Osasun-azpiegiturak 2.200 metro koadro baino gehiago izango ditu, eta Azokaren eraikinak hartzen duen espazioan egongo da, eraikina eraitsi egingo baita
Osasun Sailak eta Elgoibarko Udalak, gaur, udalerrian osasun-zentro berria eraikitzea adostu dute, gaur egungoa txiki eta zaharkituta baitago. Proiektua betetzeko akordioa gauzatzeko, konpromiso bat sinatu dute Gotzone Sagardui Osasuneko Sailburuak eta Ane Beitia Gipuzkoako udalerriko alkateak.
Egungo osasun-zentroak sarbide zaila du, eta haren egiturak ez du aukerarik ematen Elgoibarko eta inguruko (Mendaro, Soraluze…) herritarrei –18.000 biztanle inguru– arreta emateko egungo eta etorkizuneko asistentzia-beharretara egokitzeko. Udalerri horretan eraikitzea aurreikusten den osasun-zentro berriak honako zerbitzu hauek izango ditu: medikuntza orokorreko 8 kontsulta, egoiliarrentzako 2 kontsulta, erizaintzako 8 kontsulta, medikuntza pediatrikoko 2 kontsulta, erizaintza pediatrikoko 2 kontsulta, talde-jardueretarako gela bat, odola ateratzeko gela bat, fisioterapia-gela bat, kirurgia txikiko gela bat eta emakumearen arloa, besteak beste.
Guztira, osasun-zentroak 2.264 metro koadroko azalera eraikia izango du, 6 solairutan banatuta( sotoa, beheko solairua + 4 solairu),gaur egun, Elgoibarko osasun-zentroak 960 metro koadro erabilgarri ditu. Osasun-ekipamendu berria Gipuzkoako udalerriko lehengo Azokaren espazioan altxatuko da; eraikin zaharra eraitsi egingo da horretarako.
Lan horrek urrats bat gehiago dakar Euskadiko erakundeek, batetik, Euskadiko herritarren osasunarekin duten konpromisoan, eta, bestetik, lehen mailako arreta sendotzeko helburuarekin duten konpromisoan, osasun-asistentzia Euskadiko auzo, herri eta hiri bakoitzera gero eta gehiago hurbiltzen jarraitzeko. Gogorarazi behar da Osakidetzak, 2023ko aurrekontuan, 117 milioi euro dituela haren instalazioen eta ekipamenduen modernizazioan inbertitzeko.
Ane Beitia Elgoibarko alkateak Osasun Sailaren lankidetza eskertu du eta nabarmendu “pausu benetan garrantzitsua da Osakidetzarekin elkarlanean ematen ari garena herritarrei osasun-azpiegitura egokiak eskaintzea ahalbidetuko baitu, zerbitzu osagarriak barne hartzearekin batera. Egungo Merkatu Plaza bilakatuko da anbulategi moderno batean, baina merkatu plazaren idiosinkrasia mantenduko dugu eremu estali berri bat sortuz inguruan, bertan toki eginez ostegunetako baserritarrei zein egunerokoan herritarrentzako aisia gunea sortuz. Ez hori bakarrik, plaza berri bat izango da, Kultur Etxea balioan jarriz eta herria ere ibaira begira jarriz. Ingurune osoa eraberrituko dugu. Noski, egun Merkatu Plazan kokatuta dauden saltzaileei (bi egun, eta bakarra ekainetik aurrera) zein elkarte eta eragile ezberdinei espazio egokia eskainiko zaie. Horretan lanean ari gara jada”.
Alkateak gaineratu du “anbulategi zaharrari bizitza berri bat emango diogu eta aztertzen ari gara zer hartuko duen bere baitan: elkarteentzako lokalak, gazteentzako alokairurako etxebizitzak… Azpiegitura eta aukera berriak, zerbitzu gehiago… garai eta joera berrietara egokitzen jarraitzen dugu Elgoibar, elkarlanean”.