Kongresuan eman den prentsaurrekoan Euskal Taldeko bozeramaileak “zuzentarau politikei” egotzi die organo instituzionaletan eman diren azken gertakarien ardura, eta blokeatu izanaz esan du “erabat ulertezina eta onartezina” dela
Aitor Estebanek, Diputatuen Kongresuko Taldearen bozeramaileak, gaur baieztatu du Auzitegi Konstituzionalak atzo hartu zuen erabakia, zeinaren bidez Gorteetan lege bat izapidetzea lehen aldiz geldiarazi baitzuen “Ganberen bortxaezintasunaren inbasioa” izan dela.
Kongresuan eman den prentsaurrekoan, Estebanek atzo Auzitegi Konstituzionalak hartu zuen akordio “ezohikoaren” balorazioa egin du, zeinaren bidez organo honek “Ganberak bere burua antolatzeko duen eskubidea eta bere burujabetza inbaditu baititu” Lege bat Senatuan geldiarazteko. “Lehenago egin zuten”, gogoratu du Estebanek `Atutxa auzia´ eta Kataluniako parlamentuetan eginiko esku hartzeak gogora ekarriz, “baina kasu honek bere ezaugarriak ditu eta arau baten izapidetzea geldiaraztea oso ezohikoa da”.
Hitza hartzeko izan duen tartean, bozeramaile jeltzaleak ironiaz hitz egin du Auzitegi Konstituzionalak auzi honekin erakutsi duen “ardura”, oraindik “Ganberen dinamika are gehiago nahasten duen” gaia konpondu gabe jarraitzen duen bitartean, Alberto Rodríguez Kanarietako diputatuak aurkeztu zuen babes errekurtsoa gogoan.
“Nahiko harrituta nago baina, honen guztiaren atzean batzuen eta besteen interesak daude eta, jakina, hor dago organo instituzionalak berritzeko prozesuaren blokeo ulertezina, urteak daramatzana eta onargarria ez dena, ezta ulergarria ere”, esan du Estebanek. “Mugimendu hauek guztiak egin dira zuzentarau politiko jakin batzuei men eginez, argi baino argiago geratu da”, ezarri du.
Halaber, eta “Auzitegi Konstituzionalean agintaldia amaituta duten pertsonek abstentzioa bozkatu beharko zuten eta ez soilik baztertuek” gogoratuz Estebanek era berean esan du Espainiako gobernuak eta orain Auzitegi Konstituzionalak bere kontrolpean hartu dituen zuzenketak proposatu zituzten taldeek “gauzak bestela egin zezaketen, lasaiago, batez ere inork aitzakiarik izan ez zezan”.
Hain zuzen ere eta hemendik aurrera irekiko den egoerari dagokionez, Estebanek aurreratu du parlamentuko talderen batek Lege Proposamena aurkeztuko duela “zerotik hasita, parlamentuko dinamika hasteko bertan behera geratu diren legeen aldarazpen guztiak egiteko”. Edozein kasutan, lasai egoteko deia egin du, bere ustez “arinkeriaz eta buru-berokeriaz erantzuteak ez duelako toki onera eramaten”.