Neurriak ostatu erabilerak arautzeko Plan Orokorraren aldaketan du oinarri, eta behin martxoko udalbatzarran onartuta sartuko da indarrean
Donostiako Udalak orokorrean hotel berriak irekitzeko baimenak bertan behera utziko ditu, baita hiriko hainbat eremutan beste ostatu erabilerak jartzeko baimenak ere. Neurria tramitatzen ari den Plan Orokorraren aldaketa onartu arte hartu da.
Tokiko Gobernu Batzarrak hartuko du erabakia hurrengo astean, eta urtebetez edo HAPOaren behin betiko onarpena eman arte luzatuko da. Ondorioz, epe horretan Udalak ez du baimen berririk emango hotelak irekitzeko, ezta etxebizitza turistikoak irekitzeko ere.
Donostiako alkate Eneko Goiak eta Hirigintza Sostengagarriko zinegotzi Nekane Arzallusek eman dute neurriaren berri. Eta neurria indarrean sartuko da behin martxoaren amaieran udalbatzarrak onartuta.
Proposamenak hiriko bi eremu ezberdintzen ditu. Alde batetik, Antiguo-Ondarreta, Ategorrieta-Ulia, Erdialdea, Gros eta Ibaetako hirigintza-eremu guztietan baimenak orokorrean bertan behera geldituko dira, kalifikazioa zeinnahi den ere. Eta bestetik, hiriko gainerako eremuetan galarazpena bizitegien lur-sailetarako izango da.
Galarazpenaren ondorioz, ez da baimenik emango establezimendu eta ostatu erabilera berriak jartzeko, ezta horiek jartzeko egin beharreko lanak egiteko edo egun daudenak handitzeko ere.
Parte Zaharra galarazpenatik kanpo gelditu da, izan ere eremu saturatua da. Gogoratu 2020tik arautua dagoela ostatu erabilera berriak jartzearen mugaketa. Halaber, neurri honek ez du eraginik izango kanping, nekazaritza-turismo eta landetxetan, hain zuzen ere lurzoru ez urbanizagarrian jar daitezkeen horietan.
Jarduera turistikoa arautzea
Donostiako alkate Eneko Goiak hartutako erabakia babestu du eta honakoa esan du: “Erabakiaren helburua da jarduera turistikoa arautzea eta hirian hotel berriak irekitzeari mugak ezartzea. Hori dela-eta, erabaki dugu hotel berriak zein erabilera turistikoko etxebizitza berriak irekitzeko baimenen ematea mugatzea”.
Goiak gogorarazi du, duela hamar urte hiriak defizita zuela hoteletako plazatan, eta horrek bisitariak erakartzeko edota kongresuak zein ekitaldiak antolatzeko gaitasuna mugatzen zuela. Euskadiko egoera politikoan izandako aldaketek, terrorismoaren amaiera dela-eta, eta mundu osoan gertatutako turismoaren hazkundeak, hiriaren panorama aldatu dute, eta beraz, ostatu turistikorako parkearen hazkundea azkarra eta progresiboa izan da, bai hotelak, baita erabilera turistikorako etxebizitzak ere. Hori guztia kontuan hartuta, Goiaren iritziz, zabaltze hori mugatzeko neurriak hartzea ezinbestekoa da.
Horiek horrela, honakoa gaineratu du: “Donostiak ostatu emateko eskaintza nahikoa du. Hotel berrien irekiera mugatzeko unea da”.
Dena dela, erabaki honek ez du esan nahi hurrengo hilabeteetan hotel berririk irekiko ez denik. Izan ere, baldin eta baimena emanda badute, edota galarazpena indarrean sartu aurretik tramitatzen ari den baimenik balego, horiek aurrera jarraituko dute.
Donostiako alkteak, halaber, gogorarazi du, azkeneko bi legealdietan Udalak jarduera turistikoa arautzeko hainbat neurri hartu dituela udal araudiaz baliatuta. Hortaz, gogorarazi du, erabilera turistikoko etxebizitzak arautzeko neurriak hartu direla, eta horiei esker, jarduera horretara bideratutako etxebizitza kopurua %25 gutxitu dela. Gainera, Parte Zaharra eremu saturatua izendatu da. Eta, azkenik, Plan Orokorraren arau urbanistiko orokorrak aldatu dira bizitegi-eremuetan hotelak egin ahal izateko Plan Berezia egitea behartuz.
Eta horri guztiari esker, Goiaren iritziz, ostatu-eskaintza eraginkortasunez mugatu da eta hotelak bizitegi-eremuetan jartzea asko zaildu da.
Hirigintza Sostengagarriko zinegotzi Nekane Arzallusek, aldiz, segidakoa esan du: “Udalak azken urteetan hartutako neurriei esker, baimen eskaerak nabarmen gutxitu dira. Azken urte eta erdian oso baimen eskaera berri gutxi tramitatu dira”. Eta gaineratu du, ezinbestekoa dela neurriok segurtasun juridikoa bermatuta izatea, helegiteak ekiditeko, eta beraz, Udalak arauaren aldaketak seriotasunez, irmotasunez eta berme guztiekin sustatu behar dituela.
Hazkunde handia azken urteetan
Udalak erabakia hartu du azken bost urteetan izandako erabilera turistikoko ostatu eskaintza nabarmen handitu delako.
2022ko Eustat-en datuen arabera, Donostian 162 hotel eta pentsio daude, hain zuzen ere, 3.825 gela eskaintzen dituzten 162 hotel eta pentsio.
Behin COVID19a gaindituta, 2019arekin alderatuta 2022an Donostiak %16,5 bidaiari gehiago hartu ditu (862.872 pertsona 2022an) eta hoteletan gau emateak %14,6 handitu dira (1.747.541 iaz). Gainera, 2017an Turismoko Gida Plana onartu zenetik 30 establezimendu gehiago daude (+%24,79), 988 logela gehiago (+%36,31) eta 2.356 plaza gehiago (+%44). Gainera, arloko hainbat agentzia espezializaturen aurreikuspenen arabera, hurrengo hiru urteetan logela kopurua %20 handituko da.
Erabilera turistikoko etxebizitzei eta etxebizitza pribatutako gela turistikoei dagokienez, Donostiak hazkunde handia izan du azken hamarkadan. Otsailean Udalaren erabilera turistikoko etxebizitzen erroldan mota honetako 1.352 etxebizitza erregistratuta zeuden, hain zuzen ere 5.700 plaza eskaintzen dituzten etxebizitzak.
Alkateak azpimarratu du, baimen berriak ez emateko erabakia Donostiako Udalak duen estrategiaren barruan dagoela, turismo jasangarri eta arrazoizkoa izateko, hain zuzen ere, donostiarren zein hiria bisitatzen duten pertsonen arteko oreka ahalbidetuko duen estrategiaren barruan. Hortaz, gogorarazi du, 2030eko Plan Estrategikoak eta 2023-2027 Turismoko Gida Planak hainbat neurri sustatzen dituztela turismo jasangarria lortzeko.
Horiek horrela Eneko Goiak honakoa adierazi du: “Donostian turismoak garrantzia du, eta zaindu beharreko eta zaindu nahi dugun jarduera da. Baina ezin dugu iparra galdu: gure lehentasuna donostiarrak dira. Eta horregatik mugak ezartzeko hainbat neurri sustatuko ditugu, bertan bizi garenok gustura egon gaitezen eta hazkunde handi batek izan ditzakeen ondorio negatiboak ekiditeko”.
Galarezpen orokorragatik eragindako eremuak
Ez da inongo lur-sailetan baimenik emango hiriko segidako eremutan:
-Antiguo Ondarreta: Antiguo, Seminario, Txantxa Erreka, Lizarriturri, Benta Berri, Ondarretako Ensantxea, Ondarretako Lorategi Hiria (I eta II), Miranda Alde, Erregenea, Satrustegi dorrea, Itsasargiko errepidea, Atrakzio parkea.
-Ategorrieta-Ulia: Manteo, Ulia-Barren, Mitxelene, Tokieder, Ategorrieta, Ategorrietako Erlojua.
-Erdialdea: Kaia, Ensantxea, San Bartolome, Amara Zaharra, Mirakontxa pasealekua , Aldapeta, San Roke (Parte Zaharra kanpo gelditzen da eremu saturatua delako).
-Gros: Gros (I eta II), Sagües.
-Ibaeta: Lorea, Igara.
Hiriko gainerako eremutan, ez da baimenik emango bizitegi-eremuetarako