Maiatzak 28ko foru hauteskundeetarako Oarsoaldeako alkategaiak aurkeztu ditu gaur Pasaian EAJ-PNVk, diputatu nagusi izateko hautagaiaren parte-hartzearekin egindako ekitaldi batean
Emakume eta gizonen arteko “berdintasun erreala” lortu arte lanean jarraitzeko konpromisoa berritu du gaur Eider Mendoza Larrañagak, Gipuzkoako diputatu nagusi izateko EAJ-PNVren hautagaiak. “Gure lurraldean, azken urteetan, aurrerapauso nabarmenak eman dira arlo honetan, eta norabide egokian goazela esan dezakegu. Esaterako, 2018tik hona, urtetik urtera murriztu da emakume eta gizonen arteko soldata arrakala eta, hamarkada batean, ehunekozko lau puntu murriztu da alde hau”, esan du. Hala ere, esan du oraindik ere asko dagoela egiteko: “Aurrera egiten jarraitu nahi dugu, berdintasun erreala lortu nahi dugu: ardura partekatua zaintzan, eta emakume gehiago ardura postuetan, erabakiak hartzen diren postuetan, eta eragiteko balio duten plazetan. Horren alde lan egitera konprometitzen naiz, ez dizuet hutsik egingo”, aldeztu du.
Mendoza Pasaian izan da gaur eguerdian, alderdi jeltzaleak Oarsoaldeako alkategaiak aurkezteko egin duen ekitaldian parte hartzen. Goizean, hautagaiak lan bilera egin du eskualdeko alkategaiekin: Loreto Osa Ocon, Pasaiako alkategaia; Jesus Maria Martiarena Jaca, Lezoko alkatea eta alkategaia; EliMurua Mindeguia, Errenteriako alkategaia; eta JanireMitxelena Lekuona, Oiartzungo alkategaia. Ondoren Pasaiako Torreko Plazan egin den ekitaldia Maite Peñak ireki du, Bidasoa-Oiartzun barrutiko hautagaitzako bigarrena, eta Gipuzko Buru Batzarreko presidente den Joseba Egibarrek itxi du.
Mendozak, bere hitzaldian, egungo gizarteak bizi dituen hainbat arazo aipatu ditu, hala nola, prezioen gorakada edota hipoteken garestitzea. Hauen aurrean, jarrera “inkonformista” hartu eta konponbideak bilatzearen aldeko lana aldarrikatu ditu. “Arazoei aurre egin eta aurrera egiteko grina horren adibide ona da Oarsoaldea, bere burua berrasmatzen asmatu duena”, esan du. Gogoratu duenez, azken bi legealditan aurrera pauso nabarmenak eman dira Pasaiako badiaren biziberritzean, eta etorkizunera begira “proiektu ilusionagarriak” ditu esku arten eskualdeak. Honekin batera, Oarsoaldea arlo sozialean esperimentazio gune eta Gipuzkoa mailako erreferentzia ere bihurtzeko bidean dela nabarmendu du, Adinberribezalako proiektuekin.
Mendozak azaldu duenez, arlo soziala ezinbestekoa da desberdinkeriaren kontrako borrokan aurrera egiteko. “Berdinzaleak garela diodanean, ikuspegi ezberdinetatik ari naiz: sozialki, ekonomikoki, hizkuntzaren ikuspegitik, baina baita lurralde orekaren ikuspegitik ere. Eta nola ez, genero berdintasunaren aldetik”, esan du. Aldeztu duenez, emakumeak “gure gizartearen oinarria dira”: “Tradizionalki, etxeetako zutabe nagusiak izan dira; azken hamarkadatan lan mundura inkorporatu gara, eta familia eta bizitza profesionala uztartzen ikasi dugu. Ze zaila den askotan, guztia aurrera ateratzea!”, adierazi du, “eguneroko borrokan” dabiltzan emakumeei aitortza eginez. “Zuek egiten duzue Gipuzkoa, egunez egun. Eta ez dugu atzera pausorik onartuko, ez eskubidetan, ez lortutakoan”, nabarmendu du.
Hautagai jeltzaleak Gipuzkoaren indarguneetan ere jarri du arreta, nabarmenduz lurraldea “norabide onean doala”, baina etorkizunean ere horrela jarraitu nahi duela azpimarratuz. “Denok jabetzen gara gure gizartean arrastoa utzi duela pandemiak, eta horren ondorioz sumatzen da bakarrik sentitzen garen, triste, haserre… eta sentsazio horiek kudeatzea ere egokituko zaigu. Baina etorkizuna eraikitzeak ez digu beldurrik ematen, ilusioa pizten digu, erronkari aurre egiteko gogo biziz gaude”, azaldu du. “Aurrekoek eman digutena aldarrikatuz eta balioan jarriz, gure belaunaldiak Gipuzkoa gidatzeko konpromisoa eta ardura hartu ditu. Proposamen zehatzekin, norabide argiarekin, ziurtasunak eraikiz. Promesa handi eta esaldi ponposorik gabe. Gipuzkoak aurrera egiteko eta Oarsoaldeak aurrera egiteko, aukerarik onena, Eusko Alderdi Jeltzalea da”, borobildu du.
Joseba Egibar
Bere aldetik, Joseba Egibar Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak abertzale izaera aldarrikatu du, “askok” uko egin baitiote horri: “Ezker independentista, gazte komunistak edo gazte independentistak deitzen dira, baina abertzale bezala ez dira agertzen”. Honen aurrean, esan du abertzalea izateak berezkoa duela herri osoa zaintzea eta ordezkatzea. “Emakume eta gizon libreak Euskadi libre batean, baina ardatza beti pertsonan jarrita, ze pertsonarik gabe ez dago herririk eta lurraldea pertsonarik gabe paisaia da. Horregatik aldarrikatzen dut abertzale garela, eta izaten jarraituko dugula”, aldeztu du.
Honen ondotik, EAJ-PNVren historia ere aldarrikatu du, “erabaki estrategikoetan” asmatu egin duelako. “Nagusiena, bide politiko eta demokratikoen aldeko apustua. Beste batzuk esan zuten hori ez zela bide bakarra, beste borroka batzuekin uztartzea posible zela. Eta orain, hamarkadak pasata, ezker independentista hori iraganeko kargak eta urgentziak gestionatzen ari da, herri honi atzerapena sortzen”, azaldu du Egibarrek, geldialdi hori Bilduk gobernatzen duen herrietara hedatuz: “Bildukagintzen duen herrietan, ze proiektu estrategiko daude 15 edo 20 urtera begira? Ez dago ezer”.
Bestalde, esan du herritarrak behar-beharrezkoak direla lurraldeak eta herriek aurrera egiteko. “Oraindik denbora dago herritarrengana jaitsi eta gure zerrendak eta gure proiektuak ezagutarazteko. Gu ez goaz esaten berdin jarraituko dugula, baizik eta datorren hori aurreikusi behar dela, ze pausu eman behar ditugun aztertu eta erabaki horiek herritarrekin partekatu. Ze ibilbide hori ezin dute gure hautagai eta hautetsiek bakarrik egin, denak gara beharrezkoak aurrera egiteko”, osatu du. Egibarrek EAJ-PNVren proiektuaren laburpena eginez amaitu du hitzaldia: “Begirada garbia, besoak zabalik, eskuak lanean, euskara ahoan eta herria bihotzean. Horretarako bidelagunak hemen daude, gure hautagaiak, hauekin batera egin dezagun guztiok bidea”.
Alkategaiekin solasaldia
EAJ-PNV eskualdez eskualde egiten ari den ekitaldihauen funtsa Gipuzkoako bailara eta herri bakoitzak bizi duen errealitatea hobeto ezagutzea dela gogoratu du Mendozak. Horretarako, goizean egindako lan bileraz gain, ekitaldian zehar solasaldia izan du Oarsoaldeako hautagaiekin. Pasaiako alkategaia den Loreto Osa Oconen kasuan, legealdi honetan alkateorde eta Hirigintza eta Gizarte Ekintzako zinegotzia izan da legealdi honetan, eta babes sozialaren eta berdintasun alorrean egin diren aurrerapausoak izan ditu hizpide.
Bere aldetik, Jesus Mari Martiarena Jaca gaur egun Lezoko alkatea da, eta udal gobernu batek ekonomia eta enpleguaren alde egin dezakeena asko dela azpimarratu du. Errenteriaren kasuan, ElixabeteMurua Mendigia alkategaiak gogoratu du Gipuzkoako helburu nagusien artean dagoela hizkuntza berdintasuna, eta EAJ-PNVk euskararen erabilera indartzearen aldeko lanari eta konpromisoari egin diezaioken ekarpenaz mintzatu da. Oiartzunen kasuan, Janire Mitxelena Lekuona zerrendaburuak jarduera industrialaren eta landa inguruenaren arteko oreka berdeaz hitz egin du. Ekitaldia Maite Peñak ireki du, eta Pasaiako badiaren biziberritzea izan du hizpide, azken urteetan egin diren aurrerapausoak nabarmenduz eta Adinberri proiektuak prozesu honi emango dion bultzada azpimarratuz.