Birgaitutako 1,3 kilometroko zati berriak hiru errei eta aurreratzeko bi tarte ditu, bide-segurtasuna eta erosotasuna handitzeko
Azkoitia eta Urretxu arteko GI-631 errepidea hobetzeko obren lehen fasearen azken lanak oraingo astean hasi dira eta asfaltozko lehen geruza zabaltzeko lanak aste honetan bertan bukatuko dira. Horrela, obra egin den plataforma maiatzaren 15ean jarriko da martxan, Aintzane Oiarbide, Bide Azpiegituretako diputatuak, aurreratu duenez, Javier Zubizarreta eta Jon Luqui, Azkoitia eta Urretxuko alkateekin batera gaur egin duen bisitan. Oiarbidek aukera aprobetxatu du bigarren zatiaren proiektua dagoeneko idatzita dagoela aurreratzeko, 13 milioi euroko aurrekontuarekin.
2021eko ekainean hasitako lanak proiektuan aurreikusitako hiru faseetako lehenari dagozkio. Azkoitia eta Urretxu artean GI-631 errepidearen trazadura hobetzea Aldundiaren obra estrategikoetako bat da, eta horrek dakarren inbertsio handiak erakusten du “eskualdeen garapen eta kohesiorako dugun konpromiso sendoa”, Oiarbideren arabera, Urola ibarreko biztanleen aldarrikapen historiko bati erantzunez. Obra osoa 50 milioi euro inguruko inbertsioa izango da, eta horregatik erabaki zen hainbat fasetan egitea, azaldu duenez.
Lehenengo fasea, horrela, amaitutzat emango da behin betiko errodadura-geruza zoruan zabaldu eta dagozkion seinaleztapen- eta baliza-elementuak instalatu ondoren. Lehen balantzean, Oiarbidek azaldu du obra zaila izan dela, GI-631 errepideak jasaten duen trafikoa dela eta; izan ere, 3.300 ibilgailuk baino gehiagok erabiltzen dute errepide hori egunero, eta ibilgailu horien % 10 edo gehiago astunak dira. Hamahiru kilometro horiek berebiziko garrantzia dute milaka gidari horientzat, segurtasuna eta erosotasuna hobetuko baitituzte joan-etorrietan. “Errepide-sare erosoa, modernoa eta segurua izatea ere funtsezkoa da gure industriarentzat eta egunero bidaiatzen duten langile guztientzat”, Oiarbidek amaitu duenez.
Azkoitiko alkate Javier Zubizarretak azpimarratu du, bestalde, Azkoitia-Urretxu errepidearen hobekuntza izan dela, denbora luzez, herritarrek gehien eskatu dituzten jardueretako bat, eta Udalak gehien nabarmendu duen proiektuetako bat. “Azkoitirako berebiziko garrantzia du, gure erreferentziazko ospitalera iristeko errepidea delako eta Gipuzkoako Biribilgunearekin lotzen gaituelako. Obra garestia bezain beharrezkoa da. Lasaitasuna da jakitea egunero GI-631 errepidetik doazenek askoz ere errepide seguruagoa izango dutela", gaineratu du.
Luquik alderdi ekonomikoa ere nabarmendu nahi izan du, errepidearen hobekuntzaren ondorioz; izan ere, “Urretxu Gipuzkoako gaitasun handiko errepideen biribilguneko ardatz guztien erdian dago, eta lotura on batek lehiakortasun fisiko handiagoa ematen die herriko enpresei eta autonomoei”. Era berean, alkateak azpimarratu du gorabeheren abisuen sistemak eraginkortasunez funtzionatu duela herritarrak jakinaren gainean jartzeko, obrak egiten diren bitartean.
Errei zabalagoak eta segurtasuna handitzea
Lehen esku-hartzearen emaitza, amaitzear dagoen errepideko 1,3 kilometroetan, errepideko plataforma handitzea da, eta, horri esker, aurretik zeuden bi erreien ordez hiru errei daude. Errei berri hori gaituta, 400 metroko aurreratzeko bi tarte egin daitezke noranzko bakoitzean, txandaka jarrita. Aintzane Oiarbidek gogorarazi du jarduketa horien helburua ez dela ibilbidean abiadura handitzea, baizik eta aurreratze segurua ahalbidetuko duten guneak prestatzea. Bergarako Elosua auzoko eta Antzuolako Irimoegigoena auzoko hainbat baserritarako sarbideak ere hobetu dira, itxaroteko erdiko erreiak eraikit