Ion Zubiaurre Ros bigarrena izango da Elgoibarko EAJ-PNVren zerrendan datozen udal hauteskundeetarako

Zubiaurrek, lanbidez arkitektoa, aurrerapauso bat ematea erabaki du, “EAJ-PNVren proiektua oso erakargarria eta ilusio zein anbizio handikoa delako”.

Ion Zubiaurre Ros bigarrena izango da Elgoibarko EAJ-PNVren zerrendan datozen udal hauteskundeetarako 23Otsailak
2023
2023 OtsailaK 23 |
ELGOIBAR

PARTEKATU

Ion Zubiaurre Ros EAJ-PNVren hauteskunde-zerrendako bigarren hautagaia izango dela iragarri du gaur egindako prentsaurrekoan Maialen Gurrutxagak, EAJ-PNVren alkategaiak. Hautagai jeltzaleak eskerrak eman dizkio Zubiaurreri hartutako konpromisoagatik eta alor pribatuan honek egindako lana balioan jarri du. “Ziur nago Elgoibar lagunkoia, solidarioa, jasangarria eta aurreratua eraikitzen jarraitzeko lagungarri izango dela”.

Ion Zubiaurre Ros (Elgoibar, 1981), arkitektoa lanbidez, IDOM/ACXTn hasi zuen bere ibilbidea arkitekto gisa. 2012tik ONYON, bere arkitektura-bulegoa, kudeatzen dihardu bere bazkidearekin batera sortua. Gaur egun, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Masterra (EMBA) egiten ari da.

Zubiaurrek aurrerapausoa ematea erabaki du, “EAJ-PNVren proiektua oso erakargarria, eta ilusio zein anbizio handikoa dela uste baitut”.  Alderdi jeltzalearen bigarren hautagaiak azaldu duenez, “udalerriaren hobekuntza urbanistikoan sakontzea, herritarren bizi-kalitatea hobetzea, irisgarritasunean aurrera egitea eta elgoibartarrei eguneroko bizitza erraztea izango da nire lan eta helburu nagusia”.

Aurreko korporazioek egindako lan guztia balioan jarri du: “Elgoibar asko hobetu da urte hauetan zehar, eta mundura irekita dagoen udalerria da, aurrera egiten duena eta eraldatzen dena, jendea zaintzen duena, egunez egun ilusioa pizten jarraitzen duena eta bizi-proiektuak abiarazteko aukerak sortzen dituena. Nire udalerrirako lan egiteko gogo handia dut”.

Maialen Gurrutxagak azaldu duenez, Zubiaurre funtsezko kidea izango da irisgarritasuna hobetzeko edota azpiegitura berrietan zein espazioen berroneratzean sakontzeko. “Ilusioa dugu eta Elgoibarrerako etorkizuna duen proiektu sendoa  landu dugu”.

Hautagaitza osatzen duten pertsonei dagokienez, zerrendak esperientzia eta gaztetasuna, kudeatzeko gaitasuna, ausardia eta ilusioa uztartzen dituela adierazi du Gurrutxagak. Horrekin batera, aurreratu du datozen asteetan aurkeztu eta partekatuko dutela herritarrekin EAJren Elgoibar 2023-2027 proiektua.

Interesatu Zaitez