Susok aitortu du 'Miñano auzia' mingarria izan dela baina gogora ekarri du EAJ-PNVk irmotasun osoz erantzun zuela

Araba Buru Batzarraren presidenteak azpimarratu duenez prozedura judizialak, 13 urtetan luzatu denak, ez du EAJ-PNVren inplikaziorik egiaztatu, “ez onuradun gisa ezta eragile gisa ere”

Susok aitortu du 'Miñano auzia' mingarria izan dela baina gogora ekarri du EAJ-PNVk irmotasun osoz erantzun zuela 13Urtarrilak
2023
2023 UrtarrilaK 13 |
EBB
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

Auzitegi Gorenaren epaia ezagutu ondoren hedabideen aurrean izan duen lehen agerraldian, Araba Buru Batzarraren presidente José Antonio Susok `Miñano auzia´ izenez deitzen denaz esan du EAJ-PNVrentzat “mingarria” izan dela. Era berean gogoratu nahi izan du talde jeltzaleak berehalako erantzuna eman zuela eta eredugarria izan zela bere jokaeran “ordura arte politikagintzan sekula gertatu ez zen bezala, baina prozesu judizialak iraun duen 13 urteotan, min horrek zuzenean ukitu gaitu”.

Arabako jeltzaleen presidenteak gogoratu du EAJ-PNVk barkamena eskatu duela “alderdi gisa defendatu dugun, defendatzen dugun eta defendatuko dugun etikaren kontra doazen jokaera indibidualengatik”. Zentzu horretan nabarmendu duenez “prozedura judizial horretan ez da alderdiaren inplikaziorik eman, ez onuradun gisa ezta eragile gisa ere”.

José Antonio Susok azpimarratu du EAJ-PNVk zentzu horretan erakutsi duen jokaerari hiritargoak eman dion erantzuna. “Lehen epaia 2019an atera zen. Ordutik aurrera hainbat hauteskunde egin dira. Hiritargoak 13 urteotan erabaki du dagoeneko Alderdia zigortu nahi duen ala ez. Epaia argia da. Auziak delitu partikularrak epaitzen ditu . Egia da interesak egon badaudela alderdia ustela dela erakusteko, hauteskundeetarako aurre-kanpainan gaudela. Baina hiritargoak ikusi du bere sasoian nola jokatu genuen eta nola jokatzen jarraitzen dugun”, argudiatu du.

Maiatzeko hauteskundeei begira dauden aurreikuspenez galdetuta, ABBren presidentea baikor agertu da: “Inkestek abiapuntu ona ematen digute. Egia da Gasteizen alderdi batzuk gaudela 1-2 zinegotziko aldearekin. Baina konbentzituta nago Artolazabal hautagaia gailenduko dela. Konbentzituta nago Gasteizen hauteskundeetako emaitza onak izango ditugula, argi izanik, jakina, maiatzera iritsi behar dugula gauzak ahalik eta ondoen eginez”, adierazi du.

Araba Buru Batzarraren presidente gisa hurrengo urte biotan izango duen erronkari dagokionez, Jose Antonio Susok argi baino argiago hitz egin du: “Alderdia finkatu nahi dut Araban, herrialdeko lehen indar politikoa izan dadin. 2016tik aurrera hauteskunde guztiak irabazi ditugu, bai eta Hauteskunde Orokorrak ere, orain arte 40 urtetan gertatu ez den zerbait. Nire lana da egoera hori finkatzea. EAJ-PNVk 127 urte bete ditu Euskadiren zerbitzura. Asko dugu egiteko, helburu asko betetzeko , eta horretara emango dugu geure denbora” amaitu du.

Interesatu Zaitez