Olatz Peon, Tolosako alkatea: “Urteak daramatzagu lankidetza bideak sendotzeko eta herritarrak erabaki publikoetan inplikatzeko gobernantza eredu berrietan sakontzen, benetan sinesten dugulako herritarren partaidetza, inplikazioa eta elkarlana direla herrigintzaren giltzarriak eta aurrean ditugun erronka konplexuei sendotasunez erantzuteko gakoa. Bide horretan, eskerrak ematen dizkiot Herritarren Batzarrari, erronka honen aurrean eman duen erantzunagatik eta egin duen lanagatik.
14 izan ziren, joan den urteko abenduan Tolosako lehen Herritarren Batzarrak Udalari ongizatearen eta osasun emozionalaren inguruan aurkeztutako gomendioak. Prozesua aitzindaria izan da herrian eta zozketa zibikoz aukeratutako 32 lagun, 40 orduz aritu ziren, 5 larunbatetan zehar banatuta, gaiaren inguruan deliberatzen, aditu eta arituen informazioa jasotzen lehenbizi eta jasotakoaren inguruan deliberatzen eta gomendioak lantzen, ondoren.
Gaurkoan, gomendio horiei erantzuna emateko txanda izan da eta horren harira, Tolosako Udalak konpromiso zehatz eta errealak hartu ditu. Gomendioen erantzun saio honetan parte hartu dute Tolosako Udaleko ordezkari politikoek, prozesuan bidelagun izan diren Arantzazulabeko kideak, eta, noski, Herritarren Batzarra osatu duten 32 lagunak.
Alkateak eman die ongietorria Herritarren Batzarreko kideei eta gomendioen erantzunak aurkezten hasi aurretik esker oneko hitzak izan ditu batzarkideentzat. “Urteak daramatzagu lankidetza bideak sendotzeko eta herritarrak erabaki publikoetan inplikatzeko gobernantza eredu berrietan sakontzen, benetan sinesten dugulako herritarren partaidetza, inplikazioa eta elkarlana direla herrigintzaren giltzarriak eta aurrean ditugun erronka konplexuei sendotasunez erantzuteko gakoa. Bide horretan, eskerrak ematen dizkiot Herritarren Batzarrari, erronka honen aurrean eman duen erantzunagatik eta egin duen lanagatik”; adierazi du Tolosako alkateak, Olatz Peonek.
14 gomendioak
Zer egin dezake Tolosako Udalak lankidetza publiko komunitarioaren bidetik, guztion osasuna eta ongizate emozionala hobetuko duen Tolosa lortzeko? Hori izan da, hain zuzen, Tolosako Herritarren Batzarrak landu duen gaia eta gaurko itzulera saioan, batzarkideek aurkeztutako 14 gomendioei eman die erantzuna Udalak alkatearen eta udal alderdietako bozeramaileen hitz-hartzeen bidez. “Erronka potoloa jarri genizuen aurrean eta oso proposamen interesgarriekin erantzun diozue. Gaurkoan, guri dagokigu, konpromiso errealekin zuen gomendioei erantzutea”, adierazi du alkateak.
Hori horrela, lehen gomendioan arkitektura inklusiboa gomendatzen dute batzarkideek eta Tolosako Udalak hori sustatu eta areagotze aldera udal departamentu arteko batzordea eratuko du, egungo egoeraren diagnostikoa burutuz eta hirigintza inklusiboa helburu duen Tolosako aktuazio-irizpideak zehazten dituen protokoloa landuz kolektibo desberdinen parte-hartzearekin.
Bigarren gomendioan Tolosarren ongizate emozionala ezagutzea eskatzen da eta Tolosako Udalak modu orokorrean babestu du gomendioa eta horretarako Tolosako herritarren ongizate emozionalaren inguruko diagnostikoa eta azterketa burutzeko konpromisoa hartu du, baita herrian dauden eta gaiarekin lotura duten zerbitzu, jarduera, ekimen, espazio eta erakundeak identifikatzekoa ere.
Hirugarren gomendioari jarraiki, batzarkideek boluntariotzaren gaiari heldu diote eta Udalak bere babesa azaldu du gaiaren aurrean. Herritar oro boluntariotzaren mundura gerturatzeko pizgarrien identifikazioa eta lanketa modu parte hartzailean burutzea eta Tolosako Boluntariotza Azoka antolatzea dira hartutako konpromisoak.
Laugarren gomendioa da ongizate emozionalerako laborategi esperimentala garatzea eta kasu honetan, Udalak une honetan ez du konpromisorik hartu, gomendioaren azken helburua ontzat ematen duen arren, egungo baldintzak tarteko ezin delako aurrera eraman.
Bosgarren gomendioan zerbitzuen informazio guneak jartzea gomendatzen dute batzarkideek, eta Udalak, gomendioaren helburua ontzat ematen duen arren, aldaketekin erantzuteko konpromisoa hartzen du. Horretarako UDATE-Herritarren Arreta Zerbitzuaren baitan lehen mailako informazioa herritarren esku jartzeko asmoz lanean jarraituko du eta osasun eta ongizate emozionalari buruzko herri mailako zerbitzu, baliabide eta egitasmo desberdinak jasotzen dituzten informazio-euskarri egokiak sortzen eta ikusgarritasuna ematen, indar berezia jarriko du.
Seigarren gomendioaren bitartez Etxegazte deituriko programa martxan jartzea eskatzen da, gazteei zuzenduriko etxebizitza aukerei zuzendutakoa. Udalak modu orokorrean babesten du gomendioa eta horretarako, orain arteko etxebizitza alorreko laguntza lerroetan sakontzeaz gain, etxebizitza eredu desberdinen identifikazioa, azterketa eta Tolosako behar eta errealitatera hobekien egokitu daitekeen eredua lantzeko ikerketa prozesua martxan jartzeko konpromisoa hartu du.
Zazpigarren gomendioak arrakala digitalari egiten dio erreferentzia eta gomendio horri jarraiki, teknologia komunitarioaren ideia ardatz hartuta, baliabide eta zerbitzuen identifikazioa egiteko eta horiekin elkarlanean informazio-euskarriak garatu eta egitasmo desberdinak martxan jartzeko konpromisoak hartu ditu Udalak.
Zortzigarren gomendioak gazteak, LGTIQ+ kolektiboak eta suizidioaren gaia ditu ardatz. Tolosako Udalak modu orokorrean babesten du gomendioa eta horretarako, prebentzioa, sentsibilizazioa, formakuntza, babeserako zerbitzu eta erreparazioaren jardun-eremuetatik erantzuteaz gain, suizidioa prebenitzeko Tolosako I. Gida lantzeko konpromisoa hartu du, elkarlanean.
Bederatzigarren gomendioak boluntariotzaren gaiari heltzen dio, kasu honetan boluntariotza garaikidearen esperimentazioari elkarteetan eta Tolosara iristen direnei tutoretza zein bitartekaritza zerbitzua eskaintzea eskatzen du. Horren harira, Tolosako Udalak konpromiso gisa hartu ditu herritar oro boluntariotzaren mundura gerturatzeko pizgarrien identifikazioa eta lanketa modu parte hartzailean egitea, Tolosako Boluntariotza Azoka antolatzea eta pizgarrien lanketa partekatuari dagokionez, esperientzia piloto bat elkarlanean burutzeko aukera aztertzea.
Hamargarren gomendioak harremanak eta sarean sortzen dituzten ekimenak bultzatzea eskatzen du eta Tolosako Udalak aldaketekin erantzuteko konpromisoa adierazi du kasu honetan. Horrela, egungo egitasmoen baitan egitasmo esperimental puntualak sustatzen eta errazten ahaleginduko da. Eta dinamizazio komunitarioa lan ardatz izango duen udal zerbitzu baten beharraz eta egokitasunaz gogoeta prozesu ireki eta parte hartzailea zabalduko du.
Hamaikagarren gomendioak espazioa eta gazteen aisialdia ditu oinarri eta Udalak Hezkuntza Mahaiaren eta Nerabeen Parte Hartze Foroaren baitan emango diren hausnarketa eta ekimenen baitan kokatzen du gomendio honen erantzuna.
Hamabigarren gomendioak gazteak (18-25 urte) eta elkarte gastronomikoak ditu protagonista eta kasu honetan batzarkideek egindako gomendioaren azken helburua uler badezake ere, egungo testuinguruan ezin du aurrera eraman. Izan ere, Tolosak ez du gaiari buruz eskuduntza propiorik eta elkarte pribatuen jardun eremuan sartzea suposatuko luke. Aldiz, gomendioaren inguruan elkarrizketa prozesua zabalduko da.
Hamahirugarren gomendioa “natura, emozioak, balioak, prestakuntza” izenburua jasotzen du eta horri lotuta, ekintza lerro desberdinak martxan jarriko dira, beti ere ingurumenarekiko eta naturarekiko hartu-eman zuzena ahalbidetuz eta gure ekosistema zaintzeko egitasmoak aurrera eramanez.
Hamalaugarren eta azken gomendioak konfiantza instituzionalari egiten dio erreferentzia. Udalak, hori bermatze aldera, berau betetzeko konpromisoa hartzen du Tolosan indarrean den ordenantza betez, batzarkideei gomendioen inplementazioaren jarraipena egiteko aukera emanez eta gomendioen inplementaziorako herritarren parte hartzea ahalbidetuz.
Datozen urratsak
Behin gomendio guztiak erantzunda, horien inplementazioari jarraipena emateko bi saio egingo ditu Jarraipen Batzordeak, 2023ko urrian lehena eta 2024ko urrian bigarrena. Bilera horien ostean, aurkezpen publikoak egingo dira eta Tolosako Udaleko ordezkariek gomendioen inplementazioaren egoera azalduko dute.
Saio horietan Tolosako Herritarren Batzarreko kideek hartuko dute parte, gomendioak aurrera nola eramaten ari diren aztertuz eta beharrezkoak ikusten dituzten ekarpenak eginez.
Herritarren Batzarrak egindako gomendioak eta gomendio horiei Udalak emandako erantzuna osorik ikusgai eta eskuragarri dago Herritarren Batzarraren txostenean.