EAJ-PNVn hiru hilabete eta erdi daramatzagu Floridako bi bide proposamenetako proiektuak aurkeztu zain

Andoni Amonarraizek adierazi du: “Kezkagarria iruditzen zaigu EH Bilduk bere bide proposamenaren proiektua eman nahi ez izatea, eta ezta gurea ere. Beraien jabetzakoak direla uste ote dute? Hernaniarrenak eta haien ordezkarienak dira”

EAJ-PNVn hiru hilabete eta erdi daramatzagu Floridako bi bide proposamenetako proiektuak aurkeztu zain 21Martxoak
2023
2023 MartxoaK 21 |
HERNANI

PARTEKATU

Andoni Amonarraiz, Hernaniko EAJ-PNVko bozeramailea, kezkatuta agertu da EH Bilduren gobernu taldeak Floridako bideetako proiektuen inguruan informatzen ez duelako: “2022ko azaroko Osoko Bilkuran Florida eta Landare-Zubipe lotuko dituen bidearen egoeraz galdetu genuen, EH Bilduk aho batez defendatzen baitu. Era berean, guk proposatutako proiektuari buruz egindako azterlanari/zirriborroari buruz ere galdetu genuen azkenekoz. Ustez, gobernu-taldearen proiektua idatzi duen ingenieria enpresa eta gurea berdina dira. Erantzun ziguten, batetik, beren bidea egin zitekeela, eta gurea ez; eta, bestetik, zegokion informazio emango zigutela hori ikusi ahal izateko. Hiru hilabete eta erdi igaro dira eta oraindik ez dugu jaso. Portaera hori ez da oposizioarekin bakarrik gertatzen. Adibide gisa esan nahi dugu badela herritar bat 10 hilabete daramatzana Osoko Bilkurara konponbide bila etortzen; esaten diote 15 egun edo hilabete barru erantzungo diotela eta ez du erantzunik jaso. Gora gardentasuna!”.

Bozeramaile abertzaleak argitu nahi du: “proiektuak aztertzeko eskatzen dugu, haien ingeniariek baitiote gure proposamena ezin dela egin, gure ingeniariak kontrakoa esaten badute ere. Guk proposatzen dugu bide bat egitea, Etxeberriko sarreratik abiatu, egun dagoen tuneletik igaro eta Ibaiondoko biribilgunera irteera zuzena izango duena, Zubiondotik igarota. Logikoa denez, oinezkoak eta autobusak igarotzeko egokituko da. Akats bat egin badugu, ikusi nahi dugu. Ez da onargarria EH Bilduk egin nahi ez izatea EAJ-PNVk proposatu duelako bakarrik, nahiz eta gure herriarentzat aukera baliagarria izan. Beti esan dugu, gure kalkuluak egokiak ez baziren, onartu egingo genuela”.

Amaitzeko, EAJ-PNVko bozeramaileak zehaztu du: “ez dugu ulertzen EH Bilduk proposatutako bide-proiektua egiteko duen interesa, 2019tik idazten ari baita, nahiz eta Arau Subsidiarioetan ez dagoen finantzaketarik aurreikusita proiektua gauzatzeko. Aldaketak egiten hasi behar al du nola ordaindu erabakitzeko? EH Bilduren beste desastre bat, begien bistan!”.

Interesatu Zaitez