Nerea Ahedok “bigarren aldiz berandu” doala aurpegiratu dio Escrivá ministroari amiantoaren biktimentzako konpentsazioetan

Nabarmendu duenez, erasandako pertsonek ezin dute eskubide hori erabili, urtarrilaren 19rako onartu behar zen legea garatzeko araudia ez delako oraindik onartu

Nerea Ahedok “bigarren aldiz berandu” doala aurpegiratu dio Escrivá ministroari amiantoaren biktimentzako konpentsazioetan 07Martxoak
2023
2023 MartxoaK 07 |
Senatua
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

EAJ-PNVko Nerea Ahedo senatariak amiantoaren biktimentzako konpentsazio-funts bat sortzeko legea garatzeko araudia onartzeko atzerapena aurpegiratu dio Gizarte Segurantza, Gizarteratze eta Migrazioetako ministroari. “Bigarren aldiz berandu zoazte”, jakinarazi dio José Luis Escrivá ministroari, gogoratuz urrian onartutako 21/2022 legeak bere garapena arautuko duen erregelamendua onartzeko hiru hilabeteko epea ezartzen zuela, eta epe hori urtarrilean bete zela.

Arratsaldeko Gobernuaren kontrol saioan, Ahedok azpimarratu du “arautegirik ez dagoen bitartean biktimek ez daukate aukerarik legez aitortutako eskubidea erabiltzeko” eta konpentsazioak erreklamatzen hasteko. Halaber, Escrivá ministroari galdetu dio nola emango dion irtenbidea legea onartu zenetik erregelamendua indarrean sartu arte igarotako epeari. Escrivak aurreratu du araudia ekaina amaitu baino lehen onartuko dela, eta eskubidea urrian, legea onartu zenean, baldintzak betetzen zituzten pertsona guztiek izango dutela.

Amiantoaren biktimentzako konpentsazio-funts bat sortzeko legea urrian gauzatu zen, Eusko Legebiltzarrak duela hamarkada bat baino gehiago bultzatu zuenetik ibilbide parlamentario luzea egin ondoren.

Interesatu Zaitez