Maribel Vaquerok Euskadiko tren zerbitzuak indartzea eskatu du berriz ere

Karrantza Haranen eskaintzen den zerbitzuaren kalitate kaskarra salatu du

Maribel Vaquerok Euskadiko tren zerbitzuak indartzea eskatu du berriz ere 29Martxoak
2023
2023 MartxoaK 29 |
Senatua
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

EAJ-PNVko Maribel Vaquero senatariak Karrantza eta Bilbo arteko tren-zerbitzuak indartzeko hartutako konpromisoak bete ditzala eskatu dio Espainiako Gobernuari. Trenbide arloko mozio baten eztabaidan, garraio arloko bozeramaile jeltzaleak gogorarazi du eskari hori Estatuko Aurrekontu Orokorretan sartuta dagoela, Euskal Talde Parlamentarioarekin adostutako zuzenketa baten bidez. “Badira inbertsio handiak behar dituzten hobekuntzak, eta beste batzuk ez hainbestekoak; borondate politikoaren eta jarraipenaren kontua da, eta hori da Estatuko Gobernuari eskatzen dioguna, linea hauek Euskadira transferitzen diren arte”, aldarrikatu du.

“Karrantzako Haraneko biztanleak garraio publiko mota horren menpe daude, eta urteak igaro ahala, hobetu beharrean, okerrera egin du, bai ibilbide-denborari dagokionez, bai maiztasunari eta zerbitzuaren kalitateari dagokionez”, esan du. Enkarterrietan, trenak eskualdearen %80ri ematen dio zerbitzua, eta “ardatz egituratzailea da, eta etorkizunean ere hala izan daiteke eta hala izan behar du”, nahiz eta gaur egun “zerbitzu kaskarra eta fidagarritasun gutxikoa” eskaintzen duen, tarte horretan gertakarien %40 baino gehiago pilatzen baitira.

Inbertsio eta mantentze falta hori, bai material ibiltarian bai giza baliabideetan, “urrunetik dator”, Vaqueroren esanetan, eta Alderdi Sozialistaren eta Alderdi Popularraren gobernuetan eman da, “eta ez da konpontzen legegintzaldi bakar batean”. Linea horiek ez dira oraindik Euskadira transferitu; “zorte txarragoa izan dute Euskotrenek kudeatzen ez dituelako, eta oso kalitate eskaseko zerbitzua eskaintzen dute gaur egun Eusko Jaurlaritzak kudeatzen dituen zabalera metrikoko beste linea batzuekin alderatuz gero”. Hori dela eta, Vaquerok azpimarratu du behar-beharrezkoa dela azpiegituretan inbertitzeko plan bat egitea, trenbide-zerbitzua modu integralean optimizatzeko, “Moncloan gobernatzen duenak gobernatzen duela, oraingoz bere eskumena baita”.

Interesatu Zaitez