Gainera, deialdiaren oinarrietan emakumeekin bete beharreko plazen nahitaezko ehuneko bat jaso da: % 35 Ertzaintzan eta % 25 Euskadiko udaltzaingoetan
Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak eta Gorka Urtaran Gasteizko alkate eta EUDELeko elkarteburuak gaur goizean aurkeztu dute Euskal Poliziako oinarrizko eskalarako 212 plazako deialdi berria. Deialdi berritzailea da; izan ere, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren 40 urteko historian lehenbiziko aldiz Ertzaintzako trafiko-unitateetan eta ikerketa kriminaleko taldeetan sartzeko espezialitatea duten txanda libreko plazak atera dira. Horrela, espezialitatea duten plazen ikasketa-planean, ikasgai-zerrenda komunaz gainera, espezialitate bakoitzeko lanak eta eginkizunak betetzeko beharrezko formakuntza espezifikoa ere eskainiko da.
Biek azaldu duten bezala, deialdia zabal daiteke hautaketa-probak amaitu aurretik eta probak gainditu dituzten pertsonen zerrenda argitaratu baino lehen deialdia egin duten administrazioek erabakitako plaza-kopuruan. Oraingoz, hauek dira deitu diren plazak:
ERTZAINTZA: 127 plaza atera dira.
UDALTZAINGOAK: Euskadiko 31 udaletako udaltzaingoetako oinarrizko eskalarako 83 plaza. Gehienek Administrazio Publikoko nahitaezko 2. hizkuntza-eskakizuna izatea eskatzen dute (Europako esparruko B2). Hauek dira udalak:
UDALTZAINGO ZERBITZUAK: 2 plaza Zamudio eta Zizurkilerako, bi kasuetan Administrazio Publikoko nahitaezko 2. hizkuntza-eskakizuna dute.
Emakumea Euskal Polizian sartzea
Deialdi hau da Euskadin altueraren baldintza kenduta egiten den lehenengoa. Eusko Jaurlaritzak eta EUDELek Euskadin emakume polizien kopurua igotzeko eta, modu horretara, plantilletako egungo desoreka zuzentzeko diseinatutako neurrietako bat da: gaur egun Ertzaintzaren eta Euskadiko udaltzaingoen plantilletan % 16,6 dira emakumeak.
Helburu horrekin, deialdiaren oinarrietan emakumeekin bete beharko diren plazen nahitaezko ehuneko bat ere jaso da. Ehuneko hori pixkanaka joango da ezartzen datozen urteotan Ertzaintzan eta Euskadiko udaltzaingoetan, legeak baimendutako gehieneko % 40ra iritsi arte, eta bihar abian jarriko den oposizio-lehiaketan % 35 izango da nahitaezkoa Ertzaintzan eta % 25 Euskadiko udaltzaingoetan.
Alde horretatik, gaur Gasteizen egin den oposizio-lehiaketa berriaren aurkezpenean, Josu Erkorekarekin eta Gorka Urtaranekin batera Irune Zabala Basauriko Udaltzaingoko agentea eta Nuria Corral Ertzaintzako Trafiko Unitateko agentea ere izan dira. Bien presentziaren helburua izan da Euskadiko emakume poliziak bistaratzea, beste emakume batzuk hautaketa-prozesu honetara aurkeztera bultzatzeko erreferentzia izan daitezen. Euren esku-hartzeetan, biek azpimarratu dute emakumea kidegoetan sartzearen garrantzia eta premia, euskal polizietan ere berdintasunen aurrera egiten jarraitzeko.
Azkenik, eta emakumeak Euskal Polizian sartzea sustatzeko lehentasunezko helburuaren esparruan, Josu Erkorekak eta Gorka Urtaranek gizarteari zuzendutako deialdi berri honen kanpaina aurkeztu dute, emakumeak aurkeztea sustatzeko eta emakumeek plantilletan duten presentzia eskasa hautaketa-prozesutik bertatik zuzentzen jarraitzeko helburuarekin diseinatu dena.
Belaunaldien arteko txanda eta euskalduntzea
Bestalde, Josu Erkorekak eta Gorka Urtaranek adierazi dute bihar abian jarriko den hautaketa-prozesu berriaren beste helburu batzuk direla belaunaldien arteko txanda bermatzea eta plantillak gaztetzea eta plantillak euskalduntzeko bidean aurrera jarraitzea, euskara barne harremanetarako eta herritarren arretarako ohiko hizkuntza izan dadin.
Izen-emateak eta azterketak
Interesa dutenak bihartik, urtarrilak 17tik, hasi ahal izango dira izena ematen arkauteakademia.eus webgune ofizialean, edo informazioa eska dezakete 900 840 088 telefono-zenbakiaren bidez. Izena emateko epea 20 egun baliodunetan egongo da zabalik, bihartik hasita. Nahitaezkoa da, beste baldintza batzuen artean, 18 beteta eta 38 urte bete gabe izatea eta Batxilergoko titulua edo baliokidea izatea.
Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak aurreikusten duenez, lehenengo probak, psikoteknikoak eta ezagutzak baloratzekoak, aurtengo udaberrian hasiko dira, eta Euskal Poliziako agenteen promozio bateratu honek, beraz, aurtengo udazkenean bertan hasi ahal izango du prestakuntza-aldia, 2024an sartu ahal izateko praktikaldian dagokion polizia-kidegoan.
Iturria: Irekia