EAJ-PNVko bozeramailearen esanetan, EBko Kontseiluan izango duen lehendakaritza aukera paregabea da Europako organoen demokratizazioan aurrera egiteko, “gure eskumenen esparruko gaiei buruz erabakitzeko”
Estefania Beltran de Heredia EAJ-PNVren Senatuko bozeramaileak autonomia erkidegoek Europar Batasuneko kontseiluetan parte hartzeko sistema osatu dezala eskatu dio Gobernuko presidenteari, uztailetik abendura bitartean EBko Kontseiluko presidente izango dela aprobetxatuz. “Aukera paregabea duzu Europako organoen demokratizazioan aurrera egiteko eta Euskadiren parte-hartze erreal eta eraginkorrari behin betiko bultzada emateko; maila anitzeko gobernantza eraginkorra egiteko eta Espainiako estatua bezalako estatu konposatu baten errealitatea Europako gobernantzara eramateko”, esan dio Pedro Sánchezi. “Eusko Jaurlaritzak zuzenean parte hartu nahi, ahal eta behar du gure eskumenen esparruko gaiei buruz erabakitzen den kontseilu europarretan, gure garapen sozioekonomikoari ere eragiten diotenetan”.
Gaurko Gobernuaren kontrol-saioan, Beltran de Herediak agerian utzi du Europar Batasunak ehunka neurri hartzen dituela Euskadiren eskumenekoak diren esparruetan, eta Estatuak hartzen dituela erabakiok berari ez dagozkionean. “Horrek, ekintzetan, Espainiako eskumen-ordena nahasten du, eta Gernikako Estatutuan aitortutako eskumenak urratzen ditu”, esan dio presidenteari, eta adibide moduan ekonomia- eta zerga-arloko erabakiak edo polizia- eta segurtasun-arlokoak aipatuz. “Horregatik eskatzen dizugu Euskadik benetan parte har dezala ECOFINen osoko bileretan, Ertzaintzak EUROPOLen eta aitortuta dituen eskumenak garatzeko interesgarriak diren foro eta proiektu europar guztietan parte har dezala, eta Eusko Jaurlaritzak Justizia eta Herrizaingo Gaietarako Kontseiluan parte har dezala”.
Bozeramaile jeltzaleak, gainera, gogorarazi dio Gobernuko presidenteari inbestidurarako akordioan EAJ-PNVrekin konpromisoa hartu zuela euskal erakundeen presentzia eta partaidetza bultzatzeko batasuneko erakundeetan, “eta orain arte ez duzu ezertxo ere egin. Ez dugu ez urratsik ez seinalerik ikusten”. Are gehiago, Tratatuen Legea urratu du berriki egin den Hispania-Frantzia goi-bileran, Frantziarekin Adiskidetasun eta Lankidetza Ituna sinatuta amaitu zena; “ez zenion lekurik eman Euskadiri, ezta mugako inongo erkidegoei ere”. Hori dela eta, Sanchezi ohartarazi dio, “agintean jarraitu nahi baduzu, ez ahaztu nork lagundu dizun bide horretan, litekeena baita berriro elkarrekin topo egin behar izatea”.