Izaskun Bilbao Barandica: “Euskadi egoera onean dago Europako Batasunak bultzatzen duen eraldaketa energetiko eta digitalari aurre egiteko”

Europako Batasunean EAJ-PNVren diputatu Izaskun Bilbao Barandicak gaur aldarrikatu ditu euskal gizartearen lana eta gaitasunak, bai eta ekintzailetza, berrikuntza eta produkzio-sarea babesteko eta gizarte babeseko sistema sendo bat emateko abian jarri diren politikak ere, eta esan du horren eraginez Euskadi egoera onean dagoela Europako Batasunetik energiaren alorrean eta esparru digitalean bultzatzen dituen eraldaketei aurre egiteko

Izaskun Bilbao Barandica: “Euskadi egoera onean dago Europako Batasunak bultzatzen duen eraldaketa energetiko eta digitalari aurre egiteko” 27Urtarrilak
2023
2023 UrtarrilaK 27 |
Europako Legebiltzarra
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian. 

“Lehen eraldaketa bat bizi izan genuen laurogeigarren hamarkadan eta bete-betean asmatu genuen hori gainditzeko hartu genituen neurriekin. Gaur, abiapuntu hobe batetik eta esfortzu berbera eginez, egiten dakigulako eta guk baino hobeto egiten dutenei begiratzen diegulako, berriro ere lortuko dugu aurrera egitea” esan du jeltzaleak.

Euro ganberako ordezkari jeltzaleak gaur hitz egin du Fórum Europa-Tribuna Euskadik eta BBK Fundazioak antolatu eta egin duten jardunaldian, zeinetan bertan izan direnek planteatu dizkioten galderen bidez Europaren egungo egoeraren errepasoa egin den. Izaskun Bilbaok gogora ekarri du Europako Batasuna indartzeko momentua bizi dugula eta euskal autogobernua aldarrikatzea eta aldarri horiek indartzea guztiz bateragarria dela Europako Batasunean bideratzen ari den gobernantza eredu berriarekin, eta bat dator, gainera Europako Etorkizunerako Konferentzian defendatu ziren herritarren proposamenekin. “Europa Federalagoa behar dugu, esan du, baina gertakariek erakusten dute politika globalek ez dutela funtzionatzen hurbilen daukagunaren parte hartze eta konplizitaterik gabe. Berdin gertatzen da berrikuntzan, ekonomian, industrian, baina baita immigrazioan ere. Pertsonak bizi dira, integratzen dira eta zerbitzuak jasotzen dituzte hurbilen daukaten esparruan. Horregatik, politikak eraiki eta bete behar dira esparru hurbilean”.

Izaskun Bilbao Barandicak berretsi du Europako proiektua ona eta beharrezkoa dela eta nabarmendu ditu, gainera, Osasunaren Europaren abantzamendua, txertoen lorpena edo pandemiaren ondoren denon artean finantzatutako berreskuratze programa martxan jarri izana (Next Generation funtsen bidez), bai eta Europako eredu soziala azken urteotan indartu egin dela. Sistema nazionalak babesteko programak aipatu ditu, hauen artean SURE programa, ERTEak finantzatzeko aukera eman duena balore demokratikoen eta zuzenbide estatuaren kalitatearen defentsa eginez. Ildo beretik aipatu ditu urteko txostenak “eta bereziki Europako funtsei eta izenpetzen ari garen nazioarteko akordioei aplikatzen zaien baldintzazkotasuna” demokrazia indartzeko funtsezko tresna gisa.

Ukrainako inbasioaren bilakaera eta haren ondorioak izan dira galderen bidez azaldu den kezketako bat. Europako diputatuak gogora ekarri du Euroganberan egin zen azken bilkuran berretsi zela Batasunak eta aliatuek inbasioaren biktimekin eta Ukrainako herritar guztiekin duten konpromisoa, eta esan du elkartasun horren adierazpena ere dela tankeen bidalketa Errusiako armadaren aurrean Ukrainaren aukerak hobetzeko.

“Elkartasun hori jaso nahiko genuke inbasio baten mende egongo bagina”. Era berean esan du bide horrek ez duela bide diplomatikoa ahultzen, bakerako bidea “zailtasun handiekin” egiten ari baita. Baina gogoratu du Ukrainakoa moduko gatazka bat areagotzen duena inbaditzailea dela, eta ez bere lurraldea defendatzen ari dena. Era berean deitoratu duenez gaur egun tankeen bidalketaren kontra agertzen diren eta bakezaletasuna aldarrikatzen duten batzuek “ez zuten jarrera kritiko berbera erakutsi gu guztiok hurbil-hurbiletik eta zuzen-zuzenean mehatxatu gintuzten armen erabileraren aurrean”.

Gaurko hitzaldian diputatu jeltzaleak gogora ekarri du gaur dela Holokaustoaren biktimak gogoratzeko eguna, eta berretsi du iraganeko ezbehar honek eraman beharko gintuzkeela adi egotera politikan instalatu den polarizazio eta krispazio giroaren aurrean, eta “demokrazia narriatzen duen zarata” alderatu du Europako Etorkizunerako Konferentziaren emaitzekin, azken hauek erakusten baitute “pertsonei politika interesatzen zaiela, nola egiten dugun atsegin ez duten arren”. Egoera gainditzeko animatu du parte hartze prozesuak sustatzera, informazioen agenda elkarrizketa eta akordio bidez lortzen diren lorpenetatik polemika antzuetatik baino hurbilago egon dadin, eta jarrera kritikoagoa eskatu du sare sozialen funtzionamendu batzuen aurrean.

Interesatu Zaitez