Egungo alkatea EAJ-PNVren hurrengo alkategaia izango da, eta aurreratu du hurrengo legealdian ere jarraituko duela landa inguruetako auzoetan oinarrizko zerbitzuen hobekuntza sustatzen
“Ohore handia da Gatikaren garapenean lan egiten jarraitzeko aukera hau izatea”, baieztatu du Onintze Amezaga Bilbaok (Gatika, 1978), bere herriko alkategai izendatu berri izan delarik. Egungo alkateak Udaleko aginte makila jaso zuen aurreko alkate Leixuri Arrizabalaga Arruzaren eskutik 2021eko ekainean eta Gatikako alderdikideei eskertu nahi izan die “nigan jarri duten konfiantza”, eta egungo gobernu taldeak legealdian zehar garatu dituen lanak balioetsi ditu. “Zailtasun handiak planteatu dizkigun legealdia izan den arren, nagusiki pandemiak eragin dituenak, Gobernu Plana betetzeko gai izan gara”, adierazi du.
Amaitzear dagoen agintaldiko mugarri nagusienen artean hautagai jeltzaleak nabarmendu du “udaletxe aurreko errotonda, Luberrietaondo urbanizaziotik ateratzen diren ibilgailuei irteera errazten duelako; hilerriko aparkalekua, 30 ibilgailu sartzeko lekua ematen duena; saneamendu sarearen konexioa; auzoetako etxebizitzen zenbakiekin jarri diren seinaleak, erraz aurkitu ahal izateko, edo eskola berria egiteko proiektua”. Zentzu berean “Libarona, Urresti, Butroi auzoak argiztatu ditugu eta, laster, Zurbano ere, eguzki panelek elikatutako argiekin; konpondu egin dugu Garai auzoko uholde-arriskuarena ; hainbat auzotako bideak asfaltatu ditugu; Saneamendu Plana garatu dugu Ugarte auzoan, eta ura eramateko hodia ordezkatu dugu Butroi auzoan”, zehaztu du. Herri erdian autobus geltokia eta markesina bat instalatzea lortu dugu; Gatika eta Mungia arteko irisgarritasuna hobetuz eta herri biak eta osasun zentroa lotzen dituen espaloia moldatuz”. “Kirol instalazioetan egin diren inbertsioak” ahaztu gabe, herriko klubek eta elkarteek beren praktikarako toki egokia izan dezaten eta Gatikako Iusturi Klubaren kasuan bezala estatu mailako lehiaketetan parte hartzeko aukera izan dezaten”.
Etorkizunera begira, Amezagak aurreratu duenez “azken bultzada emango diogu Hiri Antolamendurako Plan Nagusiari, beste hainbat gauzen artean gure gazteentzako etxebizitzak eraikitzeko aukerak emanez; Gatikako eskola berria egiteko eta osasun etxea berriztatzeko behar den bultzada ematen jarraituko dugu;landa inguruetako oinarrizko zerbitzuak hobetzen jarraituko dugu eta euskararen aldeko apustu irmoari eutsiko diogu, ingurumena, osasuna , zerbitzu sozialak eta berdintasuna bultzatzearekin batera”, ziurtatu du.
Amezaga Zuzendaritzako Idazkaritzan diplomatu zen Deustuko Unibertsitatean. Euskalduna da eta euskara eta gaztelaniaz gain ingelesez eta frantsesez hitz egiten du. Ibilbide luzea egin du esparru publikoan eta pribatuan eta Bizkaiko Gurutze Gorriko langilea da, Berdintasun gaietarako arduraduna, gaur egun eszedentzian. UEMA-Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko presidenteorde izan zen 2015 eta 2019 bitartean eta Emakunderen Zuzendaritza Batzordeko kide da. 2015etik 2021era bitartean Gizarte Zerbitzuen, Osasun eta Berdintasun sailaren zinegotzia izan zen eta, aldi berean, Korporazioko alkateorde. 2021eko ekainetik izan da Gatikako alkatea.
Alkategaiarentzat harro egoteko moduko gauza da gatikarra izatea: “Pertenentzia sentimendu sendoa daukagu eta harrotasunez aitortu ohi dugu nongoak garen”, baieztatu du irribarre batekin. Onintze Amezagak bere burua deskribatzeko esan du handikeriarik gabeko gauzak gustuko dituela. “Koadrila eta familia… Gustuko dut irakurtzea, igeri egitea, itsas ertzetik ibiltzea eta Gatika eta Uribe Butroeko ingurune naturalaz gozatzea”, esan du.