Donostiako alkate eta EAJ-PNVren hautagai Eneko Goiak hiriko hainbat gazterekin elkartu da Donostiak dituen erronkei buruz hitz egiteko. Horiek horrela, garrantzi handia eman dio gazteen konpromiso eta ekarpenari Donostia bizitzeko, elkar bizitzeko, lan egiteko eta disfrutatzeko Europako aukeren hiriburu izan dadin.
“Gazte donostiarrek funtsezko papera dute hiriaren etorkizuna definitzeko eta eraikitzeko. Konpromiso handiko hiritarrak diren heinean, ardura dute guztiontzat Donostia hiri inklusiboago, jasangarriago eta oparoago izateko”, adierazi du.
Donostiak eraldaketa prozesu garrantzitsua izan du azken hamarkadetan, eta gazteak horren lekuko izan dira, izan ere, hobera egin duen hirian hazi dira, eta euren ingurua nola aldatzen joan den ikusteko aukera izan dute. Hortaz, gazte donostiarrentzat hiri-jasangarritasuna eta berrikuntza giltzarri dira hiriaren etorkizunarentzat. Bi ardatz horiek jorratu ditu Eneko Goiak auzo ezberdinetako 40 gazteren aurrean.
Eneko Goiak hirian gazteek jokatzen duten paperaren aurrean harro sentitu da, Izan ere, hainbat elkartetan eta lan-taldetan parte hartzen dute kirola, ekonomiaren sustapena, ingurumena, hezkuntza edo hiriko ohiturak bultzatzeko eta mantentzeko. Eta horrek erakusten du, gainerako belaunaldiak bezala, hiriko gazteek konpromisoak eta ametsak dituztela, arazoak arazo.
Ildo beretik, gazte donostiarrek formakuntzan, teknologian eta berrikuntzan duten papera azpimarratu du, eta honakoa esan du: “Egun gazte donostiarrek kalitate eta ospe handiko ikastetxe eta unibertsitateetan formazioa jasotzen dute. Eta hiriak hainbat aukera eskaintzen dizkie pertsona bezala hazteko eta euren trebetasunaz eta ezagutzaz baliatuz enpresa txikiak martxan jartzeko, eta beraz, hiriaren bizitza-kalitatea hobetzeko helburua duten proiektu berritzaileak sortzeko”. Horiek horrela gaineratu du, Miramonera gerturatzea besterik ez dagoela hori ikusteko, edota Eskusaitzeta industrialdearen garapena horren adibide dela.
Alkate eta EAJ-PNVren alkategaiaren iritziz, hiriaren etorkizuna eraikitzeko gazteen konpromisoa giltzarria izango dela eraiki nahi dugun hiria arrakastatsua izan dadin. Izan ere, euren sormena, gogo handia eta konpromisoa funtsezkoak dira hiri jasangarriago, oparoago eta inklusiboagoa lortzeko.
Gazteek galdetu egin diote mugimendu politiko berriei buruz eta hainbat oposizioko alderdien jarrerari buruz. Horren harian, Eneko Goiak erantzun du, alderdi populistek, ideologia zeinahi den ere, irtenbide azkarrak, sinpleak eta errazak babesten dizutela, hots, politikaren aurkako akats kolektiboa. Izan ere, donostiarrek dituzten erronkei ezin zaie heldu hiperbole edo gehiegikeria erabilita: “Hirian badago horrela jokatu nahi duenik, baina ez da gehiengoa, eta ziur naiz donostiarrok sistemaren aurkako, hau da, dena gaizki dagoela eta erantzun azkarrak behar direla pentsatzen duten errealitate hauei aurre egiten badakigula”.
Horrenbestez, segidakoa esan du: “Erantzun errazek ez dute balio. Garai zailak bizi ditugu, eta horiek oinarriak dituzten erantzun kolektiboak eskatzen dituzte. Hiri demokratiko batean bizi nahi dugu, hain zuzen ere, kudeatzaileek kontu ematen eta gardentasuna erakusten duten hirian. Balio aberatsak dituen hirian, non eta hiritarrak progresuaren motorea diren, eta guztioi eragiten diguten erabakietan parte hartzen duten”.
Beraz, Eneko Goiaren iritziz, hurrengo urteak funtsezkoak izango dira hiriak aurrera egiteko, eta beste behin ere, etorkizuneko Donostia eraikitzeko giltzarri izango da hiritar guztien inplikazioa, eta bereziki, gazteena. Eta horretarako hurrengo urteetarako Plan Orokor berriaren onarpenari esker, gazteek hirian euren bizitza proiektua garatzeko duten beharrari erantzungo zaio”
Horiek horrela, bost jarduketa-ardatz iragarri ditu, hain zuzen ere, EAJ-PNV lantzen ari den hauteskunde-programan jarduketa bereziak izango dituzten ardatzak, hiri demokratiko, adeitsu eta dibertsitateari irekia izateko.
1.- Hiritarren hezkuntza zibiko eta politikoa sustatzea
2.- Hiri-partaidetza eta hiriko gizarte-, ekonomia- eta kultura-eragileen elkarlana sustatzea
3.- Dibertsitatea eta inklusioa sustatzea
4.- Gardentasuna eta Udalaren kudeaketaren ezagutza handitzeko kontu-ematea sustatzea
5.- Elkarrizketa adeitsua eta kritika eraikitzailea sustatzea.