Aitor Estebanek deitoratu du 'bai da baietz bakarra' bezalako gai delikatu eta garrantzitsua hedabideetan eztabaidatzea, kontu ideologiko edo elektoral bihurtuz

Radio Euskadiren 'Boulevard' irratsaioan egin dioten elkarrizketan, EAJ-PNVren Euskal Taldearen bozeramaileak baieztatu du EAJ-PNVk aldarazpen-proposamena arreta handiz aztertuko duela eta baietza emango diola baldin eta “baietzaren beharrari eusten bazaio eta epaimahaien aldetik interpretazio ezberdinei bide emango ez dien zehaztasuna lotzen bada”

Aitor Estebanek deitoratu du 'bai da baietz bakarra' bezalako gai delikatu eta garrantzitsua hedabideetan eztabaidatzea, kontu ideologiko edo elektoral bihurtuz 06Otsailak
2023
2023 OtsailaK 06 |
Kongresua
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

Aitor Estebanek, Diputatuen Kongresuko Euskal Taldearen bozeramaileak gaur deitoratu du PSOEK eta Unidas Podemosek, Estatuko gobernu koalizioko kideek “hedabideen bidez pilota elkarren teilatura botatzen aritzea” 'bai da baietz bakarra' legearen aldarazpena bezalako “gai delikatu eta garrantzitsuaren inguruan”, horrela “gai ideologiko bihurtuz eta jarrera elektoralak erabakitzeko gaitzat hartuz, berez duen edukiari balioa eman gabe”.

Radio Euskadiren 'Boulevard' irratsaioan egin dioten elkarrizketan Estebanek ziurtatu du berak ez duela oraindik ezagutzen Alderdi Sozialistak araua aldarazteko aurkeztuko duen proposamena, eta gaineratu duenez EAJ-PNVk proposamena “arretaz aztertuko du” eta sektore ezberdinekin kontrastatuko du, gai horren inguruan jarrera bat zehaztu baino lehen. Edozein kasutan, bozeramaile jeltzaleak esan du legea moldatzea “gauza normala” dela “zehatzago bihurtzeko eta epaimahaien aldetik interpretazio askotarikoak eman ez daitezen”, eta aurreratu du EAJ-PNVk erreforma hori babestu ahal izango lukeela baldin eta helburu hori lortuko balitz eta baietzaren beharrari eutsiko balitzaio. Edozein kasutan, Estebanek nabarmendu duenez “ona izango litzateke, hainbat penalistek esan duten bezala, legea kasu berrietara nola aplikatzen ari den ikustea”.

Partido Popularrak polemika honen inguruan adierazi duen jarreraz galdetuta, Esteban “harrituta” agertu da Núñez Feijóok zuzentzen duen alderdiak PSOEk aurkeztuko duen erreformaren alde agertu duen adierazpenaren aurrean. “Koalizio gobernuaren apurketa bilatzea zilegi izan liteke, baina halako gai delikatuarekin egitea ez dut uste politikoki oso arduratsua denik”, esan du.

Halaber, eta gobernu koalizioaren baitan ezbaiek hartu duten bidea ikusita, lege honen erreformaren inguruan ere, Estebanek baieztatu du Espainiako gobernuak “lehenik eta behin gauzak bere baitan eztabaidatu behar ditu, eta ondoren gauzak aurkeztu”. Alderantziz eginez, esan du “seriotasun falta antzeman daiteke”. Etorkizunera begira eta gobernuak bere bazkideekin izango duen harremanaren inguruan bozeramaile jeltzaleak gogoratu duenez “legeak ezin dira egin Lege Dekretuen bidez, ezta beren koalizioaren programa gainerako kideei inposatuz ere”, Kongresuan gehiengoak lortzeko orduan “guztiz beharrezkoak garenean”.

MOZAL LEGEA

Azkenik, Esteban “baikor” agertu da Euskal Taldeak 'mozal legea' izenekoa aldarazteko aurkeztu duen ekimenaz, berrogeita hamar bat bilera egin baitira zeinetan “aldaketa esanguratsuak” lortu baitira. Eta mezu argia luzatu die alderdi politikoei. “Ordua da bakoitzak esan dezan egoera hobetzeak edo segurtasunaren eta askatasunen artean oreka handiagoa emateak merezi ote duen, edo Rajoyren gobernuak bere kabuz onartu zuen 'mozal legearekin' jarraitu nahi duen”, esan du. Azaldu duenez, ponentzian aztertzeko fasearen ondoren “legearen %60ari buelta eman zaio”. “Uste dut erreformak merezi duela eta gu horretan ari gara ; oraindik akordioa lor daiteke ezadostasuna ematen den gaien inguruan. Utz ditzagun kontsignak bazter batean”, amaitu du.

Interesatu Zaitez