Mikel Arruabarrena Azpitartek Elorrioko Alkatetzarako hautagaitza onartu du “gure udalerria biziberritzeko” erronkari heltzeko

Talde jeltzalearen egungo bozeramailea hiritargoaren aurrean aurkeztu da “apaltasunez” eta aginte makila EAJ-PNVrentzat berreskuratzeko asmoz

Mikel Arruabarrena Azpitartek Elorrioko Alkatetzarako hautagaitza onartu du “gure udalerria biziberritzeko” erronkari heltzeko 24Azaroak
2022
2022 AzaroaK 24 |
ELORRIO

PARTEKATU

Mikel Arruabarrena Azpitarte (Elorrio, 1986) izango da EAJ-PNVk Elorrion jeltzaleentzat Alkatetza berreskuratzera begira 2023ko maiatzeko hauteskundeetan aurkeztuko den hautagaia. “Erronka onartzen dut gogotsu eta ilusio handiarekin, baina baita apaltasunarekin ere, eta esker onez egiten dut, nire alderdikideek beren konfiantza nigan jarri dutelako”, eskertu du: “7 urte daramagu oposiziotik gure herrikideen alde eta haien onbeharrez lan egiten. Erantzukizun handia da Alkatetza berreskuratzen saiatzea baina, batez ere, elorriarren ilusioa berreskuratzeko, azken bi legealdiotan ikusi baitugu gure herriak behera egin duela. Gure helburua da Elorrio biziberritzea”, baieztatu du Arruabarrenak.

Era berean nabarmendu duenez “lan handia daukagu aurretik, baina begien bistatik kendu gabe gure ardura nagusiena herrikideak eurak direla. Hurrengo hilabeteotan jarraituko dugu Elorrio aurrera eramateko proposamenak eta ideiak planteatu nahi dizkigutenekin harremanetan jartzen. Ildo horretatik lan egingo dugu, gure herriko hiritargoari asmo handiko proposamena eskaintzeko, egingarria, gure udalerrira kalitatezko enplegua erakartzeko eta Udalak ematen duen zerbitzu publikoa hobetzeko”, aurreratu du hautagaiak.

“Azken legealdi bi hauetan, oposiziotik, nire bost taldekideen laguntzarekin, gure herrikideen proposamenak eta kezkak udal agendan jasotzen saiatu izan naiz, eta, oposizioan egoteak ematen dizkigun aukeren barruen udalaren aldetik konponbideak bilatzen. Horrela, lan sakona egin dugu eta irtenbide zehatzak eman dizkiegu, esate baterako Kurutziagako bidegurutzean bideen segurtasun alorrean zegoen segurtasunik ezari, etxebizitza arrazoizko prezioan eskuratzeko arazoari edo Herrigune Historikoan zuntz optikoa instalatzeari”, adierazi du Arruabarrenak.

Elorrioko EAJ-PNVren aldetik, bestalde, Arruabarrenaz esan dute “ondo prestatuta” dagoela, “eskarmentuduna da udal kudeaketan eta erakundeen arteko lana bultzatzeko gaitasuna du, Elorriok horren beharrezko duen zerbait gure etorkizunerako proiektu estrategiko eta esanguratsuak sustatzeko”, baieztatu dute.

Mikel Arruabarrena Azpitarte, 36 urteko elorriarra da. Durangaldeko barrualdekoa izan arren eta bere eskualdeko mendi eta zelaietan hazia izan den arren, Nautika eta Itsasoko Garraioa ikasi zuen Portugaleteko Goi Eskola Teknikoan. Halaber 7 urtetan lan egin du merkantzien garraioaren sektorean. Ezkonduta dago eta mutiko baten aita da: Gaur egun Arruabarrena herriko zinegotzi da 2015ean kargua bereganatu zuenetik eta azken hiru urteetan, gainera, jeltzaleen bozeramailea izan da oposiziotik. Halaber, Eusko Legebiltzarreko legebiltzarkide da eta EAJ-PNVren bozeramailea da Ekonomiaren Garapenerako batzordean.

 

 

Interesatu Zaitez