Hautagaia hasi da herriko kolektiboekin elkartzen eta bere proiektuak ardatz nagusi izango ditu zerbitzu sozialak, mugikortasuna eta ingurumena
“Gure helburu nagusiena izango da zerbitzu sozialak indartzea eta Otxandio gero eta herri erosoago eta jasangarriago egitea”. Hala laburbildu du Jokin Lozares Abasolok (Otxandio, 1978) EAJ-PNVren alkategai den aldetik Otxandioko alkatetzarako egin nahi duen bidea. Zerrendaburu aukeratu berriak izendapena ilusioz beteta hartu du eta aldarrikatu duenez “Otxandio aurrera atera nahi dut, hori da pausu hau ematera bultzatu nauena. Nire hondar alea jarri nahi dut”, esan du.
Baina ez du bakarrik egingo. Lozaresek emakume eta gizonen lantalde anitza lideratuko du. Askotarikoa izango da adinari eta lanbideari dagokionez, baina helburu berbera daukate kide guztiek: Otxandioko herritarren alde lan egitea. Eta bere proiektuaren zutabeak ondo finkatuta daude: zerbitzu sozialak, mugikortasuna eta ingurumena.
“Zerbitzu sozial sendoak behar ditugu, esanahi zabalenean ulertuta”, esan du. Horretarako “lan egingo dugu osasun zentroa hobetzeko, Pediatria zerbitzua jarri ahal den aztertuko dugu eta, beste erakundeekin batera, Otxandion eguneko zentroren bat edo tutoretzapeko etxebizitza bat jarri ahal den aztertuko dugu”, esan du.
Otxandioko hautagaiaren ardura ere bada garraio publikoa. Bilborekin dagoen konexioa “egokia” dela aitortu arren “Gasteizekin daukaguna (Gasteizerako bidaiak oso ugariak dira Otxandiotik hurbil dagoelako) ez da nahikoa; bereziki autobus gehienak beteta datozelako”. Zentzu honetan hitzeman du “tarteko irtenbideren bat” bilatuko duela inguruko udalerriekin , herritarrek egiten duten eskariari erantzuteko.
Jasangarritasuna eta ingurumena ere bada talde jeltzalearen zutabeetako bat. Esparru honetan Lozaresek planteatzen du erkidego energetikoari bultzada erreala emango diola, “lehen urratsak ematen hasia dagoena”, eta herritarrei energia berriztagarrietarako eta autokontsumorako trantsizioan laguntzeko helburua duena. Ingurumenaren esparruan ere hautagaiak aurreikusi du eskolaren ingurua hobetzea. “Futbolzelaiaren ingurua birgaitu eta egokitu nahi dugu otxandiotarrek gune hori gozatzeko aukera izan dezaten. Gaur egun ez da behar bezala aprobetxatzen eta uste dugu zertxobait hobetuz berdegune berri bat irabaziko genukeela familientzat, bertan aisia emateko, jolasteko eta,oro har, gozatzeko”, argitu du.
Jokin Lozares Abasolo Ingeniaritzan doktore da eta gaur egun irakasle eta ikerle da Deustuko Unibertsitatean: “Otxandiotar naiz goitik behera” aitortzen du. “Herri honek jakin izan du bere izaera gordetzen eta aldarrikatzen, eta harro nago. Familia bat gara, denok ezagutzen dugu elkar. Herri txikia gara, bai, baina niretzat Otxandio nire mundua da”, ziurtatu du.