Iridoyk, Eider Mendozarekin, Irungo proiektu estrategikoak partekatu ditu

Eider Mendoza diputatu nagusirako hautagaia eta Xabier Iridoy Irungo alkategaiak bilera egin dute IDEIAleku Irungo EAJren entzuteko eta lanerako zentroan

Iridoyk, Eider Mendozarekin, Irungo proiektu estrategikoak partekatu ditu 17Martxoak
2023
2023 MartxoaK 17 |
IRUN

PARTEKATU

Xabier Iridoyk eta Eider Mendozak gure hiriari, Iruni, buruzko ikuspegiak partekatu dituzte, eta helburu komun bat finkatu dute: modu koordinatuan lan egitea Irungo, Gipuzkoako eta bertako pertsonen etorkizunaren eta ongizatearen alde.


Bileran, Iridoyk Irungo proiektu estrategikoak helarazi dizkio Mendozari. Proiektu horiek adituekin eta profesionalekin landu dira, baita hiriko herritarrekin eta gizarte-eragileekin elkarbanatu ere. Iruni behar duen eta merezi duen bultzada eskaintzeko helburua duten ekimenak dira hauek; Via Irun 2030, trenbideen gainekaldean estaldura bat sortzen eta bide-lotura berri bat eskaintzen duena, Kolon Pasealekuko zubiaren paraleloa eta bertan egun dugun trafikoa arinduko lukeena; anbulatorio handi bat erdialdean, eta beste txikiago bat Oinaurren; Plaiaundiko kirol-instalazioak Txenpereneara lekualdatzea; aparkaleku berriak hirian zehar, bidegorriak hiriaren erdigunean, eta baita hiru hiriak elkarlotuko dituena, Irun, Hondarribia eta Hendaia; kiroldegi berri bat San Migel – Anakan, eta Alde Zaharra eta Korrokoitz biziberritzea, besteak beste.


Ildo horretan, Iridoyk gure hiriak gaur egun bizi duen paralisia nabarmendu du. Jose Antonio Santano egungo alkatearen politikek sortutako paralisia. Denbora gehiegi daramagu hirirako funtsezkoak diren proiektuak garatzeko zain, eta Irunek ezin du gehiago itxaron. Era berean, Irungo alkategaiak irundarren parte-hartzea goraipatu du, bai egin dituzten hitzaldietan, bai egunerokoan. “Bi hilabete igaro dira IDEIAleku inauguratu genuenetik, eta ehunka lagun hartu ahal izan ditugu. Oso harro gaude gure egunerokoa irundarrekin partekatu, ideiak bildu eta proiektuak kontrastatu ahal izateaz”.

Era berean, Mendozak adierazi du Irun hobea baten alde egiteko prest dagoela. “Irungo EAJk egindako lana eredugarria da. Proiektu interesgarriak eta beharrezkoak, etorkizuneko hiri handinahi eta moderno bat proiektatzen dutenak. Irun bezalako hiri batek dituen indargune guztiak kontuan hartu eta bultzatzen dituzten ekimenak. Gipuzkoako Foru Aldundia prest dago ahal dugun heinean ahal bezain beste laguntzeko”.

Interesatu Zaitez