Gonzalo Carrion EAJ-PNVren alkategaia kezkatuta agertu da Hondartza eta Iterlimen eremuen etorkizunagatik, baina Kongresuan Euskal Taldearen kudeaketaz fidatzen da
OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.
Aitor Esteban, Diputatuen Kongresuko EAJ-PNVren Euskal Taldearen bozeramailea, eta Gonzalo Carrion Hondarribiko alkategaia batzartu egin dira herri honetako kostako arlo zehatz batean ematen ari den egoera administratiboa aztertzeko, Espainiako Gobernuaren Trantsizio Ekologikorako eta Demografiaren Erronkarako ministerioaren Kostako Zuzendaritzak udalerri honi Foru eta Ramon Iribarren kaleen emakida berritzea ukatu zionez geroztik.
Ministerioak emakida hau 2020ko urrian berritu ez izanak dakar gune hauek kudeatzerik ez izatea eta horrek zuzenean eragiten die Hondartzako kirol instalazioei eta Interlimengo etxeetan bizi diren 400 familiei.
Gonzalo Carrion alkategaiak aditzera eman duenez “egoera konplikatu eta kezkagarri hau eman zenetik, EAJ-PNVk bide bitatik joan da egoera honek udalerriarentzat dakarren anabasa bideratzeko. Erakundeen bidetik eta bide politikotik joan baikara”.
Halaber, udalak Eusko Jaurlaritzaren bidez jo du Teresa Ribera ministro andrearengana, egoera larri hau konpontzeko aukera bat eskatuz. Erantzunik jaso ez denez, duela aste bi, EAJ-PNVren proposamenez Udal Bilkurak aho batez onetsi zuen Espainiako Gobernuari arazo honi irtenbideren bat emateko erantzuna eskatzea, arazoak hondarribiar guztiei eragiten baitizkie.
EAJ-PNVk, bere aldetik, bide politikoa aktibatu du Diputatuen Kongresuko Euskal Taldearen bidez, eta horrek eraman ditu gaur bertan Aitor Esteban eta Gonzalo Carrion buru izan dituen lan bilera egitera Arantxa Tapia, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarekin; Eider Mendoza, Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramailea eta gobernantza diputatua eta Gipuzkoako diputatu nagusi izateko hautagaiarekin; eta Joseba Agirretxea diputatuarekin eta Maribel Vaquero senatariarekin.
Aitor Estebanek, bere aldetik, Euskal Taldeak Hondarribiarekin hitzeman duen konpromisoa adierazi du, eta udal taldearen eskutik Kongresuan hondarribiarren bizi kalitatea hobetzeko egiten den lana balioetsi du. Hain zuzen ere, ildo beretik esan du “lehen eskutik” ezagutzen duela Kostako mugapearekin ematen ari den arazoa eta gaineratu du “hurbiletik” jarraitzen duela. Ildo beretik esan du azken urteotan gaia jorratu dela “Espainiako gobernuarekin egin diren bilera ugarietan”, eta mezu baikorra luzatu nahi izan du Trantsizio Ekologikorako eta Demografiaren Erronkarako ministerioarekin egin den azken bileraz geroztik. “Lanean jarraitu beharra dago, baina itxaropena izateko arrazoia badut, albait arinen, gatazka honi konponbidea emango diogulako. Gonzalok hondarribiarrei albiste ona emango ahal die laster. Ekinean jarraituko dugu hala izan dadin”, ziurtatu du hedabideen aurrean.
Kirol instalazioen eta Interlimenen egoeraren laburpena
Ministerioaren aginduz Espainiako gobernuak Hondarribiko Udalari eman zion azken emakida 2004koa da eta 2020an Hondarribiko udalak emakida luzatzea eta aldaraztea eskatu zuen, bai eta "mantentze lanak egiteko eta Hondartza kiroldegiko futbol zelaiko belar artifiziala berriztatzeko ere”. Eskari biei uko egin zien ministerioak.
Itsas-lehorreko jabari publikoko lurrak okupatzea kudeatua izan da ministerioak eman dituen baimenen bidez eta baimen hauek eman ziren 1980, 1995 eta 2004an. Azken emakida honen epea amaituta, 2020an berritzea eskatu zen eta Ministerioak uko egin zion.
Hondarribiaren agenda
Estebanek eta Carrionek Estatuaren eskumenekoak izanik Hondarribiarentzat garrantzi handiko jotzen diren beste gaiak jorratu dituzte, besteak beste aireportuaren eta Mendelu auzoaren egoera, Hendaiarekiko konexioa, mugaren beste aldean. Halaber, udalak dituen beste beharrak aztertu dira eta hitzeman dute elkarlanean jarraituko duela hondarribiarren interesen mesedetan.