EAJ-PNVk Georgia Europar Batasunean sartzeko hautagaitza babestu du Tbilisin

Luke Uribe-Etxebarriak adierazi duenez, “georgiar herriak merezi du eta eskubidea du europar familiako herrialde aske, demokratiko eta oparoekin lankidetzan eta batasunean bizitzeko”

EAJ-PNVk Georgia Europar Batasunean sartzeko hautagaitza babestu du Tbilisin 20Otsailak
2023
2023 OtsailaK 20 |
Senatua

PARTEKATU

Luke Uribe-Etxebarria senatariak EAJ-PNVren aldeko jarrera berretsi du, Georgia lehenbailehen Europar Batasunean sartzeko hautagai ofiziala izan dadin. Senatuko ordezkaritza bat Tbilisin Georgiako parlamentariekin egiten ari den bilera batean, Shalva Papuashvili Parlamentuko presidentea eta Nikoloz Samkharadze Ganberako Kanpo Arazoetarako Batzordeko presidentea buru direla, senatari jeltzaleak adierazi duenez, “Georgiak eta Georgiako herriak etengabe babestu dute beren herrialdearen Europaren aldeko joera, eta, beraz, merezi dute eta eskubidea dute Europako familiako herrialde aske, demokratiko eta oparoekin lankidetzan eta batasunean bizitzeko”.

Azaroaren 2an Senatuko Kanpo Gaietarako Batzordeak Euskal Taldearen ekimenez onartutako mozioaren ildotik, non alderdi guztiek –Voxen abstentzioa izan ezik– Georgia EBn sartzeko asmoa duen Europako herrialde gisa babestea eskatu zuten, Uribe-Etxebarriak nabarmendu duenez, EBk atxikitzeko hautagai gisa onartzeak “itxaropen- eta elkartasun-mezu irmoa bidaliko lieke Georgiako herritarrei, eta erakutsiko luke Europar Batasunak egungo erronken eta etorkizuneko ikuspegiaren mailan egoteko erabakia hartua duela”. Hori dela eta, eskatu du Kontseilu Europarrak luzamendurik gabe eman diezaiola herrialde hautagai izaera hori, “Europako Batzordeak adierazitako lehentasunak bete ondoren, eta, horrela, bere erantzukizun historikoaren mailan dagoela frogatuz”.

Era berean, Senatuko Kanpo Arazoetako bozeramaile jeltzaleak gaineratu duenez, honekin, “seinale politiko argiak bidaliko lituzke Errusiak Ukrainaren aurka egindako eraso gerra basatiaren egungo testuinguruan; mezu politiko argi bat adieraziko luke: Georgiak Europako bide bat aukeratu duela, atzera bueltarik gabe, eta ez duela hirugarrenen esku-hartzerik jasan behar”. Uribe-Etxebarriaren iritziz “iraganeko gertaerek erakutsi dute EB ez zabaltzeak kostu estrategiko izugarria duela eta gure kontinenteko segurtasuna eta egonkortasuna kaltetu ditzakeela. Bere sarrera Europar Batasun egonkor, indartsu eta batu baterako inbertsio geoestrategikoa ere bada, Batasunaren balio eta interes politiko, ekonomiko eta segurtasunekoei erantzuten dielako”.

Interesatu Zaitez