Idoia Sagastizabal Euskal Taldeko diputatuak baieztatu duenez “gaurkoa egun garrantzitsua da Hegoalderentzat”, Ganberak berretsitako aldebiko akordioek “Estatuaren eta EAEren eta NFKren arteko zerga-harremanak eta finantza-harremanak normalizatzen eta erregularizatzen dituztelako, ziurtasun ekonomikoa, finantza-egonkortasuna eta segurtasun juridikoa ahalbidetuz”
Diputatuen Kongresuko gehiengo zabal batek babestu egin ditu gaur EAEko Ekonomia Itunaren eta Nafarroako Hitzarmenaren eta Kupoaren Bosturteko Lege berriaren legeen aldaketak.
Gaur bertan osoko bilkuran egin den eztabaidan, Idoia Sagastizabal Euskal Taldean ekonomia gaietarako bozeramaile denak azaldu du gaur onartutako lege-proiektuen helburua dela, batetik, Itun eta Hitzarmenerako tresnak Estatuko zerga-ordenamendu juridikoan egindako lege-aldaketetara moldatzea. Hala, sistema horiei plastikozko ontzien gaineko zerga berezia, dirutza handien gaineko zerga eta gas fluordunen gaineko zerga gehitu zaizkie. EAEren kasuan, gainera, hondakinen biltegiaren gaineko zerga ere sartzen da. Bestalde, hirugarren lege-testuak 2022-2026 bosturtekorako kupoaren metodologia onartzen du. Euskal Taldeak 2023ko Estatuko Aurrekontu Orokorren negoziazioaren esparruan blindatu zuen metodologia hori, eta, ondoren, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak osatutako Itunaren Batzorde Mistoak hitzartu zuen.
“Gaur egun garrantzitsua da Hegoalderentzat”, laburbildu du Sagastizabalek. “Akordio horiek Estatuaren eta EAEren eta NFKren arteko tributu- eta finantza-harremanak normalizatzen eta erregularizatzen dituzte, ziurtasun ekonomikoa, finantza-egonkortasuna eta segurtasun juridikoa ahalbidetuz”.
Bere hitzaldian, eta Ciudadanosek eta Voxek Hitzarmen eta Itunaren sistemei buruz etengabe egin dituzten apelazio bidegabeen eta kritika interesatuen aurrean, diputatu jeltzaleak azaldu duenez biak “Espainiako Konstituzioaren Lehen Xedapen Gehigarriak babesten ditu. Xedapen Gehigarri hori bi lege organikoren bidez garatzen da: Gernikako Estatutua eta Nafarroako Foru Erregimena Berrezarri eta Hobetzeko Legea. Lege horren zilegitasuna eta baliozkotasuna behin eta berriz bermatu ditu Europar Batasunak”. Zuek ez duzue ulertzen konstituzionaltasun-blokean jasotako funtsa. Gertaera bereizgarri bat ez da inolako pribilegioren parekoa, eta desberdintasun bat aitortzea ere ez da desberdintasunaren baliokidea”, gaineratu du.
“Ituna eta Hitzarmena dira ituna, elkartasuna, aldebakarreko arriskua, kudeatzeko gaitasuna, egonkortasuna, sistema bereizien errespetua, bizikidetza politikoa, ongizatearen bermea eta babes soziala”, ziurtatu du Sagastizabalek. “Hitzarmena, Ituna eta Kupoa gure autogobernuaren zutabe dira, bai eta funtsezko tresna ere, ekonomiaren lehiakortasunerako eta iraunkortasunerako. Horri esker, gizarte-babeseko sistema zabala dugu osasunean, hezkuntzan, etxebizitzan, enpleguan, adinekoentzako arretan eta berdintasun- eta aniztasun-politiketan, gizarteratzea hobetzen eta desberdintasunaren arrakala murrizten lagundu baitute”.
Amaitzeko, Sagastizabalek eskerrak eman dizkie Euskal Autonomia Erkidegoko ordezkaritza instituzionalari, Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburua buru duen Eusko Jaurlaritzako ordezkaritzari, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiei, Ogasuneko foru diputatuen lidergopean, baita Nafarroako Foru Erkidegoko Gobernuko ordezkariei ere, gaur Ganberan egoteagatik.