Basque Trade and Investement, Spri Taldeko bulego komertzial berriak ateak ireki ditu Seulen, euskal enpresari zerbitzua emateko eta Euskadiren eta Hego Korearen arteko merkataritza-harremanak errazteko
Bulegoa Koreako hiriburuko erdigunean kokatuta dago, jarduera instituzionalez eta negozio-jardueraz inguratutako auzo batean, eta, oraingoz, zuzendari komertzial batek eta project manager batek osatutako taldea du, eta aurki bigarren bat gehituko zaio.
Eusko Jaurlaritzak herrialde honetan zabaldutako bulegoarekin jauzi kualitatiboa eman du nazioartekotze-estrategian; izan ere, merkatu europarra eta amerikarra sendotzeko beharrarekin batera, orain Asiako merkatuetan enpresa-jarduera dinamizatzearen aldeko apustua egiten da. Hori dela eta, 2021ean BTI Tokyo (Japonia) ireki zen eta 2022an BTI Seul (Hego Korea), duela hamarkada bat baino gehiagotik Txinan jardunean dagoen bulegoa kontuan hartuta.
Euskal enpresak Hego Korean duen jarduera oraindik apala da, eta, itxura guztien arabera, merkatu horren errealitateak aukera berriak sor ditzake, euskal industriak aprobetxatu behar dituenak.
Hego Korea, gutxi arakatutako eta potentzial handiko herrialdea*
Asia-Pazifikoko eskualdeak interes ekonomiko handia pizten du, Asia izango baita Euskadiko sektore estrategiko gehienetan etorkizunean hazkunde ekonomiko handiena izango duen munduko eskualdea. Halaber, munduan inbertsiorik handienak egingo ditu energia, sare elektrikoak, makina-erreminta, telekomunikazioak eta arlo soziosanitarioa sortzeko.
Eusko Jaurlaritzak kontuan hartzen du Eskualdeko Elkarte Ekonomiko Integralaren (RCEP) Itunaren Sinadura, hau da, 2.100 milioi kontsumitzaileko merkatua, gaur egun munduko BPGaren % 30 ordezkatzen duena, eta Euskadiri eragin diezaioketen nazioarteko merkataritzako korridore handietan aurreikusten den aldaketa, horietan ASEAN (Asiako Hego-ekialdeko Herrialdeen Elkartea) remuak garrantzi handiagoa hartzen baitu.
Eusko Jaurlaritzaren ustez, Euskadi eta euskal enpresak eskualde horretara begira hasi behar dira, nazioartekotzeko lehentasunezko eremu gisa, are gehiago kontuan hartzen badugu euskal enpresek eskualde batzuetan (ASEAN, Japonia, Korea) duten presentzia txikia.
Horregatik beragatik, asmo handiko apustua da nazioartekotze-prozesuan, Europako, AEBetako eta Latinoamerikako merkatu tradizionalak indartzetik eta jauzi berri bat ematetik pasatzen dena, Japoniako (2021) eta Koreako (2022) ordezkaritza komertzialaren irekieran islatu dena. Honenbestez, gaur egun, 6 dira Asiatik Euskal enpresei zerbitzua ematen dieten bulegoak: Txina, India, Singapur, Japonia, Turkia eta Hego Korea.
Korearen kasuan, eskaera sofistikatua eta egonkortasun ekonomiko eta erregulatzailea aurkeztu ditu. Era berean, euskal ekonomiarekin duen osagarritasunagatik eta negozioetarako erraztasunagatik nabarmentzen da.
Euskadi-Korea fusioa BTI Seulen luze-jartzean
Ostegun honetan, Hego Koreako euskal ordezkaritzaren agendaren azken egunean, Eusko Jaurlaritzako eta Spri Taldeko ordezkariek goizeko lan-saioa egin dute BTI Seuleko bulegoarekin batera.
K-Water enpresa eta Hego Koreako mendebaldeko kostaldean kokatutako itsas lantegietako bat bisitatu ondoren, eta Invest Corearen arduradunei eta Maekyung Media Group eta Chosun Biz tokiko komunikabideei erantzun ondoren, BTI Seulen aurkezpena egiteko ekitaldi publiko batekin amaitu da eguna. Erdialdeko hotel batean egin da, eta Hego Koreako erakundeetako eta enpresetako hirurogei ordezkarik baino gehiagok hartu dute parte bertan. Era berean, ekitaldian izan dira Asiako herrialdean merkataritza- eta/edo ekoizpen-jarduera duten euskal enpresen zuzendaritza ordezkariak.
Aipatzekoa da Euskadik merkatu horretan presentzia zuzena duten hamahiru (**) enpresa dituela, horien artean, Befesa enpresa bizkaitarra, zeinaren ekoizpen-planta bisitatu zuen Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Saileko Industria taldeak.
Ekitaldi sozioekonomikoan, Mikel Amundarain Industriako sailburuordeak Euskadiren gaitasun industrial eta teknologikoak nabarmendu ditu, eta azpimarratu du BTI Seul ordezkaritza berria euskal enpresaren zerbitzura eta bi herrialdeen arteko lotura komertzialak ezartzeko asmoz abiatzen dela.
Iturria: Irekia