Apirilean lizitaziora aterako den eraikuntza-proiektuak zubibidea hobetuko du egiturari dagokionez, eta zabaldu egingo du, espaloiak barne.
Gipuzkoako Foru Aldundiak prest du Mendaron, GI-3821 errepidean, Deba ibaiaren gaineko zubia birgaitzeko eta hobetzeko eraikuntza-proiektua. Berrikuntza osoa izango da eta datorren apirilaren hasieran lizitatuko da, 2.196.195,08 euroko kostuarekin (BEZa barne) eta 8 hilabeteko exekuzio epearekin. Beraz, obrak irailean hastea eta datorren urteko udaberrian osatzea aurreikusten da.
Aintzane Oiarbide, Bide Azpiegituretako diputatuak, behin betiko proiektuaren xehetasunak emateko herrira egin duen bisitan, azpiegitura hori baldintzarik onenetan mantentzearen garrantzia azpimarratu du, ibaiaren bi ertzak eta zubibidea lotzen dituelako, eta gaur egun funtsezkoa delako komunikaziorako eta oinarrizko zerbitzuak hornitzeko. Aurreko bisitan aurreratu zen bezala, Gipuzkoako Foru Aldundiak bigarren sarbide bat eraikitzeko asmoa du Aizkoltxon, zubi berri batekin. Oiarbidek gaur zehaztu duenez, aurtengo urrirako prest egongo da proiektu honen idazketa.
Iñaki Arregi alkateak, bere aldetik, eskerrak eman dizkio Aintzane Oiarbide foru diputatuari Mendaro bezalako herri txiki bateko azpiegiturak sustatzearen alde egindako apustuagatik, eta, ondorioz, mendarotarren ongizatean egiten den onurarengatik. Arregiren ustez, “udalerriaren irisgarritasuna hobetuko duen proiektu estrategikoa da, eta egungo zubia berritzea eta etorkizuneko bigarren zubia eraikitzea, bi zutabe oso garrantzitsu dira”. Gaur egungo zubia da herrira sartzeko bide bakarra, eta ezinbestekoa da zubia egoera onean mantentzea mendaroar guztien segurtasuna eta herriaren funtzionamendu ekonomiko eta soziala bermatzeko. Are gehiago, Debabarrena eskualdeko ospitalea hirigunean dagoela kontuan hartuta. “Orain arte bezala, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean jarraituko dugu, udalerri hobea eraikitzen jarraitzeko”, erantsi du Arregik.
Egungo zubiaren obrei dagokienez, egiturazko kalterik ez badago ere, birgaitze-lanak konplexuak dira, bai zubiaren ezaugarri teknikoengatik, bai zubiaren kokapenagatik, diputatuak azaldu duenez. Zubiak 55 metro eta 5 bao ditu, 1976. urtean eraiki zen, eta Deba ibaia, erriberako pasealeku bat eta Bilbo-Donostia trenbidea zeharkatzen ditu. Obraren konplexutasuna galiboetatik dator, trenbidearen, Deba ibaiaren afektazioaren eta, batez ere, obra burutzeak dakarren zailtasunaren ondorioz, trafikoa nahitaez irekita mantendu behar delako. Gaur egun, Garagartza auzorako sarbide bakarra da, eta bertan dago Mendaroko Eskualdeko Ospitalea, Debabarrena eskualde osorako erreferentziazko osasun-zentroa. Jarduketa zubia zabaltzean datza, ertz bakoitzean metalezko habe bana atxikiz, bi metroko zabalerako espaloiak eta euste-sistema egokia izateko. Metalezko egitura hori corten altzairuzkoa izango da, eta zubiaren bi muturrak euskarri ertain batekin bermatuko ditu, 40 eta 20 metro inguruko 2 bao sortuz. Ondorioz, lan-karga murriztu egiten zaio egungo egiturari. Era berean, egindako egituren ikuskapenean antzemandako patologiak konponduko dira, eta uren bilketa hobetuko da, etorkizuneko narriadurak saihesteko; horrela, egungo estandarren arabera homologatuko da. Taula, espaloiak barne, zabalagoa izango da, eta zerbitzuak berriro instalatuko dira egituran. Eraikuntzan zirkulaziorako errei bat egongo da irekita uneoro, eta lanak eskualdeko ospitalearekin komunikatu eta koordinatuko dira.
Azkenik, Azpiegitura diputatuak bisita aprobetxatu du Mendaroko eta N-634 errepidearen arteko lotura berria Aizkoltxon eraikitzeko eman diren urratsen berri emateko. Bide Azpiegituretako Departamentua Garagartza auzoa errepide horrekin lotzeko proiektu berri bat idazten ari da, eta, beraz, etorkizunean 2 sarbide izango ditu herriak. Aitzane Oiarbidek azaldu duenez, Aizkoltxoko sarbidearen helburua industria-jarduerek sortutako garraio astunaren fluxu guztiak xurgatzea izango da, trafiko horiek GI-3821 errepideko zubitik kenduz. Proiektua aurtengo urrirako egongo da idatzita, eta Debabarrena eskualde osoari egingo dio mesede; izan ere, ospitalera bide segurtasun handiagoarekin eta sarbide hobeekin hurbildu ahal izango da, eta ibaiaren bi ertzak lotuko dituen oinezkoentzako ibilbide bat ere aurreikusten da.