Berraukeraketara aurkeztuko den hautagaiak eramango du “gure herriko auzo bakoitzaren ahotsa eta ordezkaritza eramango duten emakume eta gizonek osatutako lantaldea”, udalerri osoaren alde lan egiteko borondate berberak batzen dituelarik
Gordexolako egungo alkatea, Ángela Eguia Liñero (Gordexola, 1964), izango da berriz ere EAJ-PNVk 2023ko maiatzean egingo diren udal hauteskundeetan Enkarterriko herri honen gobernurako proposatuko duen zerrendaburua. Herritargoak babesa ematen badio lanari helduko dio “udal kudeaketa lanaren esperientzia eta aurpegi berriak uztartzen dituen eta Alderdiak Gordexolarrekin duen konpromisoa bermatuko duen lantalde bikainaren eskutik”. “Aurkeztuko dugun zerrenda osatuko dute profil pertsonal eta profesional askotarikoak dituzten emakume eta gizonek. Hautagaitzak ahotsa eta ordezkaritza ematen die Gordexolako auzo guztiei, eta pertsona guztiak batzen dituen lokarria da udalerri osoaren mesedetan lan egiteko borondatea. Denak dira pertsona hurbilak, elkarrizketa zaleak, Gordexolako elkarteetan, kultur taldeetan, kirol arloan eta aisian parte hartze aktiboa dutenak. Azken finean, gure herriko bizimoduan integratuta dauden pertsonak dira”, azaldu du.
Berraukeraketara aurkezten den hautagaiak azaldu ditu EAJ-PNVk gobernu taldearen eskutik legealdi honetan garatu dituen jarduera nagusiak: “Hobekuntza garrantzitsuak egin ditugu eskolan, bereziki patioaren estalduran; Kaparroliko pasealeku berria egin dugu, luzaro espero izan dugun azpiegitura eta gure udalerriaren konektibitatea nabarmen hobetu duena, eta baserriei hornitzeko sare berria. Harro egoteko moduko beste proiektu bat izan da Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako Kontseilua sortu izana”, azpimarratu du alkateak.
Baina, gizarte babesa eta 2030 Agenda dira Eguiak nabarmendu nahiko lituzkeenak. “Ziurgabetasunezko egoeretan erabakiak hartzen ikasi dugu zaurgarritasun egoeran dauden herrikideei laguntzeko. Pandemiak agerian utzi digu gizarte babesa landu behar dugula: zaurgarritasun egoeran dauden pertsona eta familiei laguntzea, laguntza orokorragoak dendei eta ostalaritzari; lankidetza handiagoa gure herriko baliabide sozialekin eta osasun baliabideekin”, adierazi du. “Arlo honetan ezinbesteko ikusi izan dugu adinekoen egoitza diruz babestea”.
2030 Toki Agendari dagokionez, Egiak adierazi duenez “energiaren eraginkortasunaren alde lan egiten denbora daramagun arren, bertoko estrategia propioa definitzen hasi gara. 2023an egingo dira horretarako oinarri arauak, herrikideen parte hartzearekin; jarduera plana badugu energiaren kontsumoa eta karbono aztarna murrizteko diagnostiko eta estrategiekin”, esan du.
Hautagai jeltzaleak gauzak argi baino argiago ditu hurrengo legealdira begira, Gordexolan egin beharreko lanei dagokienez, herritarren ongizatea eta bizi maila hobetzen lagunduko duten proiektuak. “Etapa berri hau markatuko dute iraunkortasunaren aldeko lanak eta garapen jasangarrirako helburuen alde lan egiteak. Jarduera plan bat diseinatuko dugu, gure posibilitateen barruan, egungo trantsizio ekologiko,ekonomiko eta sozial handiei laguntzeko.Eta, estrategia horretan jasoko dira etorkizunera begira gauzatuko ditugun proiektuak”, azaldu du. “HAPO berria onartzearekin batera etxebizitza berriak eraikitzeko lana egingo dugu, gure udalerriaren biziraupenerako funtsezko egiten baitzaizkigu, bai eta herrian eskola izaten jarraitzeko eta gure zerbitzuei eusteko, ere”, berretsi du Eguiak.
Hautagai jeltzalea betidanik bizi izan da Gordexolan, Ibarra auzoan. Deustuko Unibertsitatearen Turismo teknikari titulua dauka eta 1983an politikagintzan eman zituen bere lehen urratsak EAJ-PNVko zinegotzi gisa. Karguan eman zituen 8 urte. Lan esparruan turismo enpesen kudeaketan lan egin du eta 2015etik aurrera Gordexolako alkate izan da. halaber, 2016tik aurrera Enkarturreko presidente ere bada. Bere zaletasunak dira irakurtzea, mendia eta bere aisia lagun artean ematea. Txiki-txikitatik oso aktiboa izan da bere herriko kultur jardueretan, kiroletan eta abarretan. “Gordexolako parajeak” maite ditu “bai eta gure ingurune natural pribilegiatutik ibiltzea” ere, “hemengo haran berdeekin,baso lasaiekin eta gailurrekin”. Bereziki gozatzen du auzoen nortasunarekin eta bertan bizi diren herrikideen hurbiltasunarekin: “Pertsona irekiak dira, parte hartzaileak, jakin-min handiarekin eta aldi berean errespetu handiarekin. Harro daude beren herriaz, komunitate honetako kide izateaz”, laburbildu du.