Ramiro González: “Arabak behar dituen garapen ekonomiko, ongizate, enplegu eta egonkortasunaren bermea gara”

EAJ-PNVk batu ditu Arabako Batzar Nagusietarako hautagaiak Iruña Okan, non Andoni Ortuzarrek maiatzaren 28an abstentzioak ekarriko lituzkeen ondorioez ohartarazi duen: “Herritarrak etxean geratzen direnean eta bozkatzera joaten ez direnean estremistek irabazten dute, politika txarrak irabazten du”

Ramiro González: “Arabak behar dituen garapen ekonomiko, ongizate, enplegu eta egonkortasunaren bermea gara” 25Martxoak
2023
2023 MartxoaK 25 |
ABB
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

“Garapen ekonomikoaren, ongizatearen, enpleguaren eta egonkortasunaren bermea gara. Arabarentzat etorkizun oparoaren bermea gara”. Ramiro González Arabako ahaldun nagusia eta EAJren hautagaia Arabako gizartearen aurrean aurkeztu da gaur goizean Iruña Okan egindako ekitaldi politikoan. Zortzi urtez gobernuan egon ondoren, hautagai jeltzaleak ziurtatu du Arabak bizi dituen aldaketei esperientziatik eta konpromisotik helduko diela, ilusioz, anbizioz eta bihotzez. “Herrialdea kudeatzen dakienaren eta ezagutzen duenaren segurtasuna eskaintzen diogu Arabako gizarteari. Gure borondate osoa eskaintzen diogu Arabaren interesen defentsari”. Langraizko Herriko Plazan 200 pertsona ingururen aurrean egin den ekitaldian, Txaro Romero EAJ-PNVren Iruña Okako alkategaiak, José Antonio Suso Araba Buru Batzarraren presidenteak eta Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak hitz egin dute. “Abstentzioa izango da Arabak eta Euskadik M-28ko hauteskundeei begira izango duten mehatxu nagusia. Jendea etxean geratzen denean eta botoa ematera joaten ez denean, alde bateko edo besteko estremistek irabazten dute, politika txarrak irabazten du”, ohartarazi du.

Gonzálezek bere esker ona adierazi nahi izan die EAJ-PNV osoari, agintaldiko azken urteetan alboan izan dituen batzarkideei eta Arabako Batzar Nagusietarako EAJ-PNVren hiru hautagaitzak osatzen dituzten kideei. Zentzu horretan, azpimarratu nahi izan du Euzko Alderdi Jeltzaleak baino ez dituela aurkeztuko Batzar Nagusietara Arabako Kuadrilla guztietako ordezkariak. “Gure nortasun-ezaugarrietako bat da. Gure konpromisoa da”. Ondoren, egungo ahaldun nagusi eta berrautaketarako hautagaiak gogorarazi du nola egin dien aurre bere gobernuak legegintzaldi honetako urte zail eta zailei. “Gure lehentasuna pertsonak izan dira”, esan du Araba aurrera ateratzeko hartutako neurriak banakatu aurretik: deflaktazioa, inflazioaren aurkako kenkaria, autonomoentzako eta enpresa txikientzako zerga-hobekuntza, nekazaritzarako, abeltzaintzarako eta garraioarentzako zuzeneko laguntzak… “Lan horrek fruituak eman ditu, Arabak inoiz baino pertsona gehiagorekin amaitu zuen 2022. urtea”, adierazi du.

Gonzálezek herrialdearen egungo egoera deskribatu du. “Herrialde aurreratuenek erabakitasunez aurre egin behar dieten hiru eraldaketa handiak lantzen ari gara, elkarlanaren bidetik aurrera eginez eta proiektuek aurrera eginaraziz. Ekonomia berritzeko eta dibertsifikatzeko proiektuak ugaltzea eragin duen gobernatzeko modu bat da hori”, ziurtatu du. Eta, datorren legegintzaldiari begira, argi utzi du Arabako historiako inbertsiorik garrantzitsuenak finkatzea eta Arabako errealitatea indartsua eta erakargarria izateko oinarriak ezartzea lortu ondoren, “orain dagokigu horiek gauzatzea, eta esperientziatik eta konpromisotik helduko diegu, ilusioz, anbizioz eta bihotzez”.

Kudeaketa horren aurrean, Ramiro Gonzálezek beste eredu batzuk kontrajarri ditu, hala nola EH Bildurena. “Datozen urteek ekarriko dutenari heltzeko, ongizatea, aberastasuna eta enplegua bermatzen dugunon eta Arabaren garapena geldiarazten eta aurrerapenaren aurka urteak daramatzagunen artean aukeratu behar da. Bakarrik daude eroso kritikatzen eta pankartaren atzean, konponbiderik eman gabe. Horrela ez da herrialderik eraikitzen. Aurrera egin behar da, eta herri hau, lurralde hau, aurrera egiten ari da”, nabarmendu du. Amaitzeko, hautagai jeltzaleak konpromisoa hartu du lanean jarraitzeko, inoiz baino gogo eta ilusio handiagoarekin, “Araban barrena, herriz herri, zuen arazoak entzuten, artatzen eta konpontzen. Politika erabilgarriaren, pertsonen zerbitzura dagoen politikaren eta Euzko Alderdi Jeltzalearen politikaren bidez lan egiten jarraituko dut”.

Txaro Romerok, Iruña Okako alkategai jeltzaleak, “udalerrian behin eta berriz errepikatu diren arazoei irtenbidea emateko konpromisoa” hartu du, “elkarrizketa, akordioa eta lankidetza” abiapuntu nagusi diren jarrera batekin eta “esperientzia, konpromisoa, zorroztasuna eta erantzukizuna eskaintzen dituen talde baten eskutik. ‘EAJ eredua’ da”.

José Antonio Suso ABBko presidenteak adierazi duenez, “Euzko Alderdi Jeltzalearen siglak ordezkatzen ditugunok erabakiak hartzerakoan pertsonak ditugu helburu eta goiburu. Pertsona guztiek, salbuespenik gabe. Haien beharrak ezagutzen ditugu, gureak dira. Herriaren hobekuntza bultzatzeko irtenbideak bilatzen ditugu udaletatik, aldundietatik, Eusko Jaurlaritzatik. Gizartearentzat ongizate handiagoa eta hobea bilatzen. Proiektua, ilusioa eta segurtasuna dira Euzko Alderdi Jeltzaleko gizon-emakumeok eskaintzen ditugunak. Fidatzekoak garelako, sinesgarriak garelako eta arduratsuak garelako. Arabako gizartearekiko konpromisoari tinko eusten dion alderdia gara”.

Gaurko ekitaldia itxi du EBBren presidente Andoni Ortuzarrek, eta bertaratuei luzatu nahi izan dien mezua izan da maiatzaren 28an arabar eta euskal herritar guztiek botoa ematera joateko hautua hartu behar dutela, abstentzioak Vox eta gainerako estremismoei baino ez dielako lagunduko. “Hiritargoari ulertarazi behar diogu jokoan daukagun guztia. Jokoan daukagu gure Udalak, Batzar Nagusiak eta Aldundiak noren eskuetan egongo diren. Gure zergak, zerbitzu sozialak, udal zerbitzuen kalitatea, gure egoitzak eta eguneko zentroak, kiroldegiak, gure auzoetako argiteria, garraio publikoa, gure errepideen egoera… eta beste mila gauza gehiago. Hori dena maiatzaren 28an erabakiko baita. Eta egun horretan bozkatzera joango ez dena ‘politikaren egoera txarra’ aitzakiatzat hartuta, gauza horiek guztiak arriskutan jartzen egongo da”. Jeltzaleen buruak gogora ekarri du abstentzio handiaren ondorioz Vox-ek oso boto gutxiren aldearekin lortu zuen Araban eserleku bat eskuratzea Eusko Legebiltzarrerako 2020ko hauteskundeetan. “Horretatik ikas dezagun”, esan du. “Egin dezagun pedagogia gure familietan, terrazetan eta laneko tertulietan. Ez da gauza bera bozkatzea edo ez bozkatzea. Ez da berdina. Jendea etxean geratzen denean, estremismoek irabazten dute. Gogoan duzue xaboi haren iragarkia: ‘Bilatu, konparatu eta hoberik aurkitzen baduzu, eros ezazu’? Horixe da gakoa. Gainera, ziur gaude benetan bilatzen eta alderatzen badute, EAJ aukeratuko dutela. Konbentzituta gaude herritar gehienak hautestontzietara badoaz, EAJren emaitzak oso onak izango direla eta Araba eskurik onenetan egongo dela”, amaitu du.

Interesatu Zaitez