Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak ez du uste Zigor Kodearen aldarazpen hau atzeko ate bat bihurtuko denik “ustelak onik atera daitezen”, baizik eta Katalunia politikoki normalizatzen lagunduko duela
OHARRA: Elkarrizketaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.
Euzkadi Buru Batzarraren presidente Andoni Ortuzarrek gaur baieztatu du EAJ-PNVk babesten duela bidegabeko erabilpenaren delitua PSOEk eta ERCk adostu duten terminoetan aldaraztea, bere ustez ez delako aterabidea edo atzeko ate antzeko bat izango “ustelak onik atera daitezen edo zigor txikiagoak izan ditzaten”, baizik eta Kataluniako egoera politikoa normalizatzen lagunduko duelako, 2015ean Partido Popularrak sartu zuen lege erreforma ezabatuz. “Erreforma hura egin zuen PPk bere kabuz, gehiengo osoa bere alde zuenean” eta “ez zegoen bideratuta ustelkeriaren kontrako borroka indartzeko baizik eta Artur Mas presidenteari eta Kataluniako politikariei beldurra eragiteko A-9ko erreferendumean sartu ez zitezen”.
Gaur goizean Onda Vasca irratiari eskaini zaion elkarrizketan, buru abertzaleak aitortu du erreforma hau “oso fokalizatuta” dagoela Kataluniako auzian, baina azpimarratu du funtsezkoena dela “Kataluniako giro politikoa hobetzen eta lasaitzen laguntzea, espetxe zigorrak dituzten edo zigor baten Damoclesen espata buru gainean duten pertsonak birgizarteratzeko. “Eta horrek badakar Katalunian halako normaltasun politikoa izatea, non pertsonek eta erakundeek adierazteko askatasuna izango duten, beren ideiak defendatu ahal izango duten eta prozesu politikoak martxan jarri ahal izango dituzten, orduan hori ona da”, gaineratu du.
Ortuzarri galdetu diote garraio publikoaren hobariari %30eko ekarpena egiteari Espainiako gobernuak momentuz uko egin izanaz, orain arte behintzat Estatuak ordaintzen duen zerbait. “Guk gabiarena egingo dugu, behin eta berriz errepikatuko dugulako. Hobari hau da Espainiako gobernuak martxan jarri zuen zerbait: beharrizana beraiek sortu zuten eta orain dirua erretiratu dute. Ez du logikarik. Bihar bertan Kongresuan ekimen bat aurkeztuko dugu Montero ministro andrearen aurrean Gobernu zentralak bere aurpegia erakuts dezan, bidezkoena delako garraiorako laguntzak erakunde guztien artean ematea, bereziki laguntza sortu zuenak. Erronda nik atera baina zuk ordaindu? Ez. Bakoitzak parte bat ordainduko du. Eta espero dut eskari honi erantzutea, bidezkoena delako”, esan du. “Bilduren jarrera ez dugu ulertzen, nahiago baitu dirua Euskadiko Aurrekontuetatik ateratzea zati batean Espainiako Aurrekontuetatik ateratzea baino. Hasiera batean Bilduk gure jarrera berbera defendatzen zuen baina beste aldera joan zen egun batetik bestera. Aldarrikapen honetan bakarrik geratu gara, baina gu garen bezalakoak gara, bultzatzen eta eragiten jarraituko dugu, eta lortzea espero dut”, aurreratu du Ortuzarrek.
EBBren presidenteari galdetu diote Donostialdeko ESIaren gaurko egoeraz: Bere erantzunean, lehenengo eta behin, euskal osasun publikoaren pribatizazioaren argudioa ezeztatu du. “Beti ateratzen da ur nahasien inguruan arrantzan dabilenik, baina atzo bertan Lehendakariak argi baino argiago azaldu zuen Jaurlaritzaren jarrera zein den. Osakidetzan inbertsiorik ez dela egiten esan da, pribatizatzeko ustezko nahia dagoela, eta abar. Ezin egon errealitatetik edo egiatik urrunago. 10 urtetan pertsonako 1.500 euro gastatzetik igaro gara 2.100 euro gastatzera. 10 urtetan %50eko igoera izan da”, esan du Ortuzarrek , ondoren bigarren hausnarketa bat egiteko. “Errespetatzen ditut pertsonen eta osasun arloko kolektiboen aldarrikapenak eta eskubideak, baina beste gauza da eskubide horiek pertsona guztientzat onena izatea. Eta ezin ditut kritikatu gabe utzi gai honen inguruan sortu den arazoa aprobetxatuz gure osasun publikoa hondatuta dagoen sentsazioa plazaratu nahi duten alderdi edo sindikatuak. Ez da egia. Gure osasun publikoak Estatu osoan eta Europan erreferente izaten jarraitzen du. Eta hori errealitate objektibagarria da. Tentsioak daudela? Arazoak daudela? Pertsonak falta ditugula? Behin behinekotasuna jaitsi behar dela? Jakina. Noski baietz!. Eta atzo Lehendakariak eta Sailburuak elkarrizketa eskaini zuten. Nik uste dut gakoa hemen elkarrizketa dela. Hitz egin dezagun, beraz”, amaitu du.