Agur t´erdi!
Lehendakaria naizen aldetik, ohore handia da zuon guztion aurrean hitz egiteko aukera izatea. Laster amaituko den urteari agur esan eta berriari ongi etorria emango diogu.
Egun hauek egokiak dira bizitakoa gogoratzeko, gure senitartekoekin eta lagunekin hori bera partekatzeko. Baita aurrera begiratu eta amets egiteko ere.
Zorionerako egunak dira, “sorioneku” egunak.
Urteko garai honetan bizitzaren gaineko hausnarketa egiten dugu, zailtasunak eta aukerak ondo aztertuz. Atzera begiratzen dugu, esperientziatik ikasi eta aurrera sendo egiteko.
Itxaropenerako, proiektu berrientzako eta asmo onak zehazteko egunak izan beharko lirateke.
Hala ere, errealitateak erakusten digu adi egoteko arrazoiak ere baditugula. Gure aurreko belaunaldiek jarrera hori izan zuten, baita gure belaunaldiek ere jarrera bera izan dugu.
Gaur egun, berriro ere, ziurgabetasuna eta segurtasunik eza areagotzen dira. Ia egunero jasotzen ditugu arazoei buruzko albisteak: gerra hotsak, baita Europaren bihotzean ere; giza eskubideen urraketak; bizirik jarraitzen duen pandemiaren eragina; gizarte eta politika munduan hainbat liskar... Azken finean, kezkarako eta zalantzarako albisteak...
Ezkortasun hori dela eta, etsitzeko edo amore emateko arriskua dugu, baina EZIN dugu holakorik egin.
Arrisku horren aurrean begirada lasaia, positiboa eta globala behar dugu izan.
Giza izaeraren parte da duguna ez estimatzea edo estimatu nahi ez izatea gure gizarteak eskaintzen diguna.
Euskadin gure garapen-mailak bizitza-, lanbide- edo familia-proiektu bat gauzatzeko benetako aukerak eskaintzen dizkigu. Ongizate maila altua dugu eta hori aberastasuna sortzeko eta banatzeko ahalmenean oinarritzen da.
Gure gizartea kohesionatuta dago eta solidarioa da.
Hori guztion artean lortu dugu, hamarkadetan landu eta eskuratu ahal izan dugu.
Gure aurrekoen ahaleginaren gaineko gogoeta egitea da hori gogora ekartzea. Haien ikuspegi eta ahaleginari esker, zailtasunak gainditu, aurrera egin eta gure oraina hobetu ahal izan dugu.
Iraganean egin zutenari esker, konfiantza dugu etorkizuneko erronkak gainditzeko dugun gaitasunean.
Orain gure seme-alabei utziko diegunaren gaineko hausnarketa egitea eta hori garatzea dagokigu. Ez gaude bakarrik. Erronka berberak ditugu munduko toki gehienetan. Erronka sozialak, ekonomikoak, ekologikoak, teknologikoak edo bizikidetzakoak.
Mundua aurrera eramatea gu guztion ardura da, auzolanean aritzean dago gakoa.
Nazio Batuen Erakundeak erantzun bat proposatu digu: 2030 Agenda eta Garapen Jasangarriko 17 Helburuak.
Euskadin Giza Garapen Jasangarriaren ereduari jarraitzen diogu.
Baliabideak ditugu, baita eredu bat ere kudeaketa garatzeko lankidetzaren bidez. Horri esker, krisi sozial eta ekonomikoaren eraginez gehien behar dutenei laguntzen jarraituko dugu.
Hausnarketarako une hauetan bost erronka partekatu nahi ditut:
-Bat: ekonomia indartzea eta kalitatezko enplegua sortzea.
Gaur egun, 993 mila lagun ari gara lanean. Duela hamar urte baino ehun mila gehiago dira.
Ez da nahikoa, enplegu gehiago eta kalitate handiagokoa sortzen jarraitu behar dugu.
Euskadi lan egiteko toki erakargarria dela erakusten jarraitu behar dugu.
-Bi: planetak ezin du gehiago itxaron, ez dugu beste bat.
Klima-aldaketaren aurrean, anbizio handiagoa izan behar dugu.
Guztiok erakutsi dezakegu gure konpromisoa, eraginkortasun energetikoaren, energia-iturri berrien edo ekonomia zirkularraren aldeko apustua eginez.
-Hiru: berrikuntza da gure etorkizunaren giltzarria.
Ikerketa eta berrikuntza dira Euskadiren lehiakortasunerako motorrak.
Berrikuntzaren Europako Polo izendatu gaituzte. Ez da nahikoa, datorren urtean Europarekiko konbergentzia lortzea proposatu nahi dugu.
-Lau: erronka demografikoa eta gazteen emantzipazioaren aldeko apustua.
Beherakada demografikoa erronka bat da Europarentzat, eta, bereziki, Euskadirentzat.
Belaunaldien arteko hitzarmena sustatzen ari gara, gazteen enplegu-, etxebizitza- eta errenta-baldintzak bultzatzeko, emantzipazio erabakia aurreratu ahal izan dezaten gazteek.
-Bost: osasuna eta bizi-kalitatea.
Oraindik ere pandemia ari gara pairatzen eta pandemiak arreta sanitarioa eta soziosanitarioa erdigunean jarri ditu.
Egia da pandemiak munduko osasun-sistema guztiak tentsionatu dituela, baita gurea ere. Inor ez zegoen honetarako prestatuta.
Arazoak eta zailtasunak onartzen ditut. Gogotik ahaleginduko gara gure osasun-sistema hobetzen, gure altxorra da-eta.
Gabon Zahar egun honetan guztiok eskatzen diogu osasuna urte berriari. Gure lana da nahi hori errealitate bihurtzeko bideak urratzea. Eta, horretan, ez dugu atsedenik hartuko.
ARGI esango dut: Osakidetzako plantilla profesionala indartzen jarraituko dugu. Lehentasuna emango diogu lehen mailako arretako zerbitzuak hobetzeari, beti ere BAKARRA den Osakidetzaren zerbitzu publiko batetan.
Osasuna da gure ondasunik preziatuena eta gure gizartea batzen duen giltza.
Bost erronka nabarmendu ditut urte berria itxaropenez hasteko: Enplegua sustatzea, Trantsizio ekologikoa, Berrikuntza, Gazteen aldeko apustua eta Osasuna.
Apalki onartzen dut hobetzeko guneak ditugula, beti ez dugula asmatzen. Akordioen alde egiten jarraitu behar dugu, hurbiltasunetik eta auzolanean, aurrera egiten jarraitzeko.
Hori da gure Gobernua gidatzen duen lehentasuna: gizartearen eskari eta beharrei erantzungo dieten adostasunak ehuntzen saiatzea, bereziki behar handiena duenari arreta eskainiz.
Xede horrekin, itxaropena eta konpromisoa partekatu nahi ditut: Euskadirentzako oraina eta etorkizun hobea. Horixe da elkartzen gaituen helburua.
Urte berrirako onena opa nahi dizuet guztioi… Egun hauetan elkarri opa dizkiogun desio eta nahi guztiak, egi bihurtu daitezela!
Eskerrik asko, Zorionak eta Urte berri on!
Iturria: Irekia