Euskal Taldeak egin duen eskariari erantzunez Gobernu zentralak garraioaren hobaria luzatzeko atea ireki du

Kontrol bilkuran, Idoia Sagastizabal diputatu jeltzaleak Ogasun ministro andreari exijitu dio Estatuak egiten duen %30eko ekarpenari jarraipena ematea eta neurri luzatzeko eskakizunarekin lotu du Exekutiboak urte bukaeran krisiari aurre egiteko onartuko duen Dekretua.

Euskal Taldeak egin  duen eskariari erantzunez Gobernu zentralak garraioaren hobaria luzatzeko atea ireki du 14Abenduak
2022
2022 AbenduaK 14 |
Kongresua
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

Espainiako gobernuak parlamentuko bilkuran gaur bertan ireki du garraio publiko kolektiboa diruz laguntzeko hobariekin jarraitzeko atea, printzipioz abenduaren 31n amaitzen den zerbait. Idoia Sagastizabal diputatu jeltzaleak kontrol bilkuran egin duen galderari erantzunez, Ogasun eta Funtzio Publikoko ministro María Jesús Monterok baieztatu du `bultzatzen jarraitu behar den laguntza´ dela .

“Neurri hori ekarriko duzuen Dekretuan agertzen ez bada, ez da erraza izango guk babestea”, esan du Sagastizabalek Espainiako gobernuak urte bukaeran abenduaren 31n iraungitzen diren krisiaren kontrako neurriak luzatzera begira onartuko omen duen Lege Dekretuaz. ´Zure talde parlamentarioarekin eztabaidatzeko aukera izango dugu hurrengo asteetan´ izan da ministro andrearen erantzuna.

Bilkuran hitza hartu duenean, Sagastizabalek gogora ekarri du garraioaren prezioa %30 murrizteko erabakia “aldebakartasunez” hartu zuela Gobernu zentralak. Autonomia Erkidego batzuek, hauen artean EAEk laguntzaren osagarria eman zuten %50etara iristeko. “Neurri hura lehenago eraginkorra bazen eta inguruabarrak aldatu ez badira, ulertzen dugu luzatzea beharrezkoa dela. Hobariarekin jarraitzeko edo ez jarraitzeko erantzukizuna ezin da Autonomia Erkidegoen ardurapean utzi eta koste osoa hauek ordaintzea derrigortzea, orain arte Estatuak egiten zuenean”, esan du Sagastizabalek, eta jarraian deitoratu duenez “Autonomia Erkidego batzuek ezin izango dute laguntza aplikatzen jarraitu, beren kontuek horretarako aukerarik emango ez dietelako”.

Edozein kasutan, diputatu jeltzaleak baieztatu duenez “EAJ-PNVren erabakia da euskal erakundeek beren aukeren barruan hobari horiek luzatzea”, baina Euskal Taldeak “bere aldetik borrokatuko duela” Estatuak esandako %30 hori ematen jarrai dezan.

Interesatu Zaitez