Elixabete Etxanobek bermatu duenez “traineru honek norabideari eutsiko dio Bizkaiak aurretik daukan etorkizun ilusionagarriari” aurre egiteko

Foru Aldundiaren helburuek orain arteko berberak izaten jarraituko dutela ziurtatu du Mundakan EAJ-PNVk ahaldun nagusirako proposatzen duen hautagaiak: “Herrialde honetako emakumeen eta gizonen bizi-kalitatea hobetzeko lanean jarraituko dugu”

Elixabete Etxanobek bermatu duenez “traineru honek norabideari eutsiko dio Bizkaiak aurretik daukan etorkizun ilusionagarriari” aurre egiteko 25Martxoak
2023
2023 MartxoaK 25 |
BBB
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

“Traineru hau ez da geldituko. Martxan jarraituko dugu, ziabogarik eta norabide aldaketarik egin gabe. Aurrera egiten jarraituko dugu, Bizkaiak ilusioz beteriko etorkizuna baitu aurretik. Aldundiak lanean jarraituko du herrialde honetan bizi garen emakumeen eta gizonen bizi-kalitatea hobetzeko”. Horrela laburbildu du Elixabete Etxanobek, Bizkaiko ahaldun nagusirako EAJren hautagai eta Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako foru diputatuak, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak utziko duen lekukoa hartzeko herritarren aurrean aurkeztuko den proiektuaren helburua.

Hautagai jeltzaleak ziurtatu du “kudeaketa serio batekin” egingo duela, “zalapartarik egin gabe, istilurik gabe”, eta lasaitasun mezu bat helarazi nahi izan du: “Bizkaiko zuzendaritza ez da aldatuko, ez dago horretarako arrazoirik. Gai estrategikoetan, norabidea hartuta dago; gauzatzean sakonduko dugu, baita egiteke dagoen horretan ere; hau da, hobetu egingo dugu”, aurreratu du Etxanobek. Azaldu duenez, “Bizkaiak herritarren eskaerei erantzuten die neurri handi batean. Beraz, helburua berbera izaten jarraituko dugu: herrialde honetako emakumeen eta gizonen bizi-kalitatea hobetzeko lanean jarraituko dugu. Jarduera ekonomikoa indartuz eta kalitatezko enplegua sustatuz, pertsonak zaintzeko sistema hobetuz eta zerbitzu publiko onenak bermatuz”, adierazi du.

Ahaldun nagusigaiak gaur goizean Mundakan egin den bileran egin ditu adierazpen hauek, EAJk maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeetara aurkeztuko dituen ordezkariekin egin duen topaketan. Etxanobek Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusi eta kostako herri horretako herritarrari zuzendu dizkio bere lehen hitzak eta esan du “patroi bikaina” izan dela Bizkaiarentzat. “Unai, bihotzez, eskerrik asko zure eskuzabaltasunagatik eta baldintzarik gabe eman didazun laguntzagatik. Azken zortzi urteotan Bizkaiko eta herri honen alde diputatu nagusi gisa egindako lan eskerga eta konpromisoa ere aitortu nahi nituzke, baina baita zure bizitzaren ia erdia zerbitzu publikoari eskaintzeagatik ere. Horregatik ere merezi duzu gure aitortza eta esker ona”, esan du hunkituta.

Gaur goizeko ekitaldi jendetsuan 200 alderdikide eta alderdizale baino gehiago bildu dira Mundakako Talaian, eta bertan izan dira, halaber, Itxaso Atutxa, Bizkai Buru Batzarraren presidentea; Jane Eyre Urkieta, Busturia-Uribe barrutiko zerrendaburua, Jesus Lekerikabeaskoa, Leixuri Arrizabalaga, Maitane Ipiñazar, Ana San Nicolás eta Aitor Landa, BBBko burukideak; Olatz Garamendi, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua; Iñigo Iturrate, Ainara Zelaia eta Jon Aiarza legebiltzarkideak, eta Lorea Bilbao, Ainara Basurko eta Jose Mari Iruarrizaga foru diputatak, besteak beste.

BUSTURIALDEA, LEHEN PERTSONAN

Baina, gaurko protagonismoa Busturialdean EAJ-PNVren udal zerrendaburu izango diren emakume eta gizonentzat izan da. Josu Sabin Olano (Arratzu), Aritz Abaroa (Bermeo), Aitor Aretxaga (Busturia), Itziar Garamendi (Ea), Ritxar Basterretxea (Elantxobe), Joseba Zarragoikoetxea (Ereño), Fran Zubiaga (Errigoiti), Mikel Magunazelaia (Forua), Patrik Saitua (Gautegiz Arteaga), Xabier Irazabal (Gernika-Lumo), Martin Saitua (Ibarrangelu), Karmele Embeita (Kortezubi), Joseba Mallea (Mendata), Mª Teresa Artetxe (Morga), Irati Gondra (Mundaka), Julen Karrion (Murueta). Ajangizko eta Nabarnizko Udal Erakundeek oraindik ez dituzte amaitu hautagaitzak hautatzeko barne-prozesuak.

Irati Gondra Mundakako alkate eta berrautaketarako hautagaiak hasiera eman dio ekitaldiari. Bere hitzaldian adierazi duenez, Mundakako EAJ-PNVk “Mundakaren alde lan egiteko prest eta prestatuta dauden emakume eta gizonen taldea eskaintzen die herritarrei, herri honi etorkizuneko onena eskaintzeko prest”. Adierazi duenez, “hainbat proiekturekin” egingo dugu, hala nola “haurreskola berriarekin, kontsultategia berritzearekin, Santa Katalina inguruko aisialdirako gune berriarekin, kirol-azpiegiturak hobetzearekin, gazteei eta gure adinekoei laguntza hobetuta, edo Udala herritarrengana hurbilduz”, besteak beste. “Mundakako EAJ-PNVren taldeak hori lortzeko ardura, ilusioa eta konpromisoa eskaintzen ditu”, bermatu du.

Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarreko presidenteak eskerrak eman dizkie “erakundeetan izan direnei daudenei eta egongo direnei”, eta azpimarratu duenez “EAJ-PNVk hiritargoari eskainiko dizkio berriz hautagairik onenak, pertsonarik onenak; konfiantza, sinesgarritasuna eta erantzukizuna eskaintzen ditugu”, ziurtatu du. Era berean, nabarmendu nahi izan du Busturialdeko udalerri bakoitzak duela “bere agenda propioa, herri bakoitzarentzako programa, partaidetza-prozesuen ondorioetan, lanean eta azterketan oinarritua, baina esparru komun baten barruan. Mundakari gauzak ondo badoazkio, ondo joango zaie Busturialdeari, Bizkaiari eta Euskadiri. Hori bai, zuen ardura da erakundeetatik zuen herrikideen ongizatea eta aurrerapena lortzea. Baina jakin ezazue ez zaretela bakarrik egongo ibilbide luze honetan. Alderdi gisa lan erraldoia daukazue hemendik aurrera. Une onak eta une txarrak ditugu zain. Baina beti izango duzue Alderdia zuen ondoan. EAJ gara, hemen lan egiten dugu, taldean bizi eta sentitzen gara. Guzti-guztiak”, amaitu du.

Interesatu Zaitez