Mikel Magunazelaia Pinagak bere konpromisoa berretsi du Foruko Alkatetzarako EAJ-PNVren hautagaitza onartzean

“Foruan ditut sustrai sendoak, eta nire herria gero eta hobea izatea lortzeko lana egitea da barru-barruan daramadan zerbait, horregatik eusten diot hurrengo legealdian ere Foruko alkatetzarako hautagai izateari”, adierazi du

Mikel Magunazelaia Pinagak bere konpromisoa berretsi du Foruko Alkatetzarako EAJ-PNVren hautagaitza onartzean 09Otsailak
2023
2023 OtsailaK 09 |
FORUA

PARTEKATU

Mikel Magunazelaia Pinaga (Forua, 1996) aukeratu dute EAJ-PNVk Foruan maiatzaren 28ko hauteskundeetan aurkeztuko duen zerrendako buru. Mendizale gazte hau Irakasle eskolan graduatu zen eta egun Historia Garaikidearen masterra egiten ari da EHUn. Ikasketak uztartzen ditu 2019tik Foruko alkatetzak ezarri dizkion erantzukizunekin. Lehenago Foruko zinegotzi izan zen 2015-2019 legealdian.

Historian duen interes handiak eraman zuen, hain zuzen, Gernikazarra Historia Taldean integratzera eta Foruko memoria historikoan ikertzera. Egun ikertzen ari da Urdaibaiko inguruetan eman zen errepresio frankista. Interes honek ere eraman du hainbat artikulu idaztera. Ezagutza eta sustrai sendoak, ideiak, ilusioa eta udal eskarmentua dira alkate eta hautagai honen ezaugarrietako batzuk, eta bere helburu nagusia da Forua gero eta hobea izatea. Gako nagusiak dira berarentzat hurbiltasuna eta entzuten jakitea.

“Bihotzez eskertzen dut EAJ-PNVk nigan jarri duten konfiantza Foruko udal hauteskundeei begira berriz ere zerrendaburu izan nadin. Udal kudeaketa kate bat da, eta une honetan kate-begi bat naiz, lantaldearen laguntzarekin gure herriarentzat proiektu onuragarriak martxan jartzeko prozesuan parte hartu duena. Elkarren artean proiektu esanguratsuak jarri ditugu martxan gure herriaren bizitasuna areagotzeko eta toki garapena sustatzeko. Datorren maiatzean EAJ-PNVren izenean aurkeztuko gara lantalde indartuarekin, Foruak alderdi guztietan hazteko potentziala duela sinesten dugun pertsonak, eta horixe lortzeko lana egingo dugu. Garrantzitsuak dira zer eta zelan, horregatik nabarmendu nahi dut nirekin taldea osatzen duten emakume eta gizonen jarrera ireki eta hurbila. Hurbiltasuna eta elkarrizketa. Ezaugarri biak funtsezkoak dira politikan eta, oso bereziki, udal kudeaketan, gure herrikideekin harremanetan egotea guztiz funtsezkoa delako, bai eta hitz egiten jakitea eta akordioetara iristen jakitea ere, herriarentzat ona den guztia aurrera atera dezagun”, azaldu du Mikel Magunazelaiak.

Udalerriaren ezagutzan eta esperientzia profesional eta politikoan oinarrituta, talde berria martxan jarri da dagoeneko Foruko bizimodua hobetzen jarraitzeko ideiak eta proiektuak lantzeko. “Forutarrek ahalik eta bizi baldintza eta zerbitzurik onenak izatea nahi dugu eta gure gazteentzat herri hau izan dadin beren bizimodua egiteko tokirik onena”, nabarmendu du hautagai jeltzaleak. “Horretarako, gure ahaleginaren parte nagusia izango da martxan dauden proiektuak amaitzea, besteak beste Hiri Antolamendu Nagusirako Plan Orokorra desblokeatzeko, etxebizitza berriak egin ahal izateko eta pilotaleku berria egiteko edo udal taberna irekitzeko, gure herrian bizitza soziokulturalaren gune nagusi izan dadin, lokalaren diseinuan aurreikusi denaren arabera”. Apurka-apurka energia berriztagarrien ezarpena ere bada beste helburua , eta lehen urratsak eman dira dagoeneko. Hauteskunde egitasmoan jasotzen da horiek bultzatzea, oinarri nagusia jasangarritasuna izango baita ingurumenean, hirigintzan, kulturan, ondarean, turismoan eta ekonomian.

Talde berri honek landu nahi dituen proiektuen artean dago Kultur Etxe berri bat egitea; helburua ez da soilik eraikin berri bat egitea. “Tokia garrantzitsua izango da eraikina diseinatuko delako herritarrek adieraziko dituzten beharrak eta ekarpenak entzun ondoren eta energia aurrezteko eta funtzionaltasun irizpideak betez. Baina helburu nagusiena da denontzako tokia egitea, herriko elkarteen, ekimen kulturalen eta sorkuntzazko ekimenen hazkundea estimulatuko duen tokia egitea. Foruan dugun ondare historiko bikainak eta horri lotutako ekimenek ere izango dute tokia Kultur Etxe berrian”.

“Asmo handiak ditugu, horregatik lan egingo dugu gure irudimen guztia landuz, parte hartzea sustatuz eta berrikuntza oinarri harturik. Orain arte bezala, adi egongo gara Foruan bizi diren guztiek adieraziko dizkiguten kezka eta beharrak jasotzeko. Gure estiloa da ideiak kontrastatzea, horregatik jarraituko dugu entzuten, herriak eskatuko digun norabidean jarduteko, gure konpromiso sendoa herri honekin hitzeman dugulako”, amaitu du alkate eta alkategai Mikel Magunazelaiak.

Interesatu Zaitez