ETB2n egin dioten elkarrizketan, Aitor Estebanek baieztatu du PSOEren proposamenak “baimenaren beharrari eta zigor tipoari eusten diola” eta, beraz, ekimenak “balioko lukeela” zigorren arteko tarteak estutzeko eta mugatzeko, eta horrela epaileek legea aplikatzerako orduan balia lezaketen aukera “mugatzeko” ere
Diputatuen Kongresuko Euskal Taldeak PSOEk ´Bakarrik bai da baietz´ izenekoa aldarazteko Lege Proposamena aintzat hartzea babestuko du. Hala iragarri du Aitor Estebanek gaur goizean, ETB2n `En Jake´ saioan egin dioten elkarrizketan.
Hain zuzen ere, Estebanek baieztatu du sozialisten proposamenak “balio lezakeela zigorren arteko mugak estutzeko eta mugatzeko” eta horrela, epaileek legea aplikatzeko orduan balia ditzaketen aukerak “mugatzeko”. Era berean, bozeramaile jeltzaleak baieztatu duenez, EAJ-PNVren eta kontsultatu diren adituen aburuz, PSOEren ekimenak “eusten die baimenaren baldintzari eta erasoaren zigor tipoari”.
Estebanek era berean adierazi nahi izan du EAJ-PNV `Bakarrik bai da baietz´ legearen alde dagoela, zigorraren alderditik harago elementu positibo batzuk jasotzen dituelako biktimei eman beharreko babesaren, prebentzioaren eta bestelakoen inguruan.
Edozein kasutan, bozeramaile jeltzaleak argitu nahi izan duenez, egingo den erreformaren gainetik ere zigorren berrikusketek beren bidea egingo dutela eta kasu batzuetan espetxetik ateratzeak gertatu egingo direla, indarrean dagoen legeak bere aplikazioa argituko duen xedapen gehigarririk aurreikusten ez duelako. Horregatik “hutsegitea” bera eta honek gizartean eragin duen “kezka” egiaztatuta, Euskal Taldeak beharrezko jotzen du “erantzun bat ematea”, zeinarentzat PSOEren Lege Proposamenak “lurreratze pista gisa balioko duen”. “Ez dugu ulertzen Montero ministro andrea zergatik tematu den legean aldi baterako xedapen bat ez jasotzearekin”, gaineratu du.
Estebanek era berean iragarri du ekimena izapidera onartzen bada, Euskal taldeak zuzenketa bat erregistratuko duela “Zigor kodearen funtsean eta bere egituran” iragankortasuna jasotzeko, legearen aplikazioan eta zigorrak berrikusteko eskarietan “irizpide definitua egon dadin” .
Azkenik, Euskal Taldearen bozeramaileak baieztatu du PSOE ez dela EAJ-PNVrekin harremanetan jarri proposatzen duen erreformaz hitz egiteko, eta alderdiei eskatu die “elkarren artean hitz egitea eta ulertzea, eta ondoren mugitu behar den guztia mugitzea”.“Lotsagarria da eta ez du ezertan laguntzen Gobernuko kideak hedabideen bidez elkarri mokoka aritzen direla ikustea. Halako gai batekin ez lukete jolasten ibili beharko. Berdin esaten diot PPri ere”, amaitu du.