Zubizarreta, Eskoriatzako egungo alkatea, oso motibatuta dago hirugarren legegintzaldi bati aurre egiteko eta Eskoriatzaren etorkizuneko erronkei alkatetzatik ahalik eta ondoen erantzuten jarraitzeko.
EAJ-PNVk eskoriatzarren konfiantza berretsi nahi du maiatzeko hauteskundeetan. Horretarako, Joserra Zubizarreta egungo alkatea buru duen talde bat izango du, hirugarren legegintzaldi bati aurre egiteko eta Eskoriatzaren etorkizuneko erronkei ahalik eta ondoen erantzuteko motibazioa duena. Zerrenda osatzen ari dira, eta egungo lantaldeko kideek eta aurpegi berriek osatuko dute, “udal-kudeaketan izandako esperientzia eta sartuko diren pertsonen ilusio berritua uztartuz”. Horrela, legegintzaldi honetan bezala, EAJ-PNVren hauteskunde zerrendan Eskoriatzako sentsibilitate eta errealitate ezberdinak izango dira, pertsonen aldeko apustua eginez eta “Eskoriatzako gizarte aniztasunari eta dinamika ezberdinei erantzuteko borondatearekin”, beste alderdi politiko batzuen pentsamendu bakarrari kontrajarriz.
Joserra Zubizarreta Alegria Arizmendi Ikastolako irakaslea izan da, eta bere ibilbidean ardura handiko hainbat kargu izan ditu, baita Gipuzkoako Ikastolen Elkartean ere. Mendizale amorratua da, modalitate guztietan, baita argazkigintzan ere.
Bere ibilbide politikoari dagokionez, Zubizarretak batzarkide lanak egin ditu Gipuzkoako Batzar Nagusietan eta Eskoriatzako Udalaren ordezkari izan da hainbat erakundetan, hala nola Debagoieneko Mankomunitatean edo Euskaltegian. Debagoienako Landa Garapenerako Elkartea den Deba Garaiko lehendakari gisa egindako lana ere aipagarria izan da.
Eskoriatzako alkate gisa, Joserra Zubizarretak eta bere taldeak udal gobernua gidatu duten bi legegintzaldietan eskoriatzarren beharrak eta udalerriaren gabeziak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan du. Horregatik, Zubizarretak eta bere taldeak konpromisoa hartu dute Eskoriatzaren garapenean aurrera egiten jarraitzeko, “beti ere herritarren proposamenen eskutik”.
Zubizarretaren ustez, Eskoriatzako hiritarrekin eta udal kolektibo guztiekin harreman zuzena eta hurbiltasuna lehentasunezkoa da. Alkategaiaren aburuz, funtsezkoa da herritarrei entzutea, “udal gobernuan sartu ginenetik egiten ari garen bezala, gure lorpenekin eta gure akatsekin”. Horrela, datozen asteetan, Zubizarretak eta Eskoriatzako EAJ-PNVko taldeak bilerak egiten jarraituko dute herriko hainbat gizarte eragilerekin, hauteskunde programarako proposamenak kontrastatzeko eta haiekin Eskoriatzako etorkizuneko proiektua partekatzeko.