, 2023rako aurrekontuen proiektuaren aurkako gure jarrera azaldu genuen, beste gauza batzuen artean, , etxebizitzaren arloan ezer jasotzen ez zuelako, alkatearen hitzak (aktan jasota dagoen bezala) hauek izan ziren: “… komentatu dezu baita ere etxebizitza arazoa dagola Zumaian eta hala da eta pausorik ez direla eman, bueno legealdi hau bukatzeko oindikan falta dia hilabete batzuk eta azalduko dia, ze lan eman deun da lan hoien frutuak ere azalduko dira, pazientzi pixkat gai horretan”. Besterik ez! Bi mila zumaiar ordezkatzen duen EAJk, komunikabideen bidez ezagutu du esku artean duten alternatiba. Parte hartzeko, iradokitzeko edo iritzia emateko inolako aukerarik ez dugu eduki. Hau da EGIA.

EH Bilduk “diskrezioz jokatzea” deitzen dio Zumaiaren kudeaketan izan duen sekretismoari, opakotasunari eta gardentasun eskasari.

Oposiziotik Zumaiarako egindako proposamenen aurkako jarrerak, EAJrekin sinatutako aurrekontu akordioak ez betetzeak edo gardentasun faltak, EH Bilduren ikuspegirik gabeko gobernu lana islatzen du. Konpromisoaren ordez ihesa aukeratzen duen Gobernu eredua.

Agintaldi osoan zehar, aldebakarreko akordioak hartzea, konstante bat izan da. Landu behar ziren gaiei zegozkien batzorde informatiboetatik pasatu gabe; horrela, Zumaiako herria ordezkatzen dugun talde politiko guztien arteko eztabaida eta kontrastea saihestuz. Gure iritzia emateko, proposatzeko, iradokitzeko eta hala badagokio, bat ez etortzeko, talde bezala dugun eskubidea eta betebeharra mugatuz.

Oposizioaren ahotsa isiltzea, egin behar den foroetan eztabaida saihestea, oposizioak bere jarrera publikoki erakustean haserretzea eta iraintzea: hori da EH BILDUREN jarrera. 

Hala ere, azken 40 urteotako ibilbidea ikusita, ez gaitu harritzen. Hori izan da gaur egun EH Bildu koalizioa osatzen duten alderdien betiko joera eta ez da aldatu. 

EAJk oso ondo ezagutzen ditu herri kudeaketa tresna guztiak eta batez ere, HAPO-a. Izan ere, 40 urte baino gehiago daramatzagu gure herriaren ongizatearen alde borrokan.

EAJk, Gobernuan naiz oposizioan egon, Zumaia ahalik eta oparoena eta berdintsuena izatea du helburu. Zumaiar guztien bizi baldintzak hobetzeko lan egiten dugu. Beti egin dugu horrela eta emaitzek bermatzen gaituzte. 

EAJk azken agintaldi honetan (oposizioan egonik) eginiko berrogeita hamartik gorako proposamenak horren adibide dira.

Zoritxarrez, gure borondate eraikitzaile eta kolaboratzaileak, EH Bilduren gobernu taldearen ezezkoarekin, akordio ez-betetzeekin eta opakotasunarekin egin du topo.

Bai, ohar asko kaleratu ditugu lau urte hauetan zehar. Zenbat orrialde bete ditu EH Bilduk diru publikoaz ordaindutako aldizkari eta argitalpen digitaletan promoziorako “oharrak ateraz”? Hedabideetara atera gara herritarrek informazio guztia ezagutzeko eskubidea eta era berean, herriaren eta herritarren interesen alde egiten dugun lana ezagutzeko eskubidea dutelako.

Hala ere, bere kritika eta salaketekin, EH Bildu arreta benetako gaitik desbideratzen saiatzen ari da. Gure oharra Aita Mariko etxebizitzei buruz baita eta ez, Puntanuetako proiektuari buruz.

Benetako kontua  zera da, EH Bilduk Aita Mari futbol zelai gainean eraikitzeko proposatzen duen asmoa astakeria hutsa dela. Hektarea bat baino gutxiagoan 165 etxebizitza eraikitzea planteatzen da, HAPOaren aurrerapen dokumentuak hektareako 75 etxebizitza baino gutxiago aipatzen dituenean; eta hori izugarrikeria da.

“Fede txar” eta nahasmen ariketa batean, EH Bilduk Torreagaren promozioa eta Aita Marirentzat proposatzen duten operazioa nahastu egiten ditu. Bi espazioak ezin dira maila berean alderatu; ez okupatu beharreko lurren tamainagatik, ezta kokapenagatik ere. Torreagako promozioak 22.915 m2 ditu (2,2915 Ha), eta 250 etxebizitza eraikitzea aurreikusten du (109,08 etxebizitza hektareako). Aita Marik, berriz, 7.655 m2 ditu (0,7655 Ha), eta EH Bilduk 165 etxebizitza planteatzen ditu bertan (215,55 etxebizitza hektareako).

EH Bilduk Aita Marirentzat egiten duen proposamenak Zumaiako gunerik dentsifikatuenetako bat kolapsatzen du. Zumaiak  aisialdirako gune eta kirol zerbitzu moderno eta dimentsionatuak izateko etorkizuneko aukera eragozten du eta hala, zonalde horretan gutxieneko ongizate indizea mantentzea arriskuan jarriz

Etxebizitzak modu jasangarrian eraikitzeko beste modu eta kokapen batzuk badaudela uste dugu eta guk alternatibak ditugu.

Interesatu Zaitez